Une horretan
2018-12-12 13:19Guztia betiko lez joian, tabernako zorua zapaldu dodan arte; orduan, dana aldatu da, egoereak eta neure buruak espero ez neban 360 graduko birea egin dabe.
Joan zan egunean, kameren aurrean zeruak eta lurrak mobidu dituan Euskaraldiaz zein eretxi neukan itaundu eustan ezagun batek, segapotoaren bestaldetik. Nik, artean, ondorengo erantzuna atondu neban nire garunean, nire hatzamarrak oraindino beharrean hasi orduko. Euskaraldia euskaldunok gure egunerokotasunean daukaguzan ohitura linguistikoak errotik eraldatzeko erne zan ekimena izanda, ez da inondik inora erraza epai bakar aldaezin bat izatea.
Askotan aitatu izan dan arren, nire ustez be, Euskaraldiaren benetako erronkea bere akabuan etorri da; bestela esanda, Euskaraldiaren erantzun ona ziurtatzeko, Euskaraldiaren beraren heriotzea guztiz beharrezkoa da. Ekimen zehatz baten barrenean gagozala sentidu bage euskeraz biziteko kapaz garela ikusten dogunean baino ezingo da Euskaraldia arrakastatsutzat jo. Ordura artean, etenik bako esperimentazino-prozesuan sartuta gagozalakoan nago.
Normal antzekoa da Euskaraldiak merezidu izan dauela entzutea edo irakurtea, persona bakar baten ohitura linguistikoak hobetzeko gauza izan baldin bada. Horregaz, hain zuzen be, bat nator. Itxi eidazue, kasurako, orain astebete pasau jatana azaltzen. Bilborako autobusera igoteagaz batera egun on abegikor bat esan neutson —normalean horren abegitsua izaten ez dan— txoferrari; gidariak, barriz, hola lehor batez erantzun eustan. Horraino, nire egunean-eguneango istorioa betiko lez joian, normalean gaztelaniaz erantzuten dabe eta. Behin uriburura ailegauta, lehenengo klasea emon neban. Eskola honetako ikasleak erakunde publiko bateko beharginak ziran eta hareen motibazino bakarra euren postuari eutsi ahal izateko edo promozinoan gora egiteko B2 mailako agiria eskuratzea zan. Emoitzea, beraz: hizkuntzearen balio instrumentala. Beste berba batez, hizkuntzea jomuga zehatz eta praktikoetarako ikastea —kasu honetan, lan-kontuak—.
Eskola hori amaituta, barriz, EGA mailako ikasleak sumatu nituan korridorean berbetan, gazte jentearen ahotsak eta gaztelania hutsa entzun nitualako. Ordua pasautxu emon genduan atariko-probetako nondik norakoak zuzentzen, idatzizko zatirako balizko estrategiak edo taktikak lantzen eta ahozko jardueretan ahal beste sakontzen. Klasea amaituta, ikasleek atzera korridorerako bideari ekin eutsen eta, behin atea atzean itxita, eskolara sartu orduko alkarrizketeari berrekin. Gaztelaniaz, zelan ez. Emoitzea, beraz: hikuntzearen balio instrumentala. Beste berba batez, hizkuntzea jomuga zehatz eta praktikoetarako ikastea —kasu honetan, ikasketa-kontuak—.
Baina kafea hartzen dodan tabernara sartzeagaz batera nire egunak egundoko itzulipurdia egin eban. Jakin banekian Euskaraldia, ordurako, amaituta egoala eta, horrenbestez, ez zala derrigorra ahobizi edo belarriprest rolen txapak soinean eroatea. Ez hori bakarrik: banekian tabernako ugazabea —eta bere familia—Gaztela aldetik etorria zala, orain dala urte franko, eta egunotan belarriprest ei zala. Egun haretan, alabaina, ez eroian inongo txapa edo agerkaririk. Bapatean, beti botaten eustan ¿lo de siempre? barik, betiko moduan? esan eustan eta une haretan, gure begiradak kasualidade sistematikoz ala kausalidadez gurutzau ziran. Orduantxe, irribarre zintzo bat egin eustan eta nik, non sartu ez nekiala, bai, mesedez erantzun. Kafeak nire urdailera bidaia egiten eban bitartean, ondokoa pentsau neban: kontxo, balio izan dau ba zeozertarako.
Oro har, ez dakit Euskaraldiak zein puntutaraino bete dituan espero ziran aurreikuspenak. Nire kasuan, behintzat, erabateko arrakastea izan dala esan neike.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!