Ezer ez jakitea

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-02-21 12:16

Eta zelan dozu gurago botikea hartzea, uretan nahastauta ala pilula baten?

Emakumeak ez daki zer erantzun medikuak egin deuson itaunari: Ez dakit, zuok jakingo dozue, nik ez dakit ezer. Beragaz batera ospitalean gaua egin daben alabeari begiratu deutso, laguntza eske, baina alabeak medikuaren galderea errepetidu baino ez dau egin: Ama, ia uretan nahastetakoa ala pastillea nahiago dozun. Emakumeak zalantza-itsasoan jarraitzen dau: Zuek jakingo dozue zer dan hoba, nik ez dot ulertzen.

Alboko ohetik nago alkarrizketea entzuten, eta esaldi bi geratu jataz barrenean iltzatuta: Nik ez dakit ezer eta nik ez dut ulertzen. Emakumearen erantzuna arrazoi bi nagusitan oinarritzen dala bururatu jat: batetik, ez dago ohituta zer gura daben galdereari erantzuten. Zer nahiago daben itauna ez deutsie maiz egin; bera izan da —bere belaunaldiko emakume gehientsuenak lez— besteei galdetu behar izan deutsiena beti zer nahi dabeen, zer daben gurago eta euren gurariak beteten sutsu saiatu dana. Bestetik, ostera, emakumeari zinez gitxitan esan deutsie asko dakiala, lar gitxitan autortu deutsiez bere ahalmenak, abilezia, daukan jakintza sakona; are gehiago, seguru asko, frankotan gorde behar izan dau bere eretxia, honetaz edo haretaz deus ez dakiala arpegiratu deutselako behin baino gehiagotan.

Emakumeak, alabaina, asko daki —uste baino dezente gehiago— eta trebea da hamaikatxu behar zeharo garrantzizkoak zein gizartearentzako funtsezkoak egiten: mediku baten antzera jagon zein osatu ditu inguruko dan-danak, etxea kudeatu dau gestoria karuenaren pareko profesionaltasunaz, ekonomista baten antzera eroan ditu etxeko kontu malkartsuak —garai on eta ez hain onatan—, psikiatra lanak be egin izan ditu —maitasunez entzun, bolondres lagundu, jakintsu aholku egin, azken ertzeraino maitatu—, gelak berregiturau ditu diseinatzaile onenaren neurrian, erropak konpondu jostun baten modura… Zerrendea benetan akabu bakoa da. Eta, halanda be, emakumeak ez daki ezer. Eta hor dago, medikuari aditasunaren nahiz larritasunaren arteko sentimenez ganezka egiteko puntuan begira-begira, begiradan esaldi bi dituala: Zuek dakizue. Zuen esanetara nago.

Bada behingoz justizia egiteko tenorea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu