Azalaz azpitik azaleratzea

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-02-13 13:21
Iragan asteko iluntze baten, telebistako iragarki batek tupustean esnatu ninduan lozorrotik.

Euskal jendartean zeharo ezagunak doguzan arpegiak nituan aurrez-aurre, eta zu nor zara? itaunari harro erantzunaz. Ez ninduan erakarri esaten ari ziranak. Egia esan, tarte hark ez eukan barritik edo berezitik ezer: Ni Edurne Pasaban naz, emakumea, hamalau zortzi milakoak konkistau dituan lehendabiziko andrazkoa; ni Karlos Argiñano naz eta berrogeita hamar urte dira Zarautzen sukaldari lanetan nabilela; ni Miguel Indurain naz eta ziklista profesionala izan nintzan, Frantziako Tourra bostetan irabazi neban eta Italiako Giroan birritan gailendu nintzan.

Aski soberan dakigu zuon ogibideaz. Gogoan daukat oraindino prentsako titular deigarri ha: Quinturain. Baita Juanito Oiarzabalek Pasabaneri eskainitako ironiaz ureztaturiko lorak be: herriko printzesea. Eta, jakina, nork ez dau ezagutzen rico, rico leloaren asmatzailea? Baina, oraingo honetan, ez deutsue galdetu zertan ibilten zarien, nor zarien baino. Izan be, zinez interesgarria da iragarkiaren ekarpena: Sarritan, nor garen galdetzen deuskuenean, zertan aritzen garen erantzuten dogu… nor garen ez dakigulako.

Baina nor garen ez dakigulako izango ete da? Ala benetan nor garen jakin gura ez dogulako? Gatxa subertetan jaku azalaren azpiko geruzetara iristea; hori dala-eta, nahiago dogu ebidentzieri buruz berba egin. Igongailuan goazenean, eguraldiari buruz jarduten dogu bizilagunagaz; hurkoari zelan dagoan itauntzen deutsagunean, oso ondo edo betiko martxan erantzutea espero dogu, bestelako edozein erantzunek urduritasuna sorrarazoten deuskulako barrenean; kalean topau dogun adiskideari kafea hartzeko laster geratuko garela zin egiten deutsagu, horretarako abagunerik aurkituko ez dogula jakinda. Eta, noski, ez gara kale kantoian limosna eskean ikusi barri dogun gizarajoari begietara so egitera ausartu be egiten, erosoegi bizi garela gogorarazoten baiteusku bere atsekabeak.

Askozaz be errezagoa da busti barik bizitea, ur handitan itotzeko arriskua dagoanean. Baina zer da bizitzea norbera izateko nahiz ezagutzeko aukerarik ezean? Guk geuk eraigitako harresien atzetik begiratu gura deutsagu egunen, orduen, minutuen zein segunduen joan-etorriari.

Benetan harrigarria begitandu jatan iragarki berberean agertzen ziran umeek ez eukiela inongo bildurrik, aurreretxirik edo azal-juzgurik nor ziran esateko eta, halaber, guztiz argi eukiela segundu orori zukua ataratea dala bizirik sentidu eragiten gaituana: basatzan zikindu, potxingoatan jantzan egin, euripean korrika egin, sutondoan amestu, belardietan etzan, basoatan umeldu, besoatan uzkurtu eta, azken baten, bizitzearen bihurgune, ñabardura, ertz eta ufada bakotxaz azken liparra bailitzan gozau. Bestela esanda, azalaz harago dagoanari azalera urteteko aukerea emotea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu