Belazeak eta etorbideak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-01-30 13:04

Bartzelonara bigarrenez heldu arte, beti lurrera begira ibilten nintzan oinez —eta ibilten naz—.

Eta ezin horren zergaitia azaldu. Auzolotsea, sarritan; barne-bildurra, beste horrenbestetan. Seguru nagoana zera da, ez nebala egiten tupust egin eta lurrera ez jausteko arrazoiagaitik, torpetasuna jaiotzatik daroadan bereizgarria dot-eta. Beste zeozerengaitik zan. Nik uste neure barruan batzea edo bakartzea ahalbidetzen deustalako jokatzen dodala holan, nire munduan barrena inongo oztopo fisiko barik ibilten isten deustalako. Nire gauzetaz astiro pentsetea inongo keinurik bage arineketan doan mundu honen aurrean egin neiteken erresistentzia-ekintzarik ziurrenetakoa dalakoan nago. Gustuko dot, izan be, inor konturatu barik bizi, argi-fokuak beste nonon islatuak dagozalarik eta inor nire mobimentuez kargutzen ez dalarik. Modu horrexetan, seguruago sentiduten naz.

Dana dala, Bartzelonara bigarren aldiz ailegetean, ezin izan neban burua bajatu. Dan-dana begiztatu beharra sentiduten neban, dana zan liluragarria eta bestelakoa: fatxada ikusgarridun eraikin garaiak, iragarki erraldoien irudi biziak, uria lainoen eta kutsadurearen artean bereiztu ahal izateko moduko atikoak, haizearen balantzan mobiduten ziran eta etxeen hormak konkistetan zituen argi dirdikariak, obretan arboletako orbelak lez, aldamio ugerretatik zintzilikatzen ziran beharginen arpegiak… Uriak bere neurrian emon euskun ondo etorria lagunari eta bioi, arazo zein ilusino oro bere barruan sekretuak bailiran gotortzen dituan kartzelea bezela.

Kotoizko kartzela koloretsua. Horixe begitandu jatan Batzelona. Ez gehiago, ez gitxiago. Badagoz gauza batzuk norberak begiradea ohi baino gehiago altzau ezkero baino ezin ikusi leikezanak. Ez nabil molde metaforikoan berbetan —baina, bai, esangura horretan be bai—. Eta zer ikusi leike Bartzelonan gora begiratzen baldin badozu? Zer bereizten dozu etxeetako balkoi floralak, uri-ertzetako auzuneetako jentearen leihoak, errezel erdizka-edegiak eta egundo ezagutuko ez ditugun sutondoak ikustean? Gogoan dot han lehenengoz egon nintzanean —orain dala bospasei urteko gabonilean—, beheko pisu dekadente bateko egongela baten gabonetako arbolea ikusi nebala. Igaz itzuli nintzanean ulertu neban, ostera, seguru asko, saloi ha betiko joandako garai hobeen nostalgikoren batena izango zala. Era berean, igaz, LGBT bandera bat ikusi neban, barrote-arte batean harro-harro eskegita, sufrimenduzko arratsalde frankotan uriko kale nagusiak zeharkatu izanaren antzez, mosu debekatu askoren testigu fidel eta zintzoa. Bere koloreakaz horniduten eban grisegia bihurtua zan kale turistikoa, mundua bere irudikatu ahalko leukena.

Kalearen bestaldean, metro koadro gitxiko gela bateko beiratearen betaldean koltxoi zahar mordoa nahiz izara zimurtu piloa identifikau nituan. Beharbada, baliabide askorik bako familiaren batena izango zan etxola itxurako gela ha, Bartzelonan ikusi nituan hainbesteren artean, batena. Espaloi berberean aurrez aurre, aldiz, bigarren pisuko sala edo areto inperiala egoan, sabaian urregorrizko lanpara zahar bategaz eta horma baten 2 x 2 ekarren koadro bategaz —oraindino ez dot pintura ha ulertzen—. Alboko etxebizitzean, alabaina, agure bat, bastoia hankartean pausatua eukala telebistara adi eta bentanan ule urdindun atso bat jaiobarri-arropea sikatzeko eskegiten —samurtasuna kutsatzen daben arropa txikitxuak—. Agureak ez bezela, momentu haretan adineko andra haren zoriontasunak bere lobearen eskuen tamaina zehatza eukala sinistu neban.

Orain, barriz, egun hareek betiko joanak diralarik eta Bartzelona urruntasunetik jagoten daukadalarik, landa berdeetan etzan eta, begiak zarratuta, urian nagoala pentsetea gustetan jat. Etorbide handiak bedar artera ekarri guran, abioiek ortzian ixten daben hauts-hondakinei begira emoten ditut arratsak. Terapia modukoa dira neuretzat, gidatuko naben noranzkoaren adierazgarri. Bartzelonak begiradea altzau eustan eta jarraitu beharreko zidorra markau. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu