Non lokartu?

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-01-11 15:57
Orain egun batzuk, espero ez neban mezu bat heldu jatan segapotora; zein lekutan oheratuko zinake bihar?, irakurri neban pantailan, zer erantzun ez nekiala.

Hasikera baten, New Orleans, Nairobi, New York edo Seattle erantzutea pentsau neban; idatzi be idatzi neban, baina atzamarrakaz mezua desegin eta itauna bialdu eustanari hurrengo egunetan blog honetara adi egoteko eskatu neutson, badaezpada.

New Orleans beti begitandu izan jat mestizoa, berezia eta bakar-bakarra: 1910. hamarkadako musikazi beltzak jatortaz burura uri horrengan pentsetean, Louis Armstrong-en ahots garratza edo Mississippi iluneko jazz doinuak. New York uririk osoena iruditzen jat; edozer topetako aukerea emoten deutsula emoten dau: munduko kultura danak, gastronomia guztiak, pentsakera oro… dana barnebiltzen dauala dirudi. Zenbatetan amestu ete izan dot, Salinger, Hemingway, Wolve, Kennedy Tool eta nire izakerea osotu dabeen gainontzeko egilea estadubatuarrakaz bertako etorbide jentetsuetan topo egitea, zigarro-ke eta larruzko beroki artean. Nairobiri jagokonez, Afrikako irudi berdeena eta birjinena emarten deust gogora, hau da, soul gordina eta usain mingotsak. Eta zer esango dot Seattle lako uri baten ganean… imaginau ahal izan dodan lekurik musikalena lez ikusten dot, nire biziaren helduleku diran taldeen (Nirvana, Pedro The Lion, Incubus, Fugazi…) kabia, nire barrena esku ahurrez ureztatzen dabena.

Baina, bapatean, orrotza binilotik askatu eta liburua edegi dot eta niretzat erreferente nahiz isla diran egileei begiratuta, ondorengo zerrendea okurridu jat. Honeexek dira, posible balitz, ohantzean hartzea gustauko jatazan uriak:

1. Verona, Italia.

Zenbatetan amestuko ete neban Julietaren etxeagaz. Antza, Veronako Erdi Aro nahasiko jauregi ha izan zan Shakespeare Romeo eta Julieta idaztera gidatu ebana. Bere irudimenean, seguru asko, dezente eraldatu ebanez eta, ondorioz, liburuan desbardin erakutsi, gogoa daukat bere benetako itxurea zein dan deskubritzeko.

2. Cartagena de Indias, Kolonbia.

Gabriel García Márquez maiteak, antza danez, inspirazinoa Kolonbiako lurretan barrena topau eban. Macondo dalakoa ez dot egundo aurkituko, baina bai, ostera, Amor en los tiempos del cólera laneko Cartagena de Indias zaharra. Entzuna dot, ganera, bertan García Márquez ibilbidea be badagoala, hamaika istorio erreal zein imaginarioren zirkuitua.

3. Bartzelona, Katalunia.

Egon nazen bi aldiatan, ezin dot ganoraz islatu uri horrek emon dostena zer norainokoa dan. Dana dala, bada bakarrik noanerako gorde dodazan txokoak, auzo gotikoan, rambletan edo Ravalean gordeak, hots, Carlos Ruiz Zafón maisuak La sombra del Viento distiratsuan ostentzen zituanak.

4. La Habana, Kuba.

Cojimar auzunean Ernest Hemingwayren omenezko irudia dago, ha izan zalako bere inspirazino-iturrien iturburua, adibidez, El viejo y el Mar idazteko tenorean, gerora Literaturako Nobel Saria edo Pulitzer Sariketea irabazi zituan lan kuttuna.

5. Buenos Aires, Argentina.

Julio Cortazar 1918an ailegau ei zan Buenos Airesera, lau urte eskasegaz. Urte dezente beranduago, bere istorio gehientsuenak Parisen edo uriburu argentinarreko Agronomía auzoan oinarritu ziran, besteak beste, bere ipuin-sortak. Buenos Aires eta bere hego-haizea, okela usaina nahiz irribarre konplizea.

6. Stockholm, Suedia.

Suedia aldean galdu omen zan Stieg Larsson, gaztea zala, Millenium saga arraro bezain edar ha idazteko. Eszenatoki erreal franko erabili zituan, Café Mellqvist zaharra, berbarako. Bere lanak, izan be, uria ezagutzeko gida-liburu bikainak konsideretan dira gaur egun, Millenium Tour ibilbide berezia be sortu dalarik.

7. Transilvania, Errumania.

Basapiztia ederren lurra, amorante izuen sorlekua. Gehien maite dodan elabarrietako eta filmetako baten aberria da: Drácula. Bran-eko gaztelua, bildurraren eta morboaren gudu baten, leku mistikoa dala deritxot. Eraikuntza militar ha ikusita inspirau ei zan Bram Stoker ahalguztiduna bere lana idazteko. Gaztelua kokatuta dagoan herrixkea, Cluj-Napoca, izara artean sartzeko leku desegokitzat joten dabe eszeptiko askok; niri bai Drakula kondearen istorioa, bai ha kokatzen dan eremu geografikoa, maitasunezko aferak iruditzen jataz. Ez dot bizi bildurra modu horretan. Toki desafiatzailea da eta, ez aurrera, ez atzera, behea jota datzan oro bertara joan beharko litzakeela begitantzen jat; beharbada, uste ez daben zer edo zer tokau leike bertan.

8. Ravenna, Italia.

Mundu magikoaren jaunetako bat, nik uste, J.R.R. Tolkien da, inoz moden sarean jausi(ko) ez dan egilea. Kondaireak zera dino, uri honetan egon zanean ispirau zala El señor de los anillos edo Eraztunen jauna idazteko. Berebat, istorioko uri fiktiziorik inportanteena, Minas Tirith, Ravennaren errepresentazino literarioa ei da.

9. Paris, Frantzia.

Sentiberatasunaren uria, argiena, frustraduena. Nola ahaztu bertara eginiko bidaia ha… familiakoakaz egonagaitik, egonaldi osoa beste dimensino baten egin neban, estimuluetan galduta: Sacré-Coeur, Tuileries, Montmatre maitea… Ez dot bizitzea inoz behar bezala eskertuko, patuak bertara eroan nindualako. Bertaratu nintzan lehendabiziko aldia izan arren, ez da azkena izango.

10. San Petersburgo, Errusia.

Hamarrekoa osotzeko Jerusalem, Txipre edo Belgrado aitatzekotan egon naz… baina Errusiako uri bitxi hau nire hezkuntza literarioko aurkikuntza barrienetakoa da, eta ezin leiteke zerrendatik at geratu. Hiri hau izan ei zan Fedor Dostoievsky Crimen y castigo izkiriatzeko. Hori, daborduko, bertan lo hartzeko nahikoa arrazoi da niretzat.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu