Galera baten kronikea
2019-01-28 13:17Zeozer tristea eta azaltzen gatxa gertatzen da liburu-denda bat zarratzen danean.
Ez da bapateko kontua: heriotzara kondenatuta zaurituta dagoan gizarte antzu bati jagokon aztarren sintomatikoa da, izan be, liburu-dendak ez dira ganerakoak moduko establezimendu edo denda banalak: jakintzea batzen dan lekua da, kulturearen, informazinoaren, entretenimenduarea, parentesi luzeen, ezinezkoen zerrenden, bidaiena, barne-bildurrena, zein magiaren topagunea.
Liburutegiakaz batera, nire izakerea elikatuta ikusten dodan leku bakarrenetakoak dira, egia esan: adimena eta bularra alkarren eskutik sendo hazten diran tokia. Liburuak, hain zuzen be, nire hezkuntza sentimentalaren zutabe trinkoenetakoak dira. Beti pentsau izan dot liburuen azal-hegalek edo solapek ate itxurea daukiela; horregaitik esango da, beharbada, liburu bakotxak bidaia desbardin baten sartzen gaituala. Auskalo. Argi daukadana da, dirana dirala, ez gehiago, ez gitxiago: beti hobea izango dan txoko baterako sarrerea. Geure antonimo ederrak.
Ez naz gauza esateko liburu batek nire bizitzatik zenbatetan salbau naben, zenbatetan erakutsi deustan nire hondotik itsas azalera zelan urten. Era berean, gatx subertetan jat poztasunez edo abenturaz zenbatetan bete naben zerrendatzea. Hori bai, orain urte batzutako gomuta argi bat daukat, egunek itoten nabenean berreskuretea gustetan jatana: unibersidade-aroan, eguen iluntzeatan lan gehigarriak egiteko Bilbon geratu behar izaten ginan. Hori dala-eta, bazkalostetik arrastira arteko orduak nire gustura beteteko, alde zaharreko liburutegi —oso zahar— batera joaten nintzan eta arratsalde osoa edozer irakurten emoten neban, unibersidadera bueltetako tenorea heldu arte. Gauez, etxera itzuli eta ohantzean irakurten jarraitzen neban. Egia esateko, ez neukan besterik egiteko, ez neukan inongo penitentziarik beteteko: irakurtea, ez besterik. Eta, orain, ostera, hain urrun geratu jatan sensasinoak ezin konparatuzko ongizatea sortzen deust nire barreneko txokorik minenean. Ondo dakit ha ez dala atzera errepetiduko, baina hori jazoterik be ez dot gura. Gomuita hori hamen dago, bizi-bizirik, nire iruditegi bitalean iltzatuta.
Liburu-denda harek, hain zuzen, orain dala urte pare bat zarratu eban bere atea, eta bere mundurako sarrerea. Antza, ugazabeak erretiroa hartu eban, adinaren pisuak jota. Ni neu kasualidadez enterau nintzan barri tragiko haretaz; ez zan egunkariatan nahiz telebistan urten, ez zan sare sozialatan ezelako trending topic-a izan, ez eban oihartzun sozialik eduki, eta gaurko egunez oraindino ez dakit ze sentimen sortu eustan ha jakin nebanean. Zeozer arraroa, zinez. Izan be, gauza handienek ez dabe zaratarik ataraten apurtzerakoan edo, kasu honetan, desagertzerakoan.
Joan dan astean, barriz, Madrilgo liburu-denda zaharrena zarratu dala leitu neban, Nicolás Moya izenekoa —1862an ateak edegitakoa—. Hotzikara batek bahitu eustan gorputzea. Abestiak dinoan lez, ez aurrera, ez atzera, behea jota natza. Holantxe sentidu nintzan ordenagailuaren pantaila aurrean mozolotuta. Nik uste badagoala uhin erromantikoren bat uriburuetako negoziorik zaharrenakaz lotuta, egindako bidearen deferentzia antzeko bat, adineko pertsonei zor deutsegun errespetuaren pareko zeozer, gitxi gorabehera. Horrek huts egin eta salmenten kontra borroka egiteari isten deutson liburu-denda batek amore emoten dabenean, uria tonu ilunagoz janzten dala begitantzen jat, argia halabeharrez beste nonon bilatzera derrigortzeko beste. Jakina, internetek eskaintzen dituan abantailen zein erreztasunen alde nago, baina ez dot bizi gura nire seme-alabek liburu-denda baten sartzea lako sensazino liluragarririk ezagutuko ez dabeen mundu baten. Ezin dot imaginau nire ondorengoek ez dabeela biziko norbera urduri eta tentsinoz ganezka ipinten dauen egoera hori, —liburu-eskaintzearen— aukera amaibakoek sortzen dabena, liburu-saltzaile abegikor bat hurreratu eta zuretzako liburu perfektua emoten deutsun arte, zeure dilema existentziala istant baten konpontzeko. Hori, itxidazue esaten, ez da existiduten —ezta egundo existiduko— sarean.
Bilboko alde zaharreko liburu-denda arkaiko hartako jaubeak zera kontau eustan behinala, astegoienero abenturaz beteriko liburu desbardin bat prest izaten ebala, zapaturo bisitan eta irakurten joaten jakon umetxu batentzat. Haur ha, noski, ez nintzan ni, baina nire burua guztiz islatua ikusi neban ha argitu eustanean. Halakoxea naz. Antza danez, bere gurasoek liburuak garestiegiak zirala esan eta ez eutsien ume hari liburu bat erosteko beste dirurik emoten; beraz, saltzaileak danatariko liburuak itxi eta dendako txoko bat atontzen ei eutson. Hantxe emoten zituan orduak, larunbatero. Bien bitartean, bere guraso arduragabe eta sorgorrek alde zaharreko tabernatan xahutzen zituen sosak.
Ezin pentsau horren pareko zenbat istorio paralelo egongo ete diran hortik zehar, liburu-saltzaileak, bibliotekarioak edo irakasleak protagonista dituenak. Ze, liburuak ez dira beti etxean topetan, eta liburu-dendak aurretik eroaten baldin baditugu, nork erakutsiko deusku irakurketearen mundu magiko zein beharrezko hori?
Galera honen aferarik mingarriena idaztean sentiduten dodan oinazea osatuko daben antibiotikorik ez dagoala onartzea da; arimeak eta adimenak bat egiten dabenean zure ganera jausten dan munduak zenbaterainoko pisua daukan ezin jakitea; azken baten, liburuakazko daukadan maitasuna diagnostiko mediko larriegia dala horren erritmo bizkorra zein eta suntsitzailea daroan fast zapping-aren gizarte honetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!