Herriko balkoirik maiteena

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-01-26 18:24
Bada herrian leku bat, neguko hotza bertaratu ahala, askatasunak iges egin ebana.

Gaur, iluntze urretsuak edo egun sargoriak zinez urrun geratu dirala, hotzak euskal lurretako kaleak bahitu dituala, hauts-fitsak kajoietako artilezko jertseetatik gure larruazalaren epelera hegaz egin dabela, termometroek gradu pare bat igoteari muzin egiten deutsiela, mantek armairuak biluztu eta gure esku ligorrak —barriro alkar bilatzen dabeenak, barriro alkar behar dabeenak— janzten dituela, soinean daroadan txoko txiki batez gomutau naz. Balkoia kalean, bestaldean, kanpoko munduan barruratzen dan etxe-zatia dala begitantzen jat: gure munduak kanpoaldeagaz bat egiten daben inflexino-puntu bitxi bat.

Gaur, amumek geure jakea kanpoko hotzarentzat nahikoa beroa dan itauntzen deuskue behin eta barriro; sudur punteagaz metxeroaren berotasuna bilatzen dogu, zigarroa isiotzerakoan; oinek min emoten deuskue, lehen ito egiten ginduenean; ezezagunei emondako besarkadek segundu bat edo bi gehiago irauten dabe.

Gaur, kalean bizi diranen zorte-ezak atsekabetzen gaituala, kafe batek irauten daben laburtasunaz kexu garela, belaunetako hazurrek mina eragiten deuskuela —23 urte izan arren—, autobusetako jesarlekuak eskeintzen ez ditugula, soinean bizpahiru kilo gehiago daroaguzala eta gure indarra geroz eta murritzagoa dala, balkoi bat jatost gogora.

Gaur, planak etxeko atearen hotsez zarratzen ditugula, ule urdinduak inoz baino etsiago orrazten ditugula, geroz eta malkartsuago nahiz mingarriago subertetan jakula hilabete akabuko fakturei antza hartzea, geure jentearen itzulereari begira gagozala eta arnasestuak haizetean barrena difuminetan dirala, balkoi bat dot hizpide.

Gaur dana da zorrotza. Dana da kanpora, ez da ezer barrenean geratzen, eta geratzen danak erre egiten deusku barrenean. Gaur, lagunen izenez gogoratu eta dei egiten deutsiet, badaezpadan, inoz ez ei da jakiten noz. Gaur, buruan bueltaka daukat hain luzea bihurtu zan eta gure biziak hain arin erdibitu zituan ordu erdi ha, eta zeure balkoipean geratzen naz oroitzapen izoztuei so. Gaur argi daukat ezpanak ze bizkor umeltzen diran, mosuek uste genduana baino apurtxu bat gehiago irauten dabeenean; zelan lehortzen dan barruko itsaso hori eta zelan bueltetan nazen etxera gauez, zu ikusteko eta ahazteko sentimen txirikordatu batez. Hori bai, badaezpadan be, beti atzera eta lurrera begira egiten dot karrikan behera, zu balkoira urtengo zaren ilusinoz edo —barriro— tupust egingo dodan bildurrez.

Gaur, daborduko negua atearen bestaldean zelatan dagoala, asfaltoz inguraturiko loredun balkoi ha dakusat, bideoklub dekadentearen ganekoa. Landara uritarrak ditu uda-sasoian; petalo-usain dultzea, ostera, auzoa irrifarretsu dagoanean, beheko fruta-dendearen adierazgarri. Zure balkoia auzunearen bihotza da eta ni, barriz, ha atsekabez arnasen daben hauspoa. Bertatik azken aldian pasau nintzanean lez bizi naz: hauxe da munduko nire leku bereziena, nire herriko balkoirik maiteena. Hauxe da, bai, egun hutsik dagoana, urez nahiz kolorez ilun soildua, barrote artetik kiribildu eta libertadea defendatzen daben inongo iratzerik edo garorik jada ez daukana. Joana da, honezkero, kalean gora begiratu eta egun izoztu hareetan senti zitekeen libertade igeskor ha. Joanak dira, honezkero, herriko balkoi kuttunenera begira emoten nituan egunak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu