Neurtitzen munduaz

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-01-21 23:21

Poesia ezagutuaz, bizia ezagutzen emon neban umezaro osoa; neure burua ezagutzeko, bizia poesiatu guran daroat gaztaro osoa.

Espero dot zahartzaroan, behintzat, eskribitu beharretik be libro egotea; hori bai, irakurteari ez deutsat egundo itxiko. Bien bitartean, bolalumeari tiraka eta tiraka emoten dodaz egunak, nire bizi-egitasmoei moldea edo formea emon asmoz, bidean datozen ideak, esperientziak nahiz pasadizoak agerrarazoz eta, modu horretan, soinean dodan biziaren nortasuna zehaztuz, baita bizi dodan neure herriarena be.

Patxadan egon edo apur bat erlaxau daiten, beti gomendatzen dot poesia irakurtea —eta idaztea—. Ondo dakit, beharbada, ez dala ekialdetik jatorkuzan metodoak lako entzutetsua edo fidagarria: ez ditu txakrak lerroan ipinten, ez deutsu zure zen-gunea topetan lagunduko, ez da akupuntura-saioak moduko zorrotza, ez dau mindfulness entzutetsuak bezalako efektu exotikorik sortzen… baina aurrekaririk bako esperientzia pertsonala bihurtu leiteke, zinez dinotsuet.

Poesia, nik uste, soineko ugaridun dituan emakumearen parekoa da, genero-ikuspegi igartu hori erabiltea baimentzen baldin bajat. Poetaren egitekoa, hortaz, soineko horreek banan-banan kentzen joatea da: maitasunez, prisa barik, usain oro hartuaz. Bertsino bakotxean, prenda bat gitxiago… azkenean, behin betiko geratuko dan jantzi poetikoa lortu arte, hau da, olerkiaren hazurdurea, inongo gantzik edo maminik bakoa. Poeta, esango neuke, etenik gabeko erorketa baten amiltzen dala, sortzeko daukanari aurre egin behar deutson bakotxean. Paper zuriaren neura txikerrak.

Izan be, funtsak berba gitxi onartzen ditu. Hizkuntzea ekonomizau egin behar da, azken baten: esaldi potoloenek pisu txikia zein irakurketa erreza daukie eta. Berba larregigaz idazlea orbel eta ilusino antzu artean galtzen da, ez da sinplea, ez da mikroskopikoa. Mikroskopikoa dinot, hizkuntzeak mikroskopioa bailitzan funtzionetan dabelako, poesia izkiriatzea agintzen jakonean. Irakurketa-denporea laburra behar da izan, bai, baina poesiak, bere oinarrizko kromosomen muinean ona baldin bada, gusto bizia itxiko dau irakurlearengan eta, ondorioz, oihartzun benetan sakona bere iruditegi bitalean.

Argitaletxeek prosazko obrakaz ibilten dituen estrategia —eta azpijoko— komertzialen zeharo kontrakoa da poesiaren jarduna; era berean, mendebalde kapitalista basati zein ahalguztidunaren eta zapping-aren gizarte honen antipodetan dago. Mugarik bako hazkundearen idean oinarritzen gara, egun: dana geroz eta handiagoa da. Dana da hiper, super eta mega. Izan autoak, izan etxebizitzak, eremu komertzialak, pizzak, hanburgesak, garbigailuko jaboi-potoak… eta izan liburuak.

Narratibazko obrak, oro har, guztiz puztuta jatorkuz: 400 orritik beherakorik ezin leiteke ia inon topau, papela beti lodi-lodia, kartoi dotorezko eta irudi liluragarridun azal landuak kanpoan, eskuan upealako bolumena hartzen dabeen aleak danak be… eta, jakina, bolumena ez da ezelan be txikerragoa gure patriketako aurrekontuko defizitari jagokonez. Badirudi luziduteko eginak dagozala, hau da, jenteak urrunetik ikusi deian esku artean daukazuna liburu bat dala; edo, osterantzean, opari egiteko badira, paketeak sendotasuna eta pisua izan daian.

Maminean be antzematen jake: dokumentazino-lanak, talentu barik; beharrezkoak ez diran deskripzino akabu bakoak, ekintzen ordez; pista faltsuz betetako orrialdeak, injustizia historiko errotuak azaleratu bage; soberan dagozala igerten jaken paragrafoak, idazleak bere kriterio propioa sendo defenditu barik… betelan antzua oinarrizko lege bihurtu da. Jomugea, azken finean, produktu literario bat beste barik ekoiztea da, eta ez maitasun-anpuluzko arte-lan artisau bat. Oihalak kiloka lez saltzen da literaturea: pisura. Eta, hain zuzen be, horratx paradoxea: gorputzez astun(egi) diran liburuak arin(egi)ak dira maminari jagokonez; entretenidu da hareen xede nagusia —edo bakar-bakarra—. Jakina, ezin daiteke izkutau ahal bezain beste saltzera guztiz bideratuak dagozala, beste edozein bertute bazter itxita. Euskeraz, akaso, ez horrenbeste, baina ohitura txarrak modu bikainean imitatzera hain ohituak gagozanez… tentuz ibili!

Poesia da, nire eretxiz, literatur genero antikapitalista bakarra; nork pentsauko eban gitxi saltzeak abantailea izan behar ebala idazlearentzat? Baina horixe da aske isten zaituan bakarra, aldameneko morrontza danatatik, ez bada gura dozun ha idaztea, barrenak agintzen deutsuna.

Liburu umilak dira poesiazkoak, hantusterik bakoak, lagun epelak, maitale fidelak, usain izkutuak… edonora eroan ahal dozuz traba potoloegirik bage. Ez deutsue alperrik berba egiten, zer edo zer benetan funtsezkoa erakusten deutsue —ia— beti, iradokitzaile leialak dira, adierazoten dabeena zeure barruan bilatu dagizun. Biluztasunetik hurren dagoan generoa dalakoan nago, bai forman, bai materian. Kapitalismoaren etengabeko pilaketea gizateriak bere bizi-historian egin daben akatsik larriena dala salatzera datorren genero bakana dala uste dot.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu