Barridazketak
2019-02-15 15:54Ez dakit zer dala-eta, baina sormen literarioaren ganean irakurritako liburuek bere idazle-lana oztopatu egiten dabela konturatu da.
Eskribiduten hasi eta berehala burura jatorkoz irakurritako hamaikatxu teoria: pertsonaiaren desioarena, antagonistearen beharrizanarena, zailtasun progresiboena, klimaxa lortzearena… eta, tupustean, ezintasun-sentipena jatorko, teoria horreek danak sormenaren bidezidorrean jarritako barrikadak bihurtzen jakoz. Nostalgiaz gogoratu dau izkiriatzean bere buruari hegaz egiten ixten eutson garaia. Orduan ez zituan ideak baztertzen jaio eta atoan, orain egiten daben lez; arnasa hartzen ixten eutsen idea hareei guztieri, jaio orduko zoroak zirala pentsau barik, edo errezegiak, edo ezinezkoak. Orduan hutsunean salto egiten eban, ezelako bildurrik edo aurreretxirik bage, teorien zamarik sentidu barik.
Sarritan, sarriegi, entzun izan dau sormenerako zeharo hil ala bizikoa dala geure burmuineko hemisferio bien arteko konbinazinoa: eskumakoa sormenarena, intuizinoarena eta artearen pertzepzinoarena ei da; ezkerrekoa, ostera, informazinoaren analisi arrazional, lineal zein logikoarena. Eta, jakina, egiten dau intuizinoa nahiz arrazoia nahastetako saiakerea, hots, sormena eta arauen zurruna. Baina, biak batera apliketako tenorean, guztiz blokeauta sentiduten dau bere burua, ez dau aurrera egiteko balizko aukerarik atzemoten.
Beharbada, egunen baten kargutuko da arrazoia eta intuizinoa edo araua eta irudimena, batzuk zein besteak, ganoraz buztartu ahal izateko ordena behar dala. Idatzi bitartean, idazleak ezin dau gehiegi analizau idazten dauena, izan be, idazleak badauka hutsunean salto egitetik zer edo zer: ideak bildur barik bota behar dira, baliokoak diran ala ez gehiegi pentsau bage, euren kalidadea norainokoa ete dan itaundu barik. Hara hor lehenengo urratsa: intuizinoarena. Horren ostean, orduan bai, zuzenketa formala, arrazoizkoa eta guztiz (auto)kritikoa dator. Hortxe aplikau leitekez, hain zuzen be, idazleak barruratutako teoria, arau zein erregela danak. Eta, azken baten, lanaldi horretan botaten dau idazle batek izerdi gehien. Idaztea, neurri handi baten, horixe dalako: berridaztea, berridaztea eta berridaztea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!