Herria babestearen pagotxak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-12-28 16:45
Soldata publikoen neurriak beti eragin izan dau eztabaida publiko sakona.

Asko al da herriko alkateak kobratzen dauana?, gurea lako herri txiker baten hainbeste ordaindupeko zinegotzi, zertarako?, zeir deritxogu soldata duina? eta pareko beste itaun franko hauteskundeen osteko ohiko ardurak izan ohi dira. Azken urteotan, ganera, ustelkeria politikoa herri kirol bilakatu dalarik, publikoarekiko begiradea zorroztu jaku herritarroi —horretara be berandu samar heldu bagara be—. Ba, aste honetan Espainiar Estaduko Lurralde Politikako eta Administrazio Publikoetako Ministerioak alkateen soldata publikoak argitaratu ditu; horrek, jakina, zeresana eragin dau. Geurean, ostera, argazki osoa izateko, Ipar Euskal Herriko datuak eta Nafarroakoak —harritzekoa da, baina Espainiako Gobernuaren datuetan ez da Nafarroa azaltzen— beharko geunkez, baina EAEko alkateen soldatatzarrek berretsi dabe politikagintza instituzionala oraindino be negozio borobila dala.

Madril zein Bartzelonako alkateen ostean, Bilboko Juan Mari Aburto da diru gehien zakuratzen daben alkatea: 91.318€. Bere ostean dagoz kokaturik Donostiako Eneko Goia —83.870€—, Gasteizko Gorka Urtaran —81.860€—, eta, segidan, uriburu batekoa ez dan lehen alkatea: Getxoko Imanol Landa —7. postuan, 79.151€—. Zerrendako goiko postuatan ondokoak ebe badagoz: Basauriko Joseba Andoni Busquet —15. lekuan—, Barakaldoko Amaia del Campo —17.—, Erandioko Joseba Goikouria —18.—, Durangoko Aitziber Irigoras —20.— Galdakaoko Ibon Uribe —22.—, Mungiako Ager Izagirre —23.—. Horreek danek, hurranez hurran, urtero-urtero 72.500 bat euro inguru poltsikoratzen ditue, hots, Espainiako ministroen pare. Halaber, zerrendean gertu daukiez, 68.000 euro inguruko soldateagaz, Gernika —38.—, Leioa —39.—, Beasain —40.— nahiz Bergarako —41.— alkateak. Lehen postuko gehienak Bizkaikoak dira, eta EAJkoa ez dan lehen alkatea topetako, 67. posturaino jo behar dogu: PSEko Miguel del Toyos eibartarra. Nahiz eta, egiari zor, zerrendean ez diranez alkate guztiak agertzen, 74.000 euro irabazten dituan Portugaleteko PSEko Mikel Torres aipatu beharko geunke, berbarako.

Datuoi eta norberaren nominari begiratu azkarra emaon ostean, galderak arrapalada batean jatorkuz: 3.800 biztanle eskas dituan Zestoako alkateak —EAJko Josetxo Mendizabal, hain zuzen be— urtero 53.234 euro —%47 igo eban— irabazteak zentzurik ba al dau? Langabezia %20koa eta prekariedadea zeharo zabaldua dituan Barakaldo lako herri baten, arazo horreek konpontzeko jarritako agintariak zergaitik jaso behar dau horrelako dirutzea herritarron partikeratatik? Herritarren artean diru gehien jasotzen dabeenen klub selektoan politikari poteredunak egoteak sistema demokratikoari onura ala kalte egiten deutso? Hauteskundeen atarian danon ongizatea jomuga daukiela aho bete hagin errepikatzen dabeen horreen eta herritarren arteko soldata arrakalea hain agerikoa izateak politikearekiko interesa gitxiagotu ala haunditu egiten dau? Alkatearen soldatea igotea inongo alderdiren hauteskunde-programatan azaltzen ez bada bere, zerrendako alkate horreek danek hartu eben lehendabiziko erabagia horixe berori izatea ohikotzat hartu behar al dogu? Eta, batez be, alkateak alkatearen soldata erabagitea, herritarron ezelako kontrolik bage, jarrera demokratikoa al da?

Eremu geografiko edo alderdi guztientzat baliagarriak diran itaunak dira, baina gu geurera etorrita, EAJko eta PSE-EEko zuzendaritzeak EUDELen adostutako erizpideek legezko bilakatu dabe jokamolde hori, tokian tokiko errealidade ekonomikoa alboratuaz; soldatak aurrean ikusita, beharbada, errazago ulertuko dogu zergaitik diran hain ugariak enpresarioak —gizartean, hain zuzen, gitxiengoa diranak— aginte postuatan.

Herritarron zerbitzura behar egiteko prestutasunak konpromiso zehatzakaz batera lagunduta behar dau; eta, jakina, ordezkari publikoek, bizitza publikoan pisu nabaria daukienez, eredu izan behar dabe.  Hortaz, ordezkari publikoek zergaitik ez kobrau tokian tokiko herritarrek hilero-hilero jasotzen daben bataz besteko soldatea? Langabetuak be kontuan hartuta, noski. Gaur egun, datu hori Eusko Jaurlaritzeak eskeintzen dau, eta herriari, tokian tokiko errealidadeari, lotutako neurri bardinzaleagorik nekez eskuratuko dogu. Herritarrok bizirauteko bataz beste kobretan doguna alkateak be kobrauko baleu, ez al leuke politikeagako mesfidantza orokorra apalduko eta, era berean, herritarron parte-hartzea erraztuko? Ez al leuke lagunduko, agintean dagoan alderdiaren kolorea edozein izanagaitik, horren debaluatua dagoan politikarien berbeari merezi dauan balioa emoten?

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu