Subertedunak
2019-02-06 23:31Suberte berezia daukadalakoan nago: nire ogibiderako, oro har, ordenagailu bat, berau bermatzeko oinarri bat eta lepoa zuzen izateko jesarleku bat baino ez dot behar, teklak astintzen dodazan artean.
Tira, lantzean behin, kantu onen batek apurtu ahal izango daben isiltasuna be behar dot; hori eta eguratseko zein iluntzeko eguzkiak hobetu ahal izango daben argia —baina azken hori lortzea kontu gatxagoa izaten da—. Ordutegiei jagokenez, nire ordutegiak neureak —eta neure buruko azeleragailuaren araberakoak— dira: lanerako ordua goizeko seiak, gaueko hamabiak, bazkalostea, ezorduak edo goizeko hamaikak izan leitekez. Sormena eta ansiedadea, ordena horrexetan, dira agintzen dabenak.
Aginduak, ahal dodan neurrian, nire moldeen arabera beteten dodaz; ezin dot ez esan, ezin deutsat beharrerako baliogarria izan daitekeen edozeren bila ibilteari itxi, ez daukat lanaz kanpoko oporraldirik eta, jakina, nire logelako mahaiaren neurriak oporretan joateko maletearenak baino dezente hobeto dakidaz. Ez dago esan beharrik, deskonekzinoa, neure kasuan, ez dala egundo existiduko. Dana dala, bere burua idazletzat daukanaren bizimoldeko joan-etorrien barruan bada funtsezko abantaila bat, orain arte aitaturiko eragozpen orori jainjarten jakona: Gabonak —honeek pasau eta bi ia bi hilebetera oraindino gogoan daukadazanak— etxean emoteko paradea eskeintzen dau.
Nire inguruko esparrurik intimoenetan, gai horren harira, danatarikoak dagoz: badagoz Gabon-sasoian eskoletatik oporrak hartzen dituen —baina ordainetan etxeko lan piloa agintzen deutsien— ikasleak; badagoz atzerrian ikasi baina Gabonak etxekoakaz ospatze aldera upealako madrugoiak iruntsi behar izaten dituenak; badagoz lau egun solte baino libretan ez dituen funtzionarioak; badagoz guardia edo zaintzak inportantzia gitxien daukien egunetan jarteko ekilibristak lez balantzan ibilten diranak, urtero-urtero baten bat sakrifikau behar izan arren; badagoz honezkero hamaikatxu Gabon-jai erretiroa hartuta ospatu dituenak; badagoz halabeharrez bulegora hanka egin behar izaten dabenak edo urdailak eztanda egin arte jan beharra daukienak; badagoz egiteko ezer gitxi daukienak edo Gabonetako arboleari beti bolaren bat gehitzen nahiz argitxuren bat atontzen dabizenak; badagoz jaialdiak maletea antolatzen igaroten dituenak, urtea urruneko uri baten hasi behar dabela-eta. Etxe bakotxa eta mahai-inguru oro mundu bat da —eta auskalo zenbat diran esaldi artean galduta geratu diranak…—. Bestela esanda, askotarikoak dagoz.
Nik neuk, ostera, horreek danak begi zuhurrez aztertu eta, berbarik esan barik, zelan berba egiten daben ikusten dot. Halamoduz bada be, sakrifizio berbearen esanahia erakusten deustie, baita enpatia berbearena be. Gabon sasoian —eta bizi osoan— dan-danok erreztasunaren alde jarten gara eta atearen bestaldean heltzear dagozanen itzulerea itxaroten dogu; esperoan izandako itzulera horregaz sano pozten gara, personoi bidean sufridutakoak, ikasitakoak edo jazotakoak kontetan itxi ordez.
Gabonak orduko arrasti euritsu zein goibel baten Abandoko tren-geltoki paretik pasau nintzan eta estazinoko sarreratik igarotakoan, espaloiak beteten zituen gazteakan parau neban arretea. Leku pilo batetik etorritako gazte emigranteak ziran: Madriletik, Bartzelonatik, Kantabriatik, Galiziatik, Frantzia aldetik… Uriburu bizkaitarrean itxaroten eukiezan gurasoen bildurrak zein ferekak, euren etxera bueltetako gogobetetasuna eta edadean gora egin ahala galdu bide dan gosea. Hareetako asko ez ziran estudianteak, baina persona helduak be ez. Euren atzerriko etxeak itxura zein neurri ezbardinetakoak ei ziran: gehienak, alabaina, etxebizitza edo pisu nimiñoak. Askok, aldiz, multinazionalentzako lan eskerga egiten ei eben eta trajez goitik behera dotore jantzita bilera edo konferentzietara joaten ziran, berba arrotzak entzun eta bapez esateko. Behargin horreen ordutegiak, seguru asko, harrigarriak izango ziran eta soldatea, barriz, gitxienekoa. Dana da ondo geratzea, danari ben egitea, dana isiltasuna eta pasibidadea, dana txotxongilo-lan otzana. Hori bai, Gabonetan etxekoentzako marka zuridun produktuz osoturiko otzarea opari. Zanpatua izatearen XXI. mendeko pribilejiotxuak. Hori izanda nork behar ditu ganorazko oporrak? Bien bitartean, euren karteretan gordeten daben papel bakarra noten bloq-eko orri bat da, euren buruari nonoz bekario —edo esklabu— izateari itxiko deutsiela dinoan promesa eternalagaz.
Telefono-erakundeko akreditazinoagaz bueltetan dira etxera, harro-harro, enpresako auditoria luze nahiz aspergarri horreetan erakundeak opari eginiko motxila bategaz, altzari-dendako katalogoa barruan sartunda eta hipotekea sinatu eben banku basatiko ofizinatik mendeku lez hartutako boligrafoa partikeran izkutatuta. Euren gurasoek, baina, maitasunez besarkatzen ditue —bai eurak, bai euren enpresa-motxilak—, euren jaioterritik kotxeko leihoa beheraino bajatuta eta paparra airbaga bailitzan puztuta paseetako, oraindino zehatz-mehatz zertan lan egiten daben jakin ez arren eta egun horreek eurekaz egoteko euren duintasuna noraino txokoratu behar izan daben ezagutu ez arren. Izan be, Gabonetan alokairuaren miseriak kaleetako argiak heltzen ez diran izkinan baztertzen dira eta gorputz argalak, barriz, afaritarako erositako trajeen azpian.
Hareetako asko eta asko nire ezagunak dira, nire lehengusuak, nire lagunak. Nire belaunaldiaren zati dira: beharra topetan daben subertedunak. Gazteak suntsitzen dituan mundu bategaz hasarratu arren, gazteotaz zinez harro nago, baita benetako ogibidetzat joten ez daben neure ogibideaz be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!