Maitasuna ala gorrotoa

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-01-08 23:52

Gabon-jaiak, euren zuztarretan eta denpora luzean, kontu guztiz epela eta familiakoa izan ohi ziran.

Ospakizunon esangurea, jakina, zeharo erlijinozkoa zan: Salbatzailearen jaiotzearen ospakuntzea. Horretarako ez zan lar gastau behar, baina xumetasunak ez eban galarazoten ilusinoz nahiz gogoz beteta jai-aro horren esperoan egotea. Gaur egun, gabonek ez dabe inor hotz ixten; nahikoa da garai horretan geure errepideetan emoten diran miloeka bidaiak ikustea edo merkatal zentroetako inbasino masiboak aztertzea, faktore horreek beregan daroen gastu ekonomikoaz gan.

Dana dala, behin entzun neban: gabonak piloa maite dozuz edo beste horrenbeste gorroto, ez dago erdibiderik; gorrotoa ala maitasuna, biak ala biak muturrera eroanda. Badagoz, ganera, lur jota edo atsekabetuta amaitzen dabezanak be, gabonen etorrerea horren gogo biziz itxaron ostean. Maitasunaren eta gorrotoaren arteko lerro fina marketan dauena, baina, kontu bakarra da: familia edo, behintzat, gure hurreko persona-sare maitea. Gabonak hurreko jenteagaz batzeko atxaki egokia diran neurrian, betiko joandakoen edo urrunean dagozanen ausentzia sufriduteko penitentzia-egoera bihurtzen dira beste horrenbesterentzat. Bibliako irakurgai sagraduen arabera, bakarrik eta penaz dagozanok izango dira, hain zuzen, Salbatzailearen etorrerea umiltasunean eta hoberen gozauko dabeenak —ustez, sikiera, ez daukie-eta barrena besteon besteko hutsa—.

Horixe izan da opor osteko lehen egunean ikasleei idazlan bat egiteko eskatu deutsiedan gaia: gabonak gustuko dituzue ala gorrotoa deukotsazue? Itaun latza, urtarrilaren zortzian egiteko. Ostean, aldeko edo kontrako eretxiak garatu ahal izateko balizko argudio batzuk eskaini deutsiedaz. Aldekoen artean, familiaren berotasuna, klaserik eza, kaleetako apaindurak edo oturuntza bereziak nabarmendu dira; kontrakoei jagokenez, barriz, gehiegizko konsumismoa, bakardadearen zama astuna, etxerako lanen kargea edo ondorengo esamina-sasoirako ikasi beharra azaldu dira. Idea horreen danen etorria, orain, ikusteko dago.

Hori bai, etxera bidean, betiko lez, Morgako etxauntza- zein baserri-bideatan sartu nazenean, gabon-argiak oraindino kendu ez dituen etxeei begira geratu naz, ondorengoa pentsatuaz: nik zer ditut, gabonak maite ala gorroto? Izan be, gorroto ditut kaleak goitik behera janztea eta bien bitartean euren etxeetako argiaren-fakturea ordaindu ez daben familiak egotea; gorroto dot oturuntza mardulak preparetea, aldamenean afari ganorazko bat egiteko lain ez daukan nor edo nor egonda; gorroto ditut gabonetan mezu berezi-bereziak bialtzen dituenak eta ostean urte osoan ingurukoez egundo gomutetan ez diranak. Baina, era berean, maite ditut mendiko bentana eta txokoetan kotxez gauez eta bakarrik pasetean ikusi daitekezan argi dirdikariak, maite ditut mendi-tontorretako jaiotzak edo familiarteko poteoak.

Gauzak holan, zer naz, maitalea ala arerioa? Bidenabar, nor naz ni ikasleei horren ganeko idazlan hotz, zurrun eta zehatz bat eskatzeko, neronentzako erantzunik topau ezin izan badot? Bien artean, joan jakuz beste gabon batzuk eta, teorian, gabonek eta, batez be, gaur egun emon jaken planteamenduak higuina emoten badeustie be, beste urte batez urtarrila nostalgia puntu ebitau ezin horregaz hasi dot, eta ez dakit zer dala eta. Beharbada, ez ditut horrenbeste gorroto, edo uste baino gehiago. Urtebete daukat asmetako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu