Lapiko arteko lubakiak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-12-27 01:25

Ustez familiakideak poztasunean batzeko diran mahaiganekoak, sarritan, gerrako fronteak bihurtzen dira, baladun berbaz eta labandun begiradaz kokoteraino josiak.

Zientzia, honezkero, edonora heldu leiteke, baita gabonetara be; gauza berbera telebistearen kasuan, azken hau gabon-ospakizunakaz zarratuago lotua. Ba, atzo kutxa ahalguztidun nahiz orojakile horretan ikusi nebanaren arabera, Valentziako zein Torreviejako ospitaleatan alkarlanean ibili diran mediku-talde bik  adierazo dabe, gabon-sasoian oturuntzen ostean, politika-auziez jarduteak osasunari modu zuzen-zuzenean eragiten deutsola; are gehiago, sortzen dan kalte hau askozaz esanguratsuagoa ei da kontzeptu politiko, ideologiko edo erlijioso oso ezbardinak defendiduten dituenarentzat.

Neurri baten, sikiera, bat nator mediku-taldeak plazaraturiko azterketearen emoitzakaz: gabonetakoa garai zinez egokia da erlijinoagaz loturiko sentimenak dirala-eta min eragiteko, fede nahiz kultura kristinauan oinarrituta dagozan jaiak diran neurrian. Espezialistok gomendaturikoaren arabera, jarrera lasaiari eustea, gatazken kontrako ikuspuntuak azaltzea edo jai-giroan alkarren arteko diferentziak albo batera baztertzea dira egin beharrekoak. Holan, beste barik, horren erraza balitz lez.

Ganera, mahaiganeko honeetan, zelan edo halan, lasaitasuna lortu eta norbere ikuspegiak erakustea buztartu behar dirala dinoe osagileek, nire eretxiz, sarritan guztiz alkarren kontra dagozan kontzeptu bi. Politikea edo norberaren ideologia lako gai delikaduak ia-ia klasiko bihurtzen hasiak dira afalosteko barriketatan. Alabaina, nik gehigarri barri bana egin gura neuke: lotura sentimental zaharrak eta sexua. Lehengoak, gehienetan, hizlari bakar baten bakarrizketa jasangatxetan amaitzen dira, inguruko guztien hondamenerako; bigarrena, ostera, hasikeran gai dibertigarria zein erakargarria subertau leitekeen arren, erasotzat eta gerrarako garrasitzat ulertua izan daiteke belaunaldi eta, ondorioz, erreferente ezbardinetako personentzat.

Amaitzeko, ezin leiteke post hau amaitutzat emon azken zehaztapen bat egin barik: sendi danatan dago zeozelako figura bateratzaileren bat. Normalean, arratsalde eta iluntze osoa ezkaratzean gotortuta emon dauen eta berak kozinautako jatekoa gozo dagoala entzutea besterik gura ez daben ama edo amamaren bat izan ohi da; osterantzean, gerrako edo gazte garaietako pasarteak hogei milagarrenez kontetan dituan aitaitak beteten dau egiteko gatx eta xelebre hori. Orain arte ikusi dodan edo kontau deustien kasu danatan, familiartean benetan errespetatua dan personea izaten ei da pakearen bandera zuri horri eusten deutsona.

Bandera zuria dinot, askotan mahaiganekoa gudu-zelai bihurtzen dalako eta, gerra horren barruan lubaki seguru bat topetan daben bakarra mahai azpiko txakurra izaten dalako, mahaiaren hanken eta euren burua besteen ganetik ikusteko beharrizana daben kokoloen hanken artean janari-hondarren bat bilatu guran.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu