Zenbaki irabazlea
2018-12-19 17:38Joan zan egunean, ama etxean hasarre bizian parau jatan, gabonetako loteria-zenbaki bat onartu gura ez nebalako.
Beharbada, azaleko kontua emongo dau, baina nik neuk, behintzat, benetan argi daukat: ez nago ez gabonetako loteriaren, ez beste ezelango loteriaren baten alde. Eta ez dot egon gura. Berbara ekarri gura dodan istorioa holantxe hasi zan: amak mahai ganera hurreratu eustan aita pontekoak niretzat propio erosiriko loteria-zenbakia; nik, lehenengo eta behin, aita besoetakoari mezu bat bialtzea erabagi neban, eskerrak emoteko eta, batez be, zelan dabizen itauntzeko —bidenabar, gaur egun zinez gitxi egiten dana, hau da, benetan entzutea; egidazue kasu, benetan entzuten dabenak benetan maite dau…—. Ostean, amari txartel ha neronek, sikiera, ez nebala gura autortu neutson, ez dodala loterian sinisten,
Orduantxe hasi zan sarritan hain maitakorra eta beste horrenbestetan horren gorrotagarria dan izaki misteriotsu haren odisea partikularra —nik sorturikoa, jakina—. Amak bizia luzea zala eta dirua beti ondo datorrela abisau eustan eta, berebat, esker onekoa izan behar zala. Nik, jakina, ez neban ezer ulertzen, aitabitxiari eskerrak emoteko deia eskegi barria neukalako. Ahal bezain abilezia handienagaz baina nire mezua ahal bezain argien erakusteko asmoz, amari azaldu neutsan loteriarena nire buruaren kontra doan kontua dala eta, are gehiago, beti hil ala bizi lez defendidu izan dodan ororen aurkaria dala: nor naz ni loteria-txartel bat erosteko, ia-ia aldameneko ezkatzean sutean kozinetako eta ahora eroateko ezer ez daukienean? Nor naz ni partikerea benetan sentiduko ez dodan zenbakiz betetako, herriko autobus-geltokian dagoan gizonak gauero bere burua hotzaren hotzez estaltzeko kartoiak justu-justu dituanean? Nor demontre naz ni diru horregaz pozarren biziteko, orain arte benetako poztasuna gauez bakar-bakarrik paseaukeran, musika-doinu hunkigarri bat entzutean, ipar haizeak arpegian bete-betean jotean edo papel zuriari aurre egitean baino topetan ez dodala esan baldin badot?
Jakina, une haretan mahai ganean izan neban zopa beroa erosi eta kozinau ahal izateko, dirua behar da, eta baita erropak erosteko edo barrenean naukan etxea ordaintzeko be. Ez dot ziniko izan gura: gaur egun, dirua eta biziraupena eskutik doaz. Baina gauza bat zoriontsu bizi ahal izateko behar egitea eta, ondorioz, dirua irabaztea da eta, beste bat —oso-oso bestelakoa— dirua irabazteko bizitea, ekuazinotik benetako zoriontasunaren faktorea ezabatuaz. Orduantxe, loteria-zenbaki ha urteak joan urteak etorri defendiduten dabenenoen, esandakoen antitesia lez ikusi neban. Nik nire izerdiak, dedikazinoak eta sakrifizioak emoten deustan dirutik bizi gura dot; ahal dodan neurrian, nire patuaren ugazabea izan nahi dot eta, jenteari barregarria begitandu arren, diruaren morrontzeari gerra personal hori irabazi.
Amak, bere baitan zarratu, ume moko bat nintzala esan eta zeharo hasarratu orduko, nigandik entzun eban azken berbea ondokoa izan zan, zenbaki haregaz loteria tokau ezkero, irabaziriko zentimoatako bakotxa benetan behar dabenari eskainiko deutsadala eta ekintza horrek are gehiago haserrarazo ezkero, txartela nire eskuakaz erdibitu eta erreko dodala. Hori guztia ez bakarrik loteriaren negozio ilun horretan ez sinistearren, ez nire izakerearen zutabeak beharrezkoak diran mugetaraino eroatearren, ez nire buruagaz paketan sentidutearren; hori guztia errespetu, duintasun eta, batez be, maitasun dana merezidu dabenakandik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!