Usoak datozen logelea
2019-03-11 14:37Eduardo Rodrigálvarez Fernándezek (Bilbo, 1955), birikiatako minbizia diagnostikau eutsen egunean, ez zituan arratsalde haretarako planak aldatu.
Egun bakotxa altxor bat da: bizi garela erakusteko abagune barri bat, esaten eban. Astelehen bat zan. Tertulia eukan Radio Bilbaon, Athleticeri buruz berbetako, jakina. Berbaldira orduko, baina, Deustuko taberna baten lagunakaz batu eta, bazkaldu aurretik, ardau zuriz beteriko edalontzia eskutan hartuta kontau eutsen barri txarra aldameneko adiskideei: naturaltasun osoz, betiko lez. Erreteari ixtea eta akabura arte burruka egitea agindu eban. Horixe izan da, hain zuzen be, orain arte egin dauena.
Antza, orain dala hiru egun, bere inguruko pertsona batzuri dei egin eutsen Artxandako Santa Marina ospitalean ingresau barri ebela kontetako, amaiera ilunaren aurrekari. Artatze lagungarrien gunean atondu eutsien logelea, orain dala hamarkada batzuk Athleticek gola sartu ebala ohartarazoteko San Mamesetik bialdutako mezudun usoak heltzen ziran gelan, hain zuzen. Oinetatik burura arteko kazetaria zan Rodrigálvarez, peto-petoa: Unibersidadean kazetaritzea estudiau ostean, Bilboko Hoja del Lunes dalakoan hasi zan beharrean; ondoren, Deian Athleticen kronista ibili zan —garai haretan ezagutu neban, artean umea nintzala—; gero, barriz, El Periódico de Catalunyan. Eusko Jaurlaritzan prentsa arloko goi-kargu frankotan ibili ostean, El Paísera heldu zan, bere Athletic maiteari, Errealari, Baskoniari nahiz Alavesi buruz berba egiteko. Azken urteotan, baina, txirrindularitzara emona egoan, Espainiako Itzuliko azken hamar edizinoatan parte-hartzaile fidela izaki. Benetan gogoangarria da karrerak kontetako eukan abilezia eta bat-batekotasun perfektua.
Horrezaz gan, alabaina, poesiaren eta, oro har, literaturearen munduan be sartu zan: Poetas por su Pueblo kolektiboaren edo Zurgai aldizkariaren sortzailea izateaz aparte, Athleticeri buruzko lau liburuxka eta Cuando vengan los míos elabarri —benetan bikaina— plazaratu zituan. Ez eutson egundo itxi idazteari. Ospitaleko gelara be, bere bigarren nobelea izango zanaren apuntedun koadernotxua eroan eban besapean. Zoritxarrez, ez dau amaitzeko astirik izan.
Joan zan udan, kazetaritzearen lehen lerro nahasitik erretiroa hartu eta El Paíseko milaka irakurle zurtz itxi zituan; dana dala, bere kimu oparoaren hazia oraindino bizirik dago, bere seme Gorka —berau be, kirol-kazetaria— erredaktore beharretan dago-eta. Bizi osoa, besteak beste, futbolaren esanetan egin ebanak, San Mamesera azkenengo bisitea errugbi-partidu bat ikusteko egin eban: Leinster irlandarrek irabazi eben 2018ko Champions lehiaketea.
Dana hobeto ezin egoala emoten eban honetan, kazetaritzearen, kirolaren eta pasinoaren haundi batek agur esan deusku; eta, bapatean, horrenbeste egun eguzkitsuren ondoren, Bilbo Zaharra zirimiri eta lanbro zarratu batek bahitu dau barriro. Aste luze batzuen ostean, zerua gris dago eta uria malenkonia-teloi batek konkistau dau, Eduardoren liburuetan ageri dan Bilbo bakar horretan lez. Goian bego.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!