Eta kafea hartuko dogu

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-12-31 14:11

Beti entzun izan dot adinean aurrera egitean gauzak askoz argiago ikusten dirala.

Ba, ez nago ados; ezin neike ezelan be ados egon. Zeharo alderantziz dalakoan nago, egia esan: danak ilunagoa emoten dau. Tira, beharbada, ilunagoa ez, baina bai, ostera, nahasiagoa. Bestela esanda, ez dozu zeure burua be ulertzen.

Zezeilaren 14 baten bakarrik egoteak garrantzia galtzen dau, urte osoan bakarrik egoteagaz alderatuta. Egun horren esangurea goitik behera aldatzen da: mundu guztiak alkar maite dauela gogoratu behar dauen eguna izatera igaroten da, ordura arte ahaztu izango baleu lez; are gehiago, ganerakoko danek maitasun hori ikusi behar dabela aldarri egitera pasetan dira, horrek inportantziarik txikerrena baleu moduan, izan be, bizi dogun aroan, maitasunak gehiago dauka itxurakeriatik, bizipozetik baino.

Hori bai, badagoz aldatzen ez diran gauzak: birikak txikitu arte erretan dodala esango neutsuke, zuk sua emoteko edo zeure barreneko garrakaz erretako; zugaz berba bi egin ahal izateko, alegia. Argi daukat. Eta, ez, ez deutsut egizu maitasuna eta ez gerrea lako esloganik erabiliko. Ez baitago abenduan zu barik lo egitea moduko gerra latzagorik. Eta, ez dakit, akaso, ganean daukagun edurte honek hanka egingo dau eta, suberte apur bategaz, urtarrilean ikusiko dogu alkar. Eta kafea hartuko dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu