Edonoren ogibideak
2019-03-01 20:41Hiruzpalau urtez ikusi barik egon ostean, unibersidade-garaiko lagun bategaz alkartu nintzan oraintsu, bazkaltzeko.
Berak kazetaritzea estudiau eban eta, egia esan, lantokian beste afera batzutan ibilten dan arren, inoz toketan jako komunikazino beharren bat edo beste. Berbetan hasi ginanean ulertu neban bazkaritarako gonbitea, baten bati gonbitau behar eutson-eta lanean jazotakoa.
Badagoz ogibide batzuk jente guztiak ulertzen dituanak; bardin deutso zuk fakultadean lau nahiz bost urte pasau izana, egunean sei ordu luzez, gehi esamina-sasoiko ikasaldietako ordu-ilara piloakaz. Ze, jakina, zure pareko injineruak gogorarazoko deutsu holan ez dala Facebookera argazkirik igon behar; kimikari batek esango deutsu telebistako audientziaren neurketea zelan egiten dan, aldizkari baten leidu dauelako; zure entrenatzaileak argituko deutsu gurasoei hozkailuko post-it koloredunean oharra idazteko bost ardura dabela zelan eskribidu… total?
Horixe jazo jakon nire lagun kazetariari: antza danez, lankideek bideo txikitxu bat egin behar eben, ostean sare sozialatara zabaltzeko. Euren artean eztabaidean ei ebiltzan, berak ondorengoa esan ebanean: Gura dozue nik egitea? Besteek, barriz, ezetz, lasai egoteko, egingo ebela eurek, ze erretratu bat errez egin leitekeela eta sare sozialak, noski, askotan erabili dituela.
Holakoatan medikuarenera joateko gogoa emoten dau, eta hari zera esateko, ez, ez, nik ez daukat pneumoniarik, oker zabizelakoan nago; nire ondoeza belaun apurtu bat da. Eta, jarraian, adituak erantzun: Ez, arnasa hartzerakoan dozu arazoa, belaunean barik. Baina nik, ostera, baietz, belauna dala begiratu behar dana, jenteak horra begiratu ohi dabela eta maiz ikusi dodazala apurturiko belaunak.
Ba, aizue, neroni, sikiera, zeharo aspergarria begitantzen jat hori guztia. Kantsagarria da sare sozialei buruz eztabaidatu beharra, titular negargarriak zuzendu eta ez zan hainbesterako entzun behar izatea, hizkuntza-akatsak behin eta barriro eztabaidatu beharra edo bardin deutso etenbarik aditzea. Eta, zelan ez, holan sentiduten garenok sentimen hori lau haizetara askotan —gehiegitan— partekatu dogunez, jakin badakit irakasleak eurak be nekatzen dirala, arte edarretako jentea be bai, baita soziologoak be, filologoak zein musikariak. Ez dogu iezelako enpatiarik eskatzen, errespetua baino. Pentsaizue guk horretaz ugari pentsau dogula. Pentsetan dogula.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!