Ezerezetik zerrendatara: magia kontua

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-01-14 13:27

Orain dala pare bat hamarkada, inork ez eban pentsau be egingo.

Garai haretan, Joanne Rowling gaztea elabarrigiletarako izangai hutsa eta inoren laguntzarik bako ama ezkonbakoa zan; jakina, inork ez eban pentsauko Ingalaterrako emakumerik aberatsenetakoa bihurtuko zala, Harry Potter izeneko nerabe ezezagun bati esker. 1997an, liburu bateko orrialde artean jaio zan mago ha medio, 2011. urtean, 1.500 milioa dolar zituan bankuko kontuetan Rowling-ek (Oprah Winfrey baino ez eukan aurretik emakumezko aberatsenen zerrendan).

Rowling-ek ez dau sekula lotura onik izan prentseagaz eta, hain zuzen be, baten baino gehiagotan kritikau ditu bere irudiaz idatziriko artikulu zuztar bakoak. Haren bizian bene-benetan zuztartu zana, dana dala, Harry Potter da. Ez eban iragan erraza izan, inondik inora: maitasun kontuetatik iges egiteko hasi ei zan idazten lehenengo senarragaz, Jorge Arantes kazetari portugaldarragaz, hamaikatxu istilu bizi zituan eta  euren arteko harremanak hiru urte baino ez zituan iraun. Hain izan zan eskasa bien arteko loturearen akabua, non Arantesi Rowling-ekiko aldentze-ordena bat be ipini behar izan eutson epaile batek.

Aldi haretan ipini zan abian berbagai dogun egilearen sortze-aroa. Harry Potterren sagako lehen liburua (Harry Potter eta Sorgin Harria) argitara emoteko larriak ikusi zituan: proiektua aurkeztu eutsien lehen bi editoreek ez eben zentimo erdirik jarri lana aurrera atarateko. Fede kontua zan, jada urrunekoak diran beste garai batzutan. Bi argitaletxeek ez eutsien zentzurik ikusten emakumezko batek magia-elabarri bat idazteari eta, ondorioz, ez eben inongo federik egitasmo harek upealako arrakastea harrapauko eban idea igeskor haretan. Hori bai, Rowling atsekabetuak kontaktau eban hirugarren editoreak argi-errainu nimiñoren bat barruntau eban aurrean eukan andra harek tabernatako mahaiatan edo treneko jesarlekuatan idatziriko nobela fantastiko harengan.

Hortaz, elabarria argitaratzea erabagi eban; lehen argitalpenaren prezioa, alabaina, dezente garestia izan zan Rowling-entzat. Izan be, aro haretako Ingalaterran ez egoan emakumezko idazle profesionalaren barririk eta, beraz, genero femeninoaren jazoerak zelan edo halan ostondu egin behar jakozan. Horretarako, bere izen osoaren (Joanne Katlin Rowling zan) inizialak baino ez ziran idatzi liburu-azalean: J. K. Rowling. Modu horretan, garaiko kritikari edo irakurle frankok liburu haren edukiak goratu zituen, seguru asko, autorea emakumezkoa zala aurretiaz jakin ezkero, egundo pasauko ez zana. Hortik aurrera, haren fameak, ibilbideak eta, zelan ez, aziendeak gora baino ez eben egin. Puntu horretara ailegauta, zera jakin gura neuke, zelako arpegia geratuko jaken hasikeran ezezko borobila emon eutsien editore biei? Nik uste pentsau be ezin izango dabeela egin zelako pagotxari egin eutsien muzin…

Urteak igaro dira ordutik; hamarkadak, egia esateko. Honezkero, beste milurte baten gagoz eta garaiak, ostera, goitik behera aldatu dira. Daborduko, emakumea eta idazlea izatea guztiz normala eta zilegi izateaz gan, beharrezkoa be bada —nik uste—; daborduko, Harry Potter orrialde artetik mundura urten da, pantaila handira, nazinoartera; daborduko, J. K. Rowling Forbesen zerrendako 40. idazlerik esanguratsuena da eta haren ondarea Ingalaterrako erreginarena baino potoloagoa ei da.

Parafernalia, ospea, aberastasuna, zerrendak, royalty-ak edo lujua albo batera itxita, gauza banagaz geratzen naz: batetik, ume-belaunaldi ugariri irakurten erakutsi deutsela, Harry Potter, Albus Dumbledore, Ron, Hermione edo Hagrid lako personaia liluragarriak bide hartuta; bestetik, barriz, hasieran danek lepoa emon arren eta argitaletxe batek be haren beharra publikau gura ez izanagaitik, bidean aurrera egiten jaki n dauela eta holan heldu dala gaur dan idazle sendoa izatera.

 

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu