Kontakizunak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-03-04 15:35

Istorio on batek haren elementu guztien arteko armonia eskatzen dau.

Egiturea, erritmoa, argumentua, personaiak… dan-danak dira jantzi bera josteko hariak, danak dagoz helburu berberaren zerbitzura. Ondo idatzitako istorio bat bertan gertatzen dana baino askozaz gehiago da. Txikitatik ondo kontautako istorioak entzuteko edo irakurtzeko aukerea izan dabeenek euren pentsamentua hobeto egituratzeko tresna bat gehiago daukie; ganera, kontakizun on batek beregan dakarren balore eta bizitza lezinoa jasotzeko aukerea be izan dabe.

Gaurko umeek etenik bage kontsumitzen ditue euren adineko youtuberrek eginiko bideoak: baten, jostailu barri bat edegi eta zelan funtzionetan daben azaltzen deutsie; beste baten, aldiz, azazkalak nola margoztu, edo Coca-Cola bategaz esperimentua ze modutan egin… Holako bideoek, baina, ze arrasto isten deutsie buruan? Ze irakaspen, azazkalak margozten ikasteaz harago? Hutsala da arrastoa; pobre samarra, aukeran. Haurrak holakoak kontsumitzen ikusten dodazanean pentsetan dot zenbat galtzen ari diran pelikula taxuzko bat edo ipuin zein komiki ganorazko bat irakurten ez egotearren. Hau da, ondo kontautako istorio baten ez barneratzeagaitik.

Batzuk dinoe bideo honeetan sexurik nahiz indarkeriarik ikusten ez daben bitartean ez dagoala kezkatzeko moduko arazorik, eta bardin dala holako bideoak ala umeentzako pelikula bat ikusten egotea. Baina buruan geratzen jaen arrastoa ez da bera. Ez da berdin, berbarako, ordu eta erdiz emozino konkretu batzuk sortu eragiteko egituratua eta landua dagoan pelikula bat ikustea, edo bost-zazpi minututako bideoak bata bestearen atzetik ikusten egotea. Euren artean zerikusirik ez daukien bideoak dira, bat ikusten egon bitartean, hurrengoa ikusteko ansiedadea sortzen dabeenak —eta kontsumitzen ikasteko primerako eskolak diranak, bidenabar—.

Entretenimentua jentea tontotzeko makina bihurtzen ari gara; entretenimentuak, jakina, ez dauka zertan gure burmuina desaktibau. Izan be, burua aktibetako gailu benetan aprososa izan daiteke: beste mundu batzuk imajinetera eroan gaitzake, geure mundua hobeto ezagutzera, beste bizitza batzutan barruratzera. Istorio on bat entzutea, irakurtzea, ikustea, besteak beste, armonia dosi bat da. Armonia munduagaz eta bizitzearen beraren errelatoakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu