Kotoizko lainoak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-03-08 13:25

Akorduan daukadaz gaixorik parau eta eskolara joan ezin izaten nintzan egunak.

Zeozer berezia eukien. Sukarraz gan, ditxosozko gastroenteritisaren egonezinaz aparte, eztulen eta doministikuen deserosotasunez harago, badago zer edo zer, egun hareek pakezko tarte bat zirala gogorarazoten deustana; niretzat etxean makalik egon beharrak baeukan abegikorretik, lasaitik eta gozagarritik zeozer, azaltzen zinez gatxa. Zeozelan esatearren, kotoizko laino baten modukoa zan sensazino ha.

Bapatean, goizeko etxeko zaratak deskubriduten nebazan, arratsalde partekoakaz alderatuta, benetan desbardinak. Ez ziran jolastokiko algarak, orroak edo ume-garrasiak aditzen; kazola- edo burruntzali-hotsak ziran nagusi, platerek harrikoa egiteko eremutxuaren kontra egiten zituen talken zaratak. Era berean, ez zan nire arrebearen ahotsik entzuten, ezta nire gurasoek afaritan teleberria ikusten eukiten zituen alkarrizketak be. Amama eta biok baino ez ginan egoten etxean: bera beharrean jo eta ke ibilten zan; ni, ostera, ohean luze botata, izara artean gotortuta. Amamak laranja-ur egin barria logelara ekarten eustan eta, ostean, transistorea itxi: kantak eskatzea, etxerako trukoak erakustea edo kozinetako errezetak alkarbanatzea besterik egiten ez zan irratsaio hareek gogo biziz entzuten nebazan.

Eguerdi partean, gogoan dot amak, lanetik etxeratu barri, ohetik derrigortuta urten eragiten eustan garaia, beste pijama bat emon eta izarak aldatzeko. Ondo gomutatzen naz garbitasun-usain haregaz, beheko izarea leun-leun, ezelako tximurrik bage isten eben esku guri hareekaz. Eztitasun bereziz daukadaz gordeta neure barrenean egun hareek, mundua guztiz geratzen zala begitantzen jatan eta; bizitzeari beste leku batetik begiratzen lagaten eustielako. Baina, batez be, ondo jagonda eta maitatua sentiarazoten eustielako. Gaur egunean, badagoz momentuak betiko joandako egun hareetako bat berreskuratzea gura dodana, baina ez, ostera, ni jagotea besterik ezin egin leuken inoren lepora, hau da, niri ezer ez faltetako horrenbeste gauzari uko egin behar izan deutson inoren kontura.

Nik uste persona orok daukala zaindua izateko merezimendua; gehienbat, beste persona batzuk jagoten dituen horreek, izan be, dan-danok daukagu hurkoa jagoteko betebeharra, beste aro batzuetan hainbeste eta hainbeste emakumek egin eben moduan. Gaixotasun-garaiak kotoizko laino bihurtzen zituen emakume hareek egin eben lez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu