Lagun arraroarena

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-12-14 13:28
Nire bizitzeagaz bai egin leitekeela nobela bat, esan eban.

Adiskide artean edo, oro har, jendartean lantzean behin idazle lez aurkezten bazaitue, jenteak atoan egiten dau zure zelanbateko imajina edo irudi imaginario bat, zure itxura fisikoa eta zure inguruan entzun izan dituen esamesak oinarri hartuta. Horregaz lotuta, segiduan abiatzen da balizko hipotesien korrontea: eten barik gai nahiz inspirazino bila zabizela, eta esango dabenagaz kontuz ibilteko; zure testuetako hurrengo materia zein hizpidea bihurtuko dirala, tentuz ez badabiz, eta abar luze bat. Ganera, ez da denpora luzez esperoan egon behar borondate benetan zintzoz baina handigura apurtxu batez hurreratzen jatzun lagunak nire bizitzeagaz bai egin leitekeela nobela bat! dinotsun arte —izkiriatzea hain erraza, xaloa, sinplea eta azalekoa balitz moduan—. Nire irakasle eta, batez be, lagun Pako Aristik afera horren aurrean plazaratu beharreko erantzuna argiro erakutsi eustan behinola: jarri egizuz 8.000 euro mahai ganean eta egina izango dozu. Ez dago argitu beharrik hori esateagaz batera bere biziaren elabarri pertsonalaren idea kamuts hori atoan joaten jakola burutik, hasikeran harro samar agertu jatzun lagunari.

Bene-benetan uste dot jenteak ez dakiala zer demontre dan orri zuriaren aurrean paratean sentitzen dan egonezin agoniko hori; gaiaren eta zure barreneko potentzial igeskor horren arteko boxeo lehia argi eta garbia da, zeinek azken ukabilkadea emongo. Idaztea ez da —eta ezin leiteke ezelan be izan— eskribitzearen ekintza hutsala eta banala: idaztea irakurlearen barrenak astintzeko prozesua da, bere tripetan uger egitea, bere bildurrik latzenak detektetea eta hareen araberako pasarteak jostea. Sarritan, gertakaria bera ez da horren inportantea, nik uste; benetan garrantzizkoena zera da, gertakari hori oinarri hartuta ehuntzen dan artifizioa edo produktua irakurlearentzat sinisgarria, irakurten gogorra edo berezia eta, batez be, gogoangarri edo memorablea izatea. Beste dana, askotan, hauts eta tinta hutsa izan ohi da, papelak exijitzen dauan atxakia xumea, ez beste ezer.

Testu bat brodatu behar dogunean, izan be, ez dau ia-ia ezertarako balio ekintzak, gertakizunak, testigantzak edo datuak konteteak: kontakizuna bere osotasunean atondu beharra dago, irakurleak bere egin behar dau testu hori, hau da, bere esperientzia pertsonalera aplikagarria sentidu behar dau irakurten dagoan hori; azken baten, testu horrek gozarazo egin behar deutso, ados, baina sufrimentu puntu erabagigarri bat be sorrarazo behar deutso, halako min gozagarri bat. Bestela beste testu bat izango da eta ez, ostera, bere testua. Jakina, hiztun trebe baten etorriak eta berba-jarioak bere efektua dauka grabadoren edo periodismoaren munduan; jentea barrutik ikutu gura badozu, aldiz, ahaztu soberan dagoan berba oro: hizkuntzea ekonomizau egizu, gehiegikeriak, sarri, sentimenen antonimo eta uxatzaile dira-eta. Gakoa beste hizkuntza propio bat sortzean datza, irakurleari ezaguna egingo jakon erregistro intimoa, bere sentimenduen tintazko proiekzino bat. Hori guztia egiten baldin badakizu, lagun, erakutsi egidazu, neronek —eta gehiengok, esango neuke— oraindino ez dot tekleagaz jo-eta. Egia esateko, eta nik kontroletan ditudan baremoen barruan beti be, esku bakar bategaz zenbatuko neukez gure gogoeta-bide kaotikoak benetan ganoraz imitetako ahalmena daukien egungo idazleak, alegia, penea merezi dabeen egileak.

Nire lagun harek lez, jenteak bizitza bat kontetea nahikoa dala uste dau, baina ez da halan. Istorio bat autentikoa, intimoa, pertsonala, gorena, konprometidua eta memorablea behar da izan, gugan bidea egingo baldin badau. Irakurleak bere buruari nola heldu naz ni honaino? itauntzen ez badeutso, ez deust ezertarako balio, paper-pladurra baino ez da eta, noski, ez dau gure barruko izotza aizkorakada ziur batez puskatuko.

Bizian lagunduko deuskuen kontaketak eta gure azalean tatuetako lako pasarteak idaztea sufrimentu, pazientzia, aktibismo, konpromiso, teknika eta hutsegite piloa beregan dituan prozesuaren ondorio da. Idatziriko hori benetan ona baldin bada, irakurle, zure bizi erreala ikusiko dozu paperaren bestaldean eta zure bihotzeko baztar berezi baten eroango dozu betiko, ordura arte irakurririko ia dana ahazteraino. Azaltzen saiatzen nabilen esperientzia edo bidaia hau lehen pertsonan bizi gura badozu, itxi egidazu, faborez, gomendio bana egiten: batetik, ez egizu idazlea aurretik juzgatu eta, batez be, zorotzat, arrarotzat —eta, zuk uste ez arren, bere testuakaz barrena ikutzeko lakotzat— dozun horrek egiten dauana balorau egizu; bestetik, ausartu deskribidu barri deutsudan esperientzia hori bizitera eta sartu liburu dendatara, interneteko blogetara edo lagun xelebre horren ingurura. Gauza bi baino ez jatzuz exijiduko: zure inplikazino personal guzti-guztia, hau da, merketzat daukaguna eta libururen bat erosteko 20 bat euro, hau da, garestitzat daukaguna…

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu