Soraioegiak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-03-06 11:52

Puntu eta koma puntuazino-markea desagertzear ei dago.

Tekladuan idazten dogunetik, antza, ahaztu egin dogu puntu eta komea, ez dogu kasik erabilten. Eta, haren ordez, edonon ikusi geunke galdera eta harridura-ikurren erreskadea, ez baitogu nahikoa esaldiaren akabuan bat idazteagaz, eta bi edo hiru edo lau idazten doguz geure mezu (geroz eta laburrago)atan.

Berba eginaz baino orroka komuniketako jokerea hartu dauen munduan bizi gara, eta horrek eragina dauka gure idazteko moldeatan. Burrukea hasteko prest dagozan ezpata zinez zorrotzak diruditen harridura-ikurren errenkada horreekaz batera, ganera, letra handiz eskribiduteko jokerea be haziz doa, holan gure ahotsa ozenago entzutea lortuko bageunke lez.

Berehalakotasunaren munduan bizi gara: dana esku-eskura daukagu, klik bakar baten batu dogu mundua; kanta batek, testu batek nahiz persona batek hamasei segundutan konbentziduten ez bagaitu, zapping egin eta beste batera egiten dogu salto. Eta, zelan ez, puntu eta komeak gure mezu bizkorra geldiarazoten dabela emoten dau, ez dogu pazientzia nahikorik horretarako; gauzen konplexutasuna erakusteko, geroz eta leku estuagoa eskaintzen deuskun munduan bizi gara, eta hortik dator puntuaren arrakasta biribila: esaldia eta kitto bategaz akabetea lakoa da. Sendotasunari balio absolutoa emoten deutson baina zalantzea ahulezia bailitzan agertzen daben mundua bizi gara: zalantzek munduaren misterioa ulertzen laguntzeko daukien potentzialtasuna goitik behera gitxiesten daben mundu sorgorrean.

Puntu eta komearen desagerpenari buruz orain arte leidu izan dodazan artikuluetatik, hain zuzen be, bat azpimarratuko neuke. Bertan, Filologia Erromanikoan doktorea dan Paz Battanerren esaldi bat aitatzen da: Koma arrunt eta puntu sendoaren aurrean, idatzitako diskursoa fintasun handiagoagaz ordenetako doitasun-tresna txiki bat da puntu eta komea. Anjel Andu Lertxundik be, artikulu bat eskaini eutson puntu eta komeari, puntuaren pausa luzearen eta komearen arnas laburraren arteko bi uretan ito beharrean dabilen puntuazino-marka horri.

Arpegia arimearen ispilua baldin bada, idazketea garai bakotxaren islea be bada. Zelan idazten dogun, holan bizi gara. Eta iruditzen jat ñabardurak galtzen goazela: tonua, adierazoteko aberastasuna. Eta hutsune hori beteteko erabilten ditugu harridura-ikur akabu bakoak, edo oihu egiten daben maiuskula horreek. Bien bitartean, baina, hor daukagu puntu eta komea: esperoan, esaldi baten bere funtzinoa beteteko gogoz. Baina guk, artean, kinu egiten daben emotikono bat marrazteko baino ez ditugu mobiduten gure hatzamar txarto ohitu eta ardurabakoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu