Bizipoza

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-02-27 15:21

Autobusera igon eta jentearen arpegiek errutinearen eta bete bako amesen begirakunea bueltetan deustie.

Leihotik begitu eta aldameneko autoan doan gidaria adi dago. Kotxe barruan sortutako ke nahiz umore txarreko hodei horretan, zigarroa baino, gizona bera doa konsumiduten. Hurrengo geltokian, aldiz, emakumezko bat, begiradea galduta, azazkalei haginka dago; ala bere kezkei ete dabil horzkadaka? Atari batetik, ostera, bikote gazte bat atara da, alkarri garrasika, euren alabatxuaren begiradapean. Albotik, barriz, ume-aulkitxu bati bultzaka doan emakume bat igaro da, estutasun itxureagaz, eskutik helduta daroan beste semea negar algaraka dagoan artean. Neska bat be ikusi dot —nerabe ulehori bat— oinezkoentzako igarobidetik pasetan, negarrez, zotinka, eskuko telefonotik berba egiten dauen bitartean.

Ingurura begiratzen dot eta, parkatu, baina sufrimendu franko ikusten dot. Bizitzearen uriolek  arrakalatutako arpegi higatuak ikusten dodaz, kezkek zaildutako bekokiak, lanak ligorturiko esku zein begiradak, eguneroko burruka astunaren matraila estutuak. Eta errealidade horrek talka egiten dau autobus-geltokietako markesinetan iragarten diran bizitzakaz, eta aldizkarietan edo telebistan ikusten dodazan zoriontasun, gozamen eta perfekzino-ereduakaz. Zelan da posible pitzadurea hain sakona izatea, talkea hain handia izatea? Zelan heldu gara saltzen deuskuen bizipoz faltsu hori bortxaz baina bolondreski sinistera eta errudun sentidutera gure bizitzak ez diralako halakoak, gure gorputzek ez dabelako erakusten deuskuen horreekaz zerikusirik, ez garelako bizi etenbako irribarre baten? Iruzur hutsala da bizipoz hori: faltsukeria post-modernoa. Ez dauka inongo zerikusirik benetako bizipozagaz.

Benetako bizitzan, sufrimendua ugari; baina, halanda be, autobusetik bajatu eta aurreko zuhaitzari udabarria iragarten daben lora zuri txiker horreek atara jakozala igarri deutsat. Eta orduan pentsau dot baietz, existiduten dala benetako bizipoz bat, lora horreetan atzeman geinkena, edo musikean, artean, estutzen daben baina itoten ez daben besarkada baten, alkartasun-keinu leial baten, mosu zintzo baten, ondo eginiko lanak eragindako pozean, eguzkipean berotzen dan gure azal baltzaranaren usainean… Eta, jakina, bizipoz hori ez da sartzen publizidade-markesina baten; eta, bai, aurrera egiteak merezidu dauela erakusten deusku.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu