Ez dozu idazlea emoten
2019-01-16 13:07Gustuko dodaz emoten dozu / ez dozu emoten esaldiak. Asko emoten dabe.
Ni ez naz jazz musikearen ganeko aditua. Egia esan, ni ez naz inongo musikaren aditua. Are gehiago, ezeri buruzko aditua ez nazela esango neuke. Dana dala, aditasunez entzuten abil samarra naz, bene-benetan entzutea, nik uste, bene-benetan maitatzea baita.
Gogoan dot Judith Montero saxo-joleak behin egunkari baten adierazotakoa: askotan entzun dauela, baita musikari profesionalen artean be, itxureari begiratuta ondo jo behar dau horko horrek esaldi ia-ia mitikoa. Behin aipu hori leituta, zera etorri jatan irudimenera, udako gau luze bat eta, halaber, nazinoarteko musikarien topaketa baten osteko afaria, argitxu dirdikaridun terraza uritar baten. Horregaz batera, gizon altu baten imajina, bere gabardina luzeagaz, ulea dotore atzerantz orraztuta. Ondo jo behar dau horko horrek. Egunkarira bueltau naz; Judithek dinoanaren arabera, berari ez ei jako ondo ala txarto joten daben igarten. Eta, egia da: emakumezkoei ez omen jake saxoa —zeozer esatearren— trebe ala kamuts joten daben igarten, ala igarri gura… bitxia.
Esana eustien —eta ez arrazoi barik— ez dozu idazlea emoten. Ez neban esaldi hori ulertzea lortu Zarautzeko Literaturia literatura-ekitaldira joan nintzan arte. Urte haretan, 2017an, nire erreferente dan Jose Luis Alvarez Enparantza omendu eben: Txillardegi. Egile eternala nire iruditegi literarioan, personalean, sormenezkoan eta bitalean. Ekimenaren baitan baegozan zenbait tailer; hareetako baten, idazlearen papela goratzea zan jomugea eta, horretarako, idazle baten estudioa balitz lez atonduriko gela bat egoan. Hori dala-eta, bisitariei jesarlekuan jarri, bolalumea eskutan hartu eta idazlearen azalean ipinteko gonbitea zabaltzen jaken. Ez nago guztiz ziur helburu ha lortzeko —idazlearen mundua ezagutzera emoteko— biderik egokiena hautatu eben; izan be, jenteak egin eizu idazlearena! mezua ulertu eban eta, ondorioz, argazkietarako plantatan parau ziran: gizonezko bat imitatuaz —neskatila zein mutiko—, aldarte serioan edo ia-ia hasarrez, zigarroa isiotzeko imintzinoak eginaz, ukondoak mahaian pausatuaz eta, bien bitartean, burua esku artean hartuaz ustezko desesperazino- edo zorokeria-keinu bat imitatuz, eta abar luze bat. Orduan konturatu nintzan: egia da, ez dot inongo idazlea emoten, pentsau neban, eta eskerrak.
Denporan hilabete gitxi batzuk aurrera egin zituan, alabaina, nire itzal astunak: Bergarako Unibersidadeko ganbara hotz baina kuttunean kokatua dagoan Idazle Eskolara. Goizeko bederatzi t’erdietan hasten genduzan eskolak eta, horrenbestez, ordu lauren inguru geunkan libre oraindino. Hotza zan nagusi kanpoko atearen alboko harlanduzko arkupe haretan; gure zintzurretan, ostera, kafe huts bikotxaren mingotsa jaun eta jaube. Klasekideari eta bioi begira-begira egoan andra bat, ustez, adinez ez oso heldua, baina itxuraz higatu samarra, zeozelan esatearren. Pauso narrasez hurreratu jakun eta ondorengoa itaundu: odontologiako ikasleak zarie ala? Guk, harriduraz, ezetz. Bigarren solairuko aferak ziran horreek; gu, aldiz, ganbaratarrak ginan. Zur eta lur itxi genduan. Dana dala, ez eban askorik itxaron andra kuxkuxera harek bere bigarren hordagoa botateko: eta zer zarie ba, osteopatiakoak? Kale barriro be; osteopatia lehen solairuko ezkerreko korridoreko kontua zan eta gu, ostera be, ganbarakume soilak. Sasi-mediku itxurea hartu euskun, antza danez, emakume arraro harek. Baloia hirugarrenez langara bialdu orduko, Idazle Eskolakoak ginala argitu geuntson.
Orduantxe etorri zan eguneko —eta asteko, eta hilabeteko— titularra: jo, ba, idazleak izateko ze naturalak zarien! Zuok bai sanoak! Alarma posible danak, hilabete batzuren ostean, barriro kolore gorritan. Antinaturala edo antisanoa izan behar ete da idazletzat —edo idazle saiakeratzat— jo ahal izateko? Lentillak kendu eta anteojo zaharkituak jarri behar ete dira? Boligrafoak sutara bota eta arkatz ligorrak baino ez ete dira erabili beharko? Egun osoa txakur-arpegiz igaro beharko al da? Kokotsean ezinegonaren egonezinez hatz egiten emon beharko al dira hogeita lau orduak?
Noz edo noz esan dostie testuak —batzuk hain personalak, biluziak eta intimoak— argitara emoteko, barre gehiegi egiten dodala batzutan. Txarrena da hainbeste maite nahiz miresten dodan lagun —eta idazle gazte— mundakar baten lehen poema-liburuaren aurkezpenean atera eben bideoan neure burua ikusi nebanean, ni neu be lotsatu egin nintzala: joder, etxeko salan nagoala emoten dau: hankak luze-luze daukadaz, begiak erdi lanbrotuta eta erdi galduta, besoak guztiz trauskil gurutzatuta, burua zeharo soildua, bizar zapaztoak agerian, narruzko txupa zaharra belaunetan, noten koaderno txikerra zirriborroz josia… ez dot idazlea emoten! Horixe izan zan tabernako barran bermatua ginala lagunari ordu txikitan autortu neutsana; eta eskerrak!, erantzun eustan, porroari kalada luze bat emoten eutsan artean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!