Kontraistorioak
2018-12-08 17:00Ez da dozue inoz pentsau, gauza batzuri jagokenez, denporeak ez dauala aurrera egiten? Bestela esanda, kontu batzuk oraindino ez dirala aldatzen?
1998. urteko gabonila zinez hotz joian Madril aldean. Partidu berezia zan Errealaren eta Atleticoren arteko ha, aro latzak izanagaitik —bai futbolari, bai haren inguruko parafernalia guztiari jagokonez—. Vicente Calderón estadioaren ingurumariak nahasi samar egozan, svastikak baloiagaz nahastetan ziran garaiotan: talderen baten jarraitzailea izatea arriskuzko jarduerea ei zan; Madrileko asfaltozko oihanean sartzea, ostera, hil ala biziko safaria ei zan.
Aitor Zabaleta gipuzkoarrak egin eban pekatu bakar-bakarra bere taldea maitatzea izan zan. Ez jat gustetan gai jakin batzuk —futbolagaz lotutakoak, berbarako— modu epikoegian edo kutsu mitikoegiagaz jorratzea, baina Zabaleta bere koloreen eta biolentziagan sinisten ez eben zaletu danen martiria izan zan. Horixe uste dot. Baina, zelan ez, hori ulertuko nahiz errespetauko ez eben franko egozan —dagoz— garai haretan eta hareetako batek bere bihotz haundia labankada koldar batez amatatzea erabagi eban, batek daki zergaitik.
2012ko jorraila, barriz, ez zan abendu madrildarra lako izoztua izan, Bilbo aldean. Athleticek Shalke 04 talde alemana etxean hartu eban, gaba epel baten: ustez, ez egoan svastikarik, ez egoan arduratzeko beharrizanik, ez egoan horrenbesterako tentsinorik. Baina, bapatean, ertzain batek Iñigoren bizipoza ostutea deliberau eban, harek be batek daki zergaitik, eta holan amaituarazo eban oraindino biziteko gauza asko, larregi, zituan gazte baten biziagaz. Tirokatu ebana, nik uste, ez zan bola bakar bat izan; airean urten zana gehiegikeria polizialen zein pasibidade instituzionalen itxikeria danen islea izan zan. Eta isla harek eroan euskun Iñigo gure artetik, betirako. Ordainetan, aldiz, kartzelea urte gitxi batzuez ezagutu behar izatea. XXI. mendeko justiziaren ajeak. Kontau dagiela, bestela, Manuri edo Finari; azaldu, osterantzean, futbolean sinisten daben jarraitzaile orori.
Horreek dira bizitea tokau jakuzan futbolaren kontraistorioak, bersino ofizialen ifrentzuan, leku gitxitan gogorarazoko deuskuezanak: justiziarik ezean, oroimen hutsalera behartu jakuzanak; egiarik ezean, gomutara bortxau deuskuezanak. Egarri handiegia eta urik ez, frustrazino hau asetzeko. Kable libre gehiegi eta bertan paretako txoririk ez, hildakoak hain erraz ahazteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!