Talde 'faltsuek' sinatutako hiru disko
2019-03-13 12:45Rock eta pop munduko talde guztiak ez dira, berez, errealak.
Badagoz fikzinoko personaiak lez sortutakoak, euren arrakasteagaz pop musikearen autentikotasuna bera zalantzan ipini eta beti produktu komertzial baten aurrean gagozala gogorazoten laguntzen deuskuenak —gitxienez—. The Archies —60. hamarraldi akabuko marrazki bizidunak—, berbarako, telebistan baino ez ziran existiduten —askotariko konpositorek eta estudio-musikarik sortzen eta joten zituen euren kantak—; halanda be, hit global bat lortu eben Sugar, Sugar singleagaz. Bestalde, Spinal Tap taldea izen bereko filma errodatzeko sortu eben, propio, heavy metaleko taldeen ibilbidearen parodia bat antzezteko, eta, ondoren, pelikulearen harrera bikaina ikusita, bizitza errealean jarraitu behar izan eben, parodiaren parodia lez, diskoak grabau eta kontzertu-birak eginaz. Ez dira kasu bakarrak. Hona hamen antzeko beste hiru adibide arraro:
The Dukes of Stratosphear, Chips From The Chocolate Fireball, Virgin, 1987.
1985ean mini-LP misteriotsu bat argitaratu eban Virgin etxeak, 25 O’Clock izenburupean; egilea talde neopsikodeliko ezezagun bat zan, Estratosferako Dukeak, eta kredituatan, 60ko hamarraldiko frikada bat balitz lez, Sir John Johns —gitarrak, ahotsak—, The Red Curtain —baxua, ahotsak—, Lord Cornelius Plum —tekladuak— eta E.I.E.I. Owen —bacteria— agertzen ziran. Handik gitxira LP oso bat atera eben, Psonic Psunspot; aldi berean CD bat be bai, hizpide dogun hauxe, bi lanak biltzen zituana —CDen garaiaren hasierea zan ha—. Taldea faltsua zan, jakina, eta berehala jakin zan XTC ingelesak egozala fakearen atzean, new waveko talde ezagunenetako bat. Jolas bat, kultuzko banda baten ibilbide naroan, bai, baina a ze jolasa! Beste talde batzuk, deskantsetako, live bat edo bertsino-disko bat grabetan dabeen bitartean, XTCkoek kanta barriak osotu eta disko eta erdi fakturau eben, 1967-68 inguruko pop doinu psikodelikoak imitatuz eta pastitxe oso konbentzigarriak sortuz, Beatles, Beach Boys, Move eta abarren arrastoan. Bitxikiro, disko honek eragin handia izan eban euren ibilbidean, hurrengo diskoatan —Oranges & Lemmons izugarrian, adibidez—, pseudonimorik bage jada, ildo horri eutsi baiteutsien, neurri handi baten. Gaur, ohore guztiakaz, XTCren katalogo nagusian dago, ezin bestela izan, bilduma gozagarri hau.
Porcupine Tree, On The Sunday Of Life…, Delerium, 1991.
1989an hasi zan zirkuletan, kasetean, Tarquin’s Seaweed Farm lana, 1970ko hamarraldikotzat aurkezten zan Porcupine Tree talde ilun bezain pinkfloydarrak sinatua; izan be, kritikari batzuk orrialde promozionaleko biografia iruzurtia sinestu, eta talde zahar baten berpizkundeaz berba egin eben. Kredituatan bederatzi musikari agertzen ziran arren, instrumentu guztiak pertsona bakar batek jo zituan: Steven Wilsonek —rock sinfonikoaren fanatiko gazteak—. Garai hartan, No-Man izeneko pop talde estrafalarioa abian jarria eban Tim Bowness kantariagaz batera alkarlanean; Porcupine Tree txantxa bat besterik ez zan, etxean eukan estudioan ondua. Entzuleek, ostera, broma ha serio hartu —Radioactive Toy kanta sinple bezain eraginkorra dezente entzun zan, aro hartan—. Ondorioz, Wilsonek beste bi kasete atera behar izan zituan Porcupine Tree moduan; are gehiago, Delerium diskoetxeak, kasete hareetako alerik onenak bildu eta disko bikotx bat argitaratu eutson 1991an, On The Sunday Of Life… hau, alegia. Handik ez hainbestera, proiektura kide barriak inguratu —tartean, Japan talde ezaguneko teklista ohia: Richard Barbieri—, eta Porcupine Tree benetako taldea bihurtu zan, hamar disko argitaratuz, eta Wilson hiperaktiboaren gainontzeko proiektuak eklipsatuz —taldeak existitzeari itxi eutson arte, 2010 amaieran: orduz geroztik, bere bakarkako karrerean zentrauta dabil Wilson, zirkulua itxiz, zelan edo halan…—.
Gorillaz, Gorillaz, Parlophone, 2001.
The Archies popero eta infantiloideen ifrentzu lirakez Gorillaz: euren modura, marrazki bizidunak dira oinarrian, baina Scooby Dooren ezpaleko Archie adeitsu hareek mundu postapokaliptiko baten birsortu izan balira lez, nahasmendu bipolarrez, konspirazinoez, zombiez, deabruzko posesinoez eta abarrez beteriko uniberso ilun baten, alegia. Eta, egia esan, halan behar dau izan: The Archies eta Gorillaz-en artean hogeta hamar bat urte igaro dira, eta, tartean, (kontra)iraultza neoliberal guztia, besteak beste. Musikeak pop izaten jarraitzen dau, bai, baina pop mutantea, punkak, dubak, hip-hopak, trip-hopak eta beste hamaikatxu estilok infektauriko popa. Proiektu honen arduradun nagusiak Jamie Hewlett komikilaria eta Damon Albarn musikaria dira, nahiz eta hainbat kolaboratzaile izan dituen —beharbada, gehiegi, disko batzutan…—. Hasikera baten, Blur taldeko kantariaren kapritxo bat besterik ez zirudian, proiektu paralelo soila, baina Blur amatatzeagaz eta marrazki bizidunek lortu eben arrakasteagaz, Albarnen zelanbateko talde nagusia bihurtu da Gorillaz, hainbeste non guztira hamar disko luze argitarau ditue —ofizialen, erremixen eta B aldeen bildumen artean—, eta, ganera, zuzeneko emonaldiak egiten hasi, une batetik aurrera talde erreala bihurtuz, paradojea bailitzan…
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!