Murruak, leihoak eta baloiak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-01-23 13:30

Akorduan dot umetan gorroto nebala ikastolatik urtenda, eskolaz kanpoko jarduerak egiteko geratu beharra.

Denpora ha galdutzat joten neban. Segunduak minutu bihurtzen ziran niretzat, eta minutuak ordu luze. Dokumental baten ikusi neban behinola, ozeanoan badala puntu bat sakonerea hain dala itzela, non azaleko argi-errainuak ez diran sartzen eta, ondorioz, han goian printzak argi-argi gailendu  arren, itsaspe horretan iluntasun totala nagusi dan. Horixe zan niretzat ikastolan ordu gehigarriak sartu beharra: itsas hondo iluna. Kalera emoten eban harlanduzko murrutik edo sarrerako atearen barrote artetik pasetan zan edozein, edozer izanagatik, barrukoa baino erakargarriagoa begitantzen jatan: murru hari izkin egin eta bestaldekoari gusto hartzea, hori baino ez nuen gura.

Institutu garaian be, bardin antzean egin neban aurrera. Artean, oraindino ez neban igarri neure barrenean hizkuntza maite baten nozinorik, ostonduta egoan herri baten aldeko jardunik, filosofia edo bizimolde batenganako afiliazinorik edo aurrera egiteko perspektiba bitalik. Argi mintza naiten: gorputzez han nengoan, eskolan gotortuta, leihoaren aldameneko mahai txiker baten gurutziltzatuta. Baina, era berean, ez nengoan han. Giza pladur hutsa nintzan: burua  txoriz beteta —are gehiago—, gorpu banala soinean, milaka mamu inguruan eta ganorazko deus esateko gauza ez.

Eskolaz kanpokoakanako fobia personalak, murruaz bestaldeko oasi danak, institutuko leihoa eta iges egiteko beharra. Horreek guztiak pasau jataz burutik Bilboko zentro honetako korridorean aurrera egin dodan artean, kotxera bidean. Urteak institutu baten egon barik, urteak kanpoko futbol-zelaira kristalaren bestaldetik begira geratu bage, urteak patioko bazter baten bakarrik geratu barik, nota nahiz zirriborrodun koadernotxu bategaz, aurreko danari so. Orain, ostera, ni neu naz eskolaz kanpokoak emotea toketan jakona; neroni naz garai bateko borreroa.

Autoa aparkau dodan eremura ailegau orduko, eraikin barruko kantxan olgetan ikusi ditudan mutiko-taldekoei baloiak iges egin eta kasualidadez —ala kausalidade sistematikoz— nire hankatara egin dau bidea. Jostailua buelteteagaz batera, ze pozarren dagozan kargutu eta entrenamendua ete daukien itaundu deutsat hareetako bati. Harek, baina, ezetz; berez ez daukiela inongo entrenamendu edo hitzordurik, baina bere etxean ez ei daukie kalefakzinorik eta kantxan, barriz, pozik dabilela, epel-epel.

Eskuko frenua kentzeagaz eta maniobrak egiten hasteagaz batera, ondokoa gogoratu dot, guretzat, besteontzat, gehiengoa osotzen dogunontzat, neguko albistegietako monotema absolutua neguko eguraldia dala. Zer esanik ez herritarron arteko alkarrizketatan: biharko ze aro datorren, oporretan eguraldiak errespetauko ete daben, eta abar luze(egi) bat. Neure burua be zaku horretan sartzen dot. Edo, osterantzean, aurten gabonetako argi benetan dotoreak jarri dituela, errepideak garbitu beharra dagoala edurte edo euriteetatik, familiakide guztiok batzeko asmoa daukagula, taxisten grebea okerrera doala…

Bien bitartean, bederatzi urteko umeren bat eskolatik ez urteteko desietan dago, etxean hotz jasangatxa egiten dabelako eta gurasoak etxeratu arte ezin izango dabelako ura lapiko baten berotu, dutxa bat hartu ahal izateko. Ez dago eskubiderik. Gure hipokresiaren gailurrean gagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu