Immobilismoaren lobbya

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-12-10 17:26

Orain urtebete, Durangoko Azokea euskal kulturearen oasitzat jo neban, inguruan daukagun mass media globalaren ifrentzuan.

Baina nazinoarteko produkzinoak dakarren hierarkiatik zeozelan kanpoan egoteak ez dau esan gura gure itsaso kultural txiker horretan hierarkizazinoaren amuari haginka egiten ez deutsagunik. Durangokoa bidean dagozan egile nahiz sortzaile gazteek euren burua apurka-apurka ezagutzera emoteko eszenatokia lez saltzen dogu lau haizetara; era berean, badagoz urte osoko esperantzea Durangoko zita horretara apustu egiten daben desesperantzaduak be.

Baina nik ez deutsat afera horri erreparau gura, oraingoan ez, sikieran: oraingo honetan, Durangon —beste aukerarik ezean— artista zein egile independenteen postuei emoten jaken babesaz eta sustapenaz berba egin gura neuke. Musikagintzan ikusi dot, hain zuzen be, aurrerapausorik azpimarragarriena, kontu horri jagokonez: Musikazuzenean-eko nahiz Bonberenea Ekintzak-eko lantaldeak lan eta lan ibili dira egunero-egunero hainbesteko babesa eta izena izatea lortu ez dabenei —baina, dana dala, upealako artistak diran horreei— espazioa, ikusgarritasuna, plaza libre eta erakargarria, salmenta-postua eta hain inportantea dan background baldintza bakoa emoten.

Literaturearen alorrean, baina, betiko kordelari tiraka ikusi ditut industria horretako buruak, zeozelan esateko. Elkar nahiz Erein moduko munstro izugarriak —neurriagaitik dinot— stand ilara osoak okupetan ibili dira, saldu eta saldu; bien bitartean, egile independenteek, hau da, argitaletxe edo editorialetan lekurik eduki ez dabenek azokearen baztar baten kokaturiko erakusmahai apal baten erakutsi behar izan ditue euren lan zein ekarpenak. Seguru asko, produktuok argitara emon ahal izateko, euren partikeratik jarri behar izango eben dirua, baina hori be beste baten kontau beharko da.

Azken baten, idazle gazteak dan-dana zor deutso idazle beterano edo eskarmentaduari: eredua, motibazinoa, zaletasuna. Hori bai, ez deutso bere lekua zor. Etorkizuneko plaza hori kontsumitzaile edo hartzaile guztiona dan neurri berean izan beharko litzake egile edo produktore danona. Eta danona dinodanean, dan-danona dinot. Ez dot sinisten —eta ez dot sinistu gura— literaturea, musikagintzea, komunikabideak edo kultur produkzinoa behar baino mobigatxagoa dan lobby baten parte diranik… baina idea hori geroz eta sinisgarriagoa subertetan jat, egia esan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu