Pantailea, atzoko klariona

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-02-19 13:36

Beharbada, baten batek gogoratuko dau Mentes Peligrosas pelikulea.

Lou Anne (Michelle Pfeifferrek gorpuztuta), marine erretiradu bat, Kaliforniako bigarren hezkuntzako eskola baten irakasle hasten da. Klase gatx samarra subertetan jako, lehenengo egunetik bere beharra dezente nekeza bihurtzen deutsien nerabez josia. Baina, korapiloaren muinean, arazo personalak zein sozialak dituen gazteak baino ez dira bere ikasleak. Lan zaila irakaslearentzat, hori bai. Dana dala, filmean zehar zera ikusi daiteke, Lou Annek zelan lortzen dauen bere ikasleak klasera motibauta zein pozarren joatea, guztien parte-hartze aktiboa, kritikoa eta borondatezkoa sustatuaz. Bide horrek, ganera, hareetako askori euren barreneko potentzial dana oraindino zukutzeko daukiela ikusi eragiten deutsie.

Akaso, pelikula zertxubait hiperbolikoa izango da irakaslearen elementua erakusteari jagokonez, ikasleen bizitzea goitik behera transformetan dau eta. Baina, halandabe, hezkuntzean egiten diran diru-sarrerak horren murritzak diran arootan, kontuan izateko lako adibidea dalakoan nago; batez be, geroz eta aurrerabide teknologiko gehiago sumatzen diralako gure eskoletan eta hobea adjektiboak teknologikoagoa deritxola emoten dabelako. Izan be, laguntzino digitala eskoletan sartzearen auzia edo liburuak digitalizetearena edo arbelak panel digital interaktibo bihurtzearena puri-purian sartu jakuz geurean.

Ebidentzia enpirikoak dinoskunaren arabera, hezkuntzan diru gehiago inbertiduteak ez dau inondik inora hezkuntza hobea ziurtatzen: gakoa zertan zein zelan inbertitzen dan datza. Hezkuntzarako ekonomiaren mundu-mailako aditu esanguratsuenetakoa dan Eric Hanusheken aburuz, eskoletan ez dago neurtu daitekeen esparru garrantzizkoagorik eta ikasleen edukazino-maila hobea edo kamutsagoa dan zehaztu leikenik, irakasleena baino. Beste berba batez: irakasleak hil ala biziko mugarriak dira kontu honetan. 2011. urtean, Hamushekek Valuing teachers: How Much is a Good Teacher Worth? lana publikau eban (Irakasleak ebaluetan: zenbat balio dau irakasle on batek?); liburu horretan, hain zuzen be, xehe-xehe landuriko azterketa bat egin eta ondorengo ondoriora heldu zan: iraskale normalak dituenakaz alderatuta, irakasle benetan onak dituen ikasleek % 50 gehiago ikasten dabe. Beste ertzean, ostera, irakasle makurrak izateko desgrazia nozitu behar izaten dabenek ikasitakoa % 50eko muturreraino txikitu leiteke. Ondorio horretan ez dau inongo eraginik izan, barriz, eskolen tamainuak, ikasle bakotxagan eginiko gastuak, tableten zein ordenadoreen erabilereak (azken bi horreen kasuan, ganera, inongo feedback edo zubi-lan osogarri barik, ez daukiela laguntzarako tarte handiegirik zehaztu dau ikerketeak).

Eric Hanushek jakitunaren eretxiz, irakasleen kalidadea goi-mailakoa baldin bada, laguntzinoa osogarri horreek danak baliozkoak izango dira (baina ez derrigorrezkoak) eta eskoleari lagun egingo deutsie; hori bai, irakaslea ez bada hain abila, bere beharra ordezkatzeko funtzinoa hartuko dabe gailu zein makinok eta, jakina, horrek ez deutsie ikasleei inongo onurarik edo mesederik egingo.

Hori dana kontuan izanda, bada azpimarratzeko zer edo zer: irakasleak hil ala bizikoak doguz. Berbarako, irakasle trakets asko bata bestearen ostean kateatzeko suberte eskasa izan daben ikasleak, seguru asko, ez dau izango bere ikasketa-prozesuaren akabuan behar dan besteko jakintzarik, mailarik zein irakaspenik. Hau aintzat izanda, arretea deitu deust OCDEk oraintsu eginiko txosten baten hau dana ez dala errespetetan irakurteak: Frantzia, Herbehereak eta halako herrialdeatan, geruza sozial bajuenak dituen eremu edo inguruetan iraskasleen mailea bajuena ei da; bestela esanda, aurrera egiteko hezkuntzea funtsezkoena izan leitekeen zonaldeetan ei dagoz irakaslerik kaskarrenak. Eskolarik onenak, barriz, uri handietan dagoz kokatuak (zelan ez). Aitaturiko informe horretatik gehien arduratu nauena, aldiz, eremuotan eskolak murriztearen eta teknologia gehiago txertatzearen aldeko hautua egiten dabizela izan da.

Arazoaren zuztarra, kasu askotan, teknologia honi guztiari emoten jakon merkantilizazinoa edo komertzializazino masiboa da, nik uste. Alegia, hezkuntza-sistemarako ibilten diran erreminta askok eta askok diskurso komertziala daukie eurakan. Antza, danek konponduko dabe edukazinoaren mundua; bistakoa danez, guztiek bihurtzen dabe hezkuntza-prozesua eraginkorrago zein emonkorrago. Dan-danak ei dira ikaslearen autonomiaren eta sormenaren bultzatzaile fidelak eta, prefosta, guztiek dakarre ikaslearen motibazinoa, berari jagokon munduan ikasiko dabelako, hau da, hezia izan dan mundu digitalean.

Agian, horixe izango da benetako frakasoa: ikastea beste zeozer dala; ikasteak gitxi daukala beti ondo pasetan egotetik edo neure lagunak doazen lekura joatetik. 1970. urteaz geroztik, bikoxtu egin dogu hezkuntzean eginiko diru-sarrerea, baina emoitza akademikoek ez dabe zirkinik be egin gorantza.

Melbourneko Hezkuntzarako Ikerketen Institutuko zuzendari John Hattiek eginiko beste ikerkuntza batek be ildo horretako emariak ekarri ditu argitara: irakasle egokiak eta ganorazko freedbacka dira estudianteari bere garapen personalean zein akademikoan gehien lagunduko deutsienak. Eskolen tamainuak edo baliabide digitalen nahiz teknologikoen oparotasunak ez dau aldetik marketan bere azterketean.

Gogoratzen dozue Mentes Peligrosas filmeko eskolako irakaslea? Ahaztu egin dozue Lou Anne? Ba, beharbada, bere irudia orain ez da hain hiperbolikoa...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu