Epaile barria

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-12-21 19:10
2019ko iraila, atzera be, txirrindularitzearen hila izango da euskaldunontzat.

Igazko Oiz mendiko etapea euskal txirrindularitzearen gailurra izan zala baieztau leiteke; Espainiako Itzuliak, horretaz jaubetuta, atzera be euskal lurretara bueltetea erabagi dau, hiru etapa Euskal Herritik igaroko diralarik. Donapaleu eta Urdax artekoa izango da geurean ospatuko dan lehenengoa; hurrengoak, barriz, Nafarroako Zirkuitotik Bilbora arteko bidea egingo dau; uriburu bizkaitarretik, barriz, Kantabria aldera joko dau karrereak, Los Machucos aldera.

Roberto, topau egidazu ibilbide alternatibo bat, Bilboko ailegaerea bizituko dauan zeozer”, esan eutson Roberto Laiseka kolaboradoreari Vueltako zuzendari Javier Guillének. Bilbo, izan be, muinoz inguratua dago eta, hain zuzen, Errekaldetik hurre aurkitu eban gernikarrak etapa-akaburako konponbidea: Arraizera igoerea, mahastiz beteriko bidetxu batetik. Laisekari, hasiera-hasieratik, ibilbide horren gogortasunak harritu eutson: ia bi kilometro ditu, %20ko aldatsakaz. Goian, aldiz, uri osoaren ganean egotearen harrotasuna.

Arraizko mendatetxua irailaren 5ean igon beharko dabe, hamabigarren etapean. Horren aurretik, baina, Urrutizmendiko gaina (Fikan) eta Viverora igoerea (Lezamako aldetik) pasau beharko ditue txirrindulariek. Behin Arraiz igonda, Kastrexanatik Basurtu partera bajatzea eta Bilboko bihotzera bete-betean aurrera egitea baino ez jake geratuko. Denporean atzera egin ezkero, Espainiako Itzuliak lehendabizi Bilbo zapaldu eban ekitaldia 1885ekoa izan zan. Egin dau, bai, euririk orduz geroztik. Lehen edizino euskaldun hartan, hain zuzen be, ziklistek Sollube, Urkiola eta Orduña igo behar izan zituezan, Bilbora ailegau orduko. Ostean, Anquetil, Bahamontes, Loroño, Merckx, Ocaña, Poulidor edo Fuenteren erretratuak itxi euskuzan lasterketeak.

2011n, ordea, etxeko bat gailendu jakun uriburuan: Igor Anton galdakaoztarra. Orain urte bi, barriz, Jens Keukeleire flandriarra subertau zan garaile kale bilbotarratan. Bi edizino horreetan, alabaina, ez zan Arraiz mendia lako epaile zorrotzik egon. Bilbokoa, ganera, etapa benetan erabagigarria izango da konpetizinoaren baitan: Pauko erlojupeko-saio inportante batetik etorriko dira parte-hartzaileak eta, ondoren, Kantabriako nahiz Asturiasko etapa gogor-gogorretara egingo dabe (hiru horreek sailkapen orokorrari begira benetan esanguratsuak).

Oro har, Bilbokoa (eta Euskal Herria bera, esango neuke) beti izan da txirrindularitzeagaz estukiro loturiko lurra; aurten, habaler, Arraizek emongo deutson gehigarri extra horrek zaletu danak erakarri beharko leukez. Bilboko etapa-ailegearen apustua, beraz, martxan da. Orain artekoakaz (batzuri gustau ala ez) bete-betean asmau dau antolakuntzeak eta, hortaz, orain arteko dinamikakaz aurrera egin ezkero, beste arrakasta entzutetsu baten atarian gagozala esan leiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu