Mendebaleko atalasetik
2018-12-24 19:08Mendebaldean gehien saltzen daben egileatako bat da Haruki Murakami (Kioto, Japonia, 1949). Bere liburuak japoniar literaturearen oraina eta geroa dirala adierazo dabe hainbatek: are gehiago, berea Mendebaldeko ezelako idazle batek sor ezin leukeen obrea dala esatera iritsi dira, lanaren kalidadea bakarrik gure kanonean sartzeko nahikoa arrazoi ez balitz lez. Haren libururik irakurri ez dozula, egilearen izena bera arrotza jatzula esan eta sinesgogorkeriaz begiratuko zaitu jenteak, hori bai, gizalegez jokatu ohi daben jentemodua baldin bada. Izan bere, leitekeena da halako ezjakintasunaren aurrean ingurukoek euren mespretxua garbi azaltzea; gauzak holan, komunidadetik kanpo sentitzearen zamra ezin eroanda, hurren dagoan liburutegira joko dozu ditxosozko Murakami horren azkena erostera, letren paradisuko ateak edegiko jatzuzan itxaropenez.
Alabaina, askok uste dabenaren kontra, japoniar gizartea erdibituta dauka Murakamiren obreak: batzuek —gazteek batez bere—, batetik, pentsetan dabe euren herrialdeko letrei azken hamarkadan gertatu jaken onena dala, hau da, aire barriak nahiz garaikideak zabaldu dituala; beste batzuen ustez, ostera, Haruki Murakamiren literatureak japoniarretik ez dauka ezer, estilo zein eduki aldetik guztiz mendebaldarra deritxelako. Masao Miyoshi literatur adituaren ustetan, Murakamik ez dau Japoniari buruz idazten, liburu erosle atzerritarrek Japonian ikusi nahi dabeen horri buruz baino. Bien bitartean, Kenzaburo Oe Nobel saridunak zera dino, Murakamik japonieraz idazten dabela, baina haren idazkerea ez dala erabat japoniarra… New Yorken, kasurako, naturaltasun osoz irakur daikielako ha.
Murakami, baina, ez da hain harrera kontrajarriak eragin dituan egile japoniar bakarra. Banana Yoshimoto dogu pareko beste adibideetako bat. Japoniar akademiaren arabera, Yoshimotoren probokazino mailea are okerragoa da: Murakamik japoniar izendapen jatorrari eusten deutso, behintzat; bestela esanda, abizena lehenik eta izena ondoren idazten dau. Yoshimotok, ordea, Banana abizena hartzeagaz nahikoa izan ez eta Mendebaldeko estiloari jarraituz sinatzen dau, izena lehenengo eta abizena ostean. Beharbada, txikikeria hutsala eta banala dirudi horrek, baina Japonian gizabanakoak gizartean beteten daben lekuaren adierazgarritzat joten da izen eta abizenaren ordena. Alegia, norberak bere sendiari zein arbasoei zor deutse izena eta izana, hortik abizenari izenari baino esangura handiagoa emotea. Aurrekari horrekaz ez ginake harritu behar egileak bere lehen lanari Kitchin(1993) izenburua jarri izanak, ingelesezko kitchen —sukaldea— berbea japoniarrek ahoskatu lez idatzita. Lana nobela labur batek eta ipuin batek osoturik dago, eta Mendebaldeko hizkuntza sozioekonomikoan erabat trebaturik dagozan japoniar gazte batzuk ditu protagonista. Mendebaldeko idatzizko bitartekoetan ohitura komedia modura deskribau eben lana, ikutu lirikoa bere badaukana, hain japoniarrak diran motiboakaz —galerea, samina, familia, maitasuna. etb.— batera agertzen dana. Bestelakoa da, barriz, Miyoshiren balorazinoa: haren ustez, Kitchin Japonia amerikanizadu baten aldeko aldarria da, argi eta garbi.
Murakami, Yoshimoto eta pareko idazleek lortu daben arrakastearen harira, japoniar literatura formalaren eta ez-formalaren inguruko eztabaideak hauspoak harrotu ditu aspaldion. Sinpleegia litzake esatea Japonia ez dala bere idazleen arrakasteagaz gehiegi pozten; aitzitik, arazoaren gakoa arrakasta hori ahalbidetu dabeen balio kulturaletan dago: Mendebaldeak japoniar literaturaz dauan irudia Bigarren Mundu Gerra osteko asmakizun hutsa da. 1950 eta 1960ko hamarkadatan, Japoniaz eukan ezagutza eza gainditze aldera, hango literaturea itzultzeari ekin eutson Mendebaldeak; itzulpenari propio heldu baino lehen, dana dala, japoniar literaturearen kanona osotu behar eban lehenengo, herrialdearen arimea hoberen islatzen eben egileen lanetan oinarri hartuz. Irizpide horren arabera, idazle zerrendea ondoko izenetara mugatu zan: Jun’ichiro Tanizaki, Yasunari Kawabata eta Yukio Mishima. Jakina, hiru egileen lana mespretxau barik, esan beharra dago kanon horrek Japoniagaz —herrialdea bere konplexutasun eta aniztasun osoan aintzat hartuta— baino gehiago Mendebaldeko gustu literarioakaz harreman estua eukala. Halaber, Mendebaldeak Japoniaz eukan ustean oinarritua egoan, Japonia iragan galduaren irudi nostalgikoa izanda, samuraien ohore kodea: exotikoa nahiz arrotza, aldi berean.
Estereotipoek bizitza laburra daukie baldin eta kanpotik ezarriak baldin badira, baina hareen oinarrian dagoan kultureak — kausea edozein dalarik— bere egiten dituanean gatxa da estereotipoa egiatik bereiztea. Horixe da, funtsean, Japoniak japoniar literatureari buruz daukan eretxiagaz gertau dana. Mendebaldearen diskurtsoa bere egin du bere literaturea definitzeko orduan, asmakizuna zana totalizatuaz eta naturalizaduaz. Horrek ez dau esan gura Jun’ichiro Tanizaki, Yasunari Kawabata eta Yukio Mishima japoniar literaturaren adierazgarri ez diranik, noski, baina hareekaz ez da japoniar gizartearen iruditeria amaitzen. Murakami eta Yoshimotoren lana hareena lako japoniarra da. Kontua zera da, Japonia bat eta bakarra dala sinestu gura dabeela batzuek, baina horrelakorik ez da egundo existidu, Mendebaldearen ametsetan ez bada.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!