Bakardadea azaldu eustan

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-12-05 12:57

Ezertan fetitxistea edo mitomanoa ez dan honek gauza bat bakarrik gordeko dau urrezko zapitan, bere bizi osoan.

Egilearen dedikatoria edo omenaldi personala eskuz nire aitarentzat propio idatzia daukan Cien años de soledad liburuaren ale original bat. Ez zan sekula heldu beragandik metro batera egotera, baina bere zaletasuna ezagutzen eban lagun min batek eskatu eutson beretzat, Cartagena de Indiasen. Liburuaren barrenean, sinadurearen egiaztagarri, argazki bat agiri da eta bertan Gabo eskuetan daukan liburu hori bera sinatzen dabil.

Literatureari esangura azpimarragarria emoten geuntson orain urte batzuk, nerabezaroan, eta ez dakit nork bideratuta heldu zan nire eskuetara hain izenburu liluragarria eukan nobelea. Gogoan daukadan gauza bakarra da, irakurten hasi orduko, abduziduta, hau da, limurtuta eta haren gatibu sentidu nintzala, orri hareetan bizia hartzen hasi banintz lez. Udea euritsu joian Gernika aldean, eguneroko bizitzea nahiko grisa begitantzen jatan, 16 urteen urduritasunean abenturak nituan desio nahiz gurari: jazoera harrigarriak bizitea, persona gogoangarriak ezagutzea… Eta, hara non, ha guztia eskeintzen eustan liburu miragarriak, protagonisten izenetatik hasita: Aureliano, Arcadio, Ursula Iguaran, Remedios la Bella, Melquiades…

Kapitulu bat amaitu ostean, amesetara batzen nintzan, begiak zarratu barik gauzatzen diran horreetara; liburu ha hantxe aldamenean, Errigoitin, edo Bilbon edo Mauman idatzia izan eitekeela begitantzen jatan, begien aurrean neukan errealidadeari beste kontakizun baten oinarri harturiko egiazko istorio bat ezarri bageinkio bezela. Zein modu ederra nazino baten historia kontetako! Zein modu sakona agirian funts handirik bako bizitzak kontetako! Zelako inspirazinoa esaldi hareek idatzi zituanarena!

Laster baten, legenda edo mito huts bilakatu zan liburu ha: legenda, era berean, bere egilea, Gabriel Garcia Marquez. Fikzinoak zelanbaiteko funtzino katartiko bat eukala ulertu neban, fikzinoak balio ebala bizitzea bere handitasun guztian agertzeko, irakurketearen alorrari ekin barria zan nerabe haren bihotz sumindua baretzeko, frustrazinoagaz pakea egiteko. Kalera urteten nintzan, jenteari begiratzen neutson, eta neure artean pentsetan neban: Honeek ez dakie zer nabilen irakurten! Ez dakie zer nabilen deskubriduten! Idazle izan gura nebala pentsetan hasia nintzan, apurka-apurka: fikzinoaren arauak, askatasunaren aukerak, edozein gauza modu egokian idatzi ezkero sinisgarri subertau eitekeela, bazirala liburu bakarrak —bizi osoan irakurten egotekoak lakoak—… garaiko neskakaz egin bezela, bizi osoa hareei begira igaroteko modukoak.


Literatureaz maitemindu nintzan; ez, ostera, idazleaz. Hori dala eta, ordutiik ez dot tratu gehiegirik euki gura izan haren ondorengo izkribuakaz, dezepzinoa bera dalako mirespen larregizkoaren beste arpegia, liburuen atzeko azalaren izkinan esperoan daukaguna. Gero jakingo neban, Gabok berak alkarrizketa baten esanda, bere amamak izan ebala errua, egun baten garbi ikusi ebala amamak istoriorik harrigarrienak kontetako eukan naturaltasunagaz idatzi behar ebala, bai ala bai. Galiziarra ei zan haren amama kontalaria. Gauzak zuzen eta lehor —euskaldunon antzera— kontau barik, testuinguruan kokatzen zituan, antza. Jazoerakaz itzulinguru bihurgunetsu baina bikainak atontzen zituan ahoz.

Hau burua neurea, ia nobelako ahanzturearen garaietara lerratua: testua amaitzera ninoian, Gabok nire aitari egin eutson eskaintzea ipini barik. Holantxe dino: Cien años de buena compañía para Itxaso, el escritor. Nire odol-aurrekariari egindako eta neronek neuretzat egindakotzat hartutako bedeinkapen horregaz geratzen naz. Ha ezagutu nebanetik, ez naz gehiago bakardadearen bildur izan, ezta ehun urte irauten baditu be.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu