Eskerrak ahulak garen

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-12-17 12:59

Etorkinen nazinoarteko krisia zeozelan berbagai bihurtu dan honetan, ondokoa ekarri behar geunke gogora, geu be garai baten etorkinak izan ginala, halabeharrez.

Europak kostaldeko ateak zarratzen deutsiez, itsaso zabal eta hiltzailera kondenatuz, baina honezkero erdi normaltzat daukagu; Trumpek harresi erraldoi bat eregi gura deutse, baina daborduko ez jaku hain harrigarria begitantzen. Hori da etorkinen kontuagaz loturiko eztabaidatan —halaber, egin beharko litzakezanak baino dezente urriagoak diranak— barruntetan dodan ikuspuntua.

Hori holan, bene-benetan bihotza bete eustan atzo Gernikan atondutako ekimenak, izan be, orain dala hilabete pare batetik, etorkin senegaldar batzuk daukaguz herrian, herriko gazte konprometiduek euren izerdi propioagaz —eta udalaren ezezkoari arpegia erakutsita— bidaiari transkontinentalok ostatu hartu ahal izateko atonduriko etxebizitza inprobisaduetan biziten. Joan dan domekan Gernikako Batzar Etxearen eta Arbolearen aurrean batu ginan, hain zuzen be, herrira hurreratu jakuzan personoi gure alkartasun dana adierazoteko eta, bidenabar, gu geu be behinola etorkinak izan ginala aldarri egiteko. Horretarako, Gernikako bonbardaketatik bizirik urtendako emakume bat gonbidau genduan, haren borondatearen kontra baina biziraun ahal izateko geuretik hanka egin behar izan ebana, oraindino umetxua zala.

Era berean, Senegal aldeko lagunei gure herrian 1937 urrun baina hurreko haretan jazotakoa azaldu geuntsien eta, horrezaz gan, geurean bizitakoak euren herrian emondakoen pare-parekoak dirala erakutsi. Zeozer benetan magikoa izan zan: interkulturala, publiko baina intimoa, sentikorra eta latza. Hareetako batzuk, honezkero, gure ohituretan zein folklorean guztiz barruratuta ikusi genduzan, gugandik ikasteko borondatetsu egozan: euskerea ikasteko, herria ezagutzeko, herritarrakaz berbetako, gure usadioak praktikan jarteko. Euskaldun izateko, hain zuzen.

Europan senegaldarra nahiz etorkina izatea begi txarrez ikusia dala esan eban batek; guk, ostera, batzuk euskaldun izatea oraindino be gitxietsi baino gura ez dabela erantzun geuntsien; odol ezbardina, zuztar ezbardinak, izakera ezbardina eta etorri ezbardina izanagaitik, danok bat bakarra lez sentidu ginan atzo eta hori guztia blog bateko testu baten erakusten saiatu arren, ez dot lortuko bihotza zelan bete eustien azaltzea. Eskerrak ahulak garen, ahultasun horrek gure artean batzeko aukerea emongo baldin badeusku.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu