Zertaz idatzi, zer idatzi ez dakizunean?
2019-02-11 17:18Lehengoan, egunkariatan idatzi ei eban zutabegile batek —berak badaki nor dan— kontau eustan zelan kudeatzen eban bere etorri literarioa, etorririk bako egunetan.
Beti begitandu izan jat tipo zuzena dala, gizaseme zintzoa. Egirik potoloena lausotasunik bage botaten deutsuen horreetakoa. Ausarta bezain apala. Oraindik kea isurtzen egoan kafe beroari lehenengo zurrutadea egin barik, personaia harek autortu eustazanakaz sano identifikatuta sentidu nintzan, izan be, idazten dabenak ondo daki egun bakotxa ezbardina dala eta, jakina, eskribiduteko beharrezkoa dan etorria edo idea-uriolea, sarritan, ez dala errekasto siku bat baino.
Badira sikate horreek goitik behera harrapetan zaituan asteak. Egun siku eta idorrak. Gau luze eta lorik bakoak. Goizero, ahaleginari hiruzpalau ordu eskaini eta ordenagailuaren pantaila aurrean zer izkiriatu jakin barik jesartea. Beste berba batez: orri zuriaren sindromea. Idaztea ogibide —edo are txarrago, pasino— daukan edonoren amesgaiztoa. Lehen hamar minututan betiko protokolo neurtua abiatzen da: apunteak errepasau, azken barriak ikusi, leihotik euria zelan jausten dan begiratu, segapotoa esku artean hartu eta, azkenik, hamaikatxu birao zein madarikazino airera bota. Esan leitekezan astokeria danak ezerezera jaurti ostean, zera jatorst burura, nire barruko idea danak kaka zaharraren parekoak dirala. Ondoren, gaurtik ez dala pasauko egiten deutsat zin neure buruari; jarraian, nire ganeko ugazabeari testugintzearen istorio astun hau behingoz itxi egingo dodala esango deutsadala promesten deutsat. Barru-barruan, noski, ondo dakit hori guzur idiliko bat baino ez dala. Bestela esanda, badakit autoezarritako via crucis partikular hau dala bizirik sentidu eragiten deustan gauza bakarrenetarikoa. Eta holan asterik aste.
Onartu beharko neuke, ganera, momentu honexetan bertan blokeo-mueta hori igarten nagoala. Era honetako kasuetan, bizirauteko programa bat ipinten dot abian; lehenengo, larrialdi-dei danak nire barruan sonetan hasten dira: ez dakizu ez zelan zagozan, ez zeri buruz idatziko dozun. Gero, osteratxu bat emoten dozu etxean barrena. Fueta jaten dozu, hurrena. Ostean, Twitterra begiratu. Horren ondoren, korridorean edo saloian topetan dozun edozeineri ahausi egin. Fuet gehiago iruntsi. Oraingo honetan, baina, haginkada hutsean. Tripakadeagaz batera etorten dira nire egunak zubi baten azpian emongo dodazala dinostien ahotsak… Baina, suberte apurtxu bategaz, egunak arin egiten dau aurrera eta, behar baino luzeagoa egiten dan gau baten biharamunean, ataskoa librau egiten da.
Gaur, ostera, beste bide bati ekitea erabagi dot. Eguna nire existentzia deitoratzen eta kalidade bajuko hestekiak irunsten emon ordez, probetxuzkoagoa dan zozer jarri dot praktikan: idazlearen blokeoa lez ezagutzen danari buruzkoa informazinoa bilatzea —Google ahalguztiduna tarteko—. Lehen esan dodanari tiraka eta paradoxea bailitzan, gatx hori paper zuriaren sindromea modura be ezagutzen ei da eta, zelan ez, gaurdaino milaka orrialde beteteko balio izango eban, seguru asko. Kontraesan makala. Milaka adituk —euren artean psikiatra frankok— aztertu dabe makalezia hau, baina inork ez dau erantzun edo ondorio zehatzik eskuratu. Mihin askok, berebat, zera dinoe, zeozelako gaixotasun hau letrasaduen edo juntaletren gremio obsesiboaren eta egozentrikoaren parte dala. Akaso iturginen batek noz edo noz izan ete dau tuberia barriaren sindromerik? Ez dot uste…
Idazlearen blokeoaz berba egiten dauen lehendabiziko norbanakoa Edmund Bugler psikoanalistea izan ei zan, 1947an. Antza danez, urteak emon zituan sorkuntza-arazoak eukezan autoreak sakon aztertzen, baina ez jakon erraza subertau ondorioztatze sendo eta sinisgarri batera ailegetea. Izan be, aztertutako idazle guzti-guztiei ez jaken talenturik falta; era berean, ez egozan inondik inora aspertuta eta ez ziran alperrontziak. Beraz, freudiano zintzoa zan heinean, subkontzienteari egotzi eutson arazoaren pisu guztia… eta azterketa-materiaz aldatu eban.
Eta neure gorputza —barriro be— fuetari entregetako puntuan nagoala, Paul J. Silvia psikologoaren testu bategaz egin dot topo; How to write a lot izeneko bere liburuan dinoanaren arabera, afera honetatik guztitik gauzarik inportanteena ez da ezelan be blokeoa daukagun ala ez daukagun zalantzan egotea, arpegia zein modutan erakusten deutsagun baino. Gertatzen dan zeozer lez deskribidu barik —ez nago idazten—, atxaki gisan ibilten dogu —blokeo bat daukat eta ezin dot idatzi—, gure jardueraruik eza justifiketako.
Azken baten, zenbat gura arrazoi dago idaztea kostetako: prokrastinazinoa, gehiegizko autoexijentzia, gainontzekoek zutaz pentsauko dabeenak sorrarazotako bildurra… baina, hori bai, Paul J. Silviak dinoanaren harira, egin leitekeen gauzarik desegokiena norbere buruari idazlearen blokeoa autodiagnostiketea ei da. Haren berbetan, zeozeri izena ipinteak poterea emoten deutso. Holantxe egiten dau aurrera: jenteak gauzak gehiegi pentsetan ditu eta, ondorioz, urtekerarik bako kale kantoian sartzen dira. Hara hor idazlearen blokeoa erakusteko metafora egokiena.
Gomendioei jagokenez, aldiz, nahiko ohikoak dira: paseotxu bat egitea, inspiragarria jatzun nonor irakurtea, zeure buruaganako espektatibak apaltzea… eta, batez be, sindromerik ez daukazula asumitzea, egoera jakin bat baino. Gogoan izan behar ei dozu, ganera, egoera horren korapiloa eskribitzen hasten zaren unean desegingo dala, testu horrek hasieran erdipurdikoa emon arren.
Horixe izan da, hain zuzen be, orain dala ordu bi neure buruari proponidu deutsadana, eta ez sufrimendu barik. Orain, barriz, zutabe itxurako zeozer daukat pantailearen zuritasun desafiatzaileari gailentzen. Ez dago esan beharrik zinez argi daukadala inork ez deustala honengaitik saririk emongo, baina dalako sindrome honi aurre egiteko lehenengo urratsa emon dot daborduko, hau da, inperfekzinoa dramatismo barik onartzea. Eta, are garrantzitsuagoa dana: atzo erositako fueta oraindino hasi bage dago hozkailuan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!