Ameslarien dotrinea

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-02-25 15:22

Lo egin. Ez emon aholku nahiz gomendiorik. Jagon zure haginak zein uiak.

Ez izan bildur edo ardurarik zure kontrolpean ez dagoanaz. Abegitsua izan, horrek zoriontsu egingo baitzaitu. Dana bizitasunez desiratu, eta ez itxaron ezer inogandik nahiz ezegandik be. Lehenengo eta behin, jagon zure ingurunetik hur dagozan gauzak: ordenau zure logelea, mundua salbau baino lehen; eta, gero, ahal baldin badozu, mundua salbau. Begiratu arbolen hostoei. Itxi autoei oinezkoen pasabidea saltetan.

Izan zaitez eszeptiko eretxi, uste eta kriterio guztiagaz, baina topau balioren bat guztietan. Ez egin berba arinegi: ganoraz ahoskatu. Ikasi zeozer egunero. Izan atsegina besteakaz, eurek txarto portetako aukerea izan orduko. Ez hasarratu aste betez, baina ez ahaztu inoz zerk sumindu zintuan. Izan eizu zure amorrua eskura, eta begiratu egiozu azti baten kristalezko bolea bailitzan. Ondoren, zure kristalezko bolen bildumara gehitu. Bizi animalia bat lez. Horretarako, erreparau kalekatu baltz gautarrei: inor konturatu barik bizi, baina igarri daiela zeure hutsunea, faltauko zarenean. Ez zaitez luzaroan egon jente-talde handiakaz; laguntzea behar baldin badozu, eskatu, baina ez espero beti jasoko dozunik. Zure alde zeozer egiten dabenari erakutsi egiozu zure estimua. Zurezko objektuak erabili, plastikozkoak edo metalezkoak barik. Begiratu zuhaitzetako adaxketan pausatzen diran basatxoriei. Hareekaz batera lasaitu. Espirituala danaz hausnartu —ilusino antzuetan jausi bage— eta, ostean, nahi badozu, joan zaitez antzutasunaz harago. Esan ezetz gehiegizko autokritikeari: norbere bizkarrari azote gehiegi emotea ez da egokiena. Esan ezetz gehiegizko autokonplazientziari: pretensinoak, handiusteak eta burgoikeriak deabruaren zantzuak ei dira.

Garbitu zure leihoak; erabili marka zuridun produkturen bat. Erein zer edo zer, bost ardura zer: urazak, tomateak, llollobelarra, marihuanea… Plazer txikerrez gozatu, arpegian lelo irri bat marraztua dozula: mamurtzekoaz, zure lepoan behera doan ur epelaz, ipar-haize freskoaz, kresal finaz, loak emeki-emeki hartzeaz. Atzamarra erreten badozu, ur hotzetan sartu, berehala; mailuagaz kolpatzen badozu, aldiz, altxau egizu. Zeharo harrituko zara hotzaren edo grabedadearen potere sendagarriaz. Krisialdi baten, lasaitu zaitez: egoerea zenbat eta kritikoagoa izan, orduan eta lasaiago egon. Aldian-aldian, egin negar, baina bakarrik zagozanean. Gogoratu edertasuna existitzen dala, eta egia, barriz, ez.

Ez —gehiegi— zoratu, denpora galtzea da-eta. Lerdokeriarik perfektuena. Irakurri eta berrirakurri klasikotzat jo diran liburu potolo(egi) horreek. Egunkaria, ordea,  urtean behin baino ez eizu leidu. Izan zaitez ahal bezain atseginen kanpotarrakaz, atera ingeles herdoildu hori plazara. Itzal-antzerkia ikusten joan eta pertsonaia horreetako bat zeu zarela imajinau. Bizitzea bere ñabardura danakaz azken ertzeraino maitatu: zure galarrenetako abestiakaz, zure depresinoetako pilulakaz, zure suteetako orgasmoakaz, zure egonezinaren ezinegonagaz, zure koadernotxuko apunte guztiakaz, zure barealdietako landa edo itsasertzakaz, zure amorruaren asaldurakaz, lorik bako gauakaz, leiho hegaleko euri-hotsagaz. Eta horreen guztien —hau da, bizitzearen beraren— esentziaz jaubetu, ahal badozu. Ez legoke bape txarto lantzean behin horreek guztiak gomutau eragingo deutsuzan idazleren baten poemak irakurtea. Benetan nor zaren gogoratzeko, gehienbat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu