Zenbat bildur

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-12-03 17:19

Horixe da euren/zuen/geure buruak emoten deustana, sarritan.

Bildurra da Gernika-Lumo lako ia 18.000 biztanleko udalerri potolo edo jentetsuan 3.169 bizilagunek baino ez emotea izena, ustez gure herri txikiko —eta, nire eretxiz, txikiarazotako— hizkuntza-ohiturak errotik aldatu ahal dituan esperimentu sozial zinez inportantean parte hartzeko. Bildurra da oraindino be, Euskaraldia edo Gure Esku Dago moduko ekimen sozialak partidu politiko jakin batek antolatuak dirala uste daben jenteak erneten deustana; era berean, bildurra da euren burua herrigintzan edo produkzino kulturalaren alorrean parte-hartzen dagoala pentsetan daben norbanakoek transmitiduten deustiena, beti be inongo borondatetik, ilusinorik eta denporarik eskaintzen ez dabelarik.

Bildurra da hamaika egunetan euskeraz bizi ahal izateko aldarrikapenak nahiz argibideak lau haizetara zabaltzen ibiltako baina hamabigarrenean eurek esandakoetaz ahaztu diran horreek guztiek bialtzen deustiena. Bildurra da hizkuntzea egun bakar batera bortxaz mugatu daben horreen danen mezua; bildurra da berauen sare sozialatan euskereak 365 egun dinoan erretratua argitaratzeko adorea izatea, artean, aurrez aurre daukienari erdera hutsean eginaz.

Bildurra da PSOEk sozialista zein obrero adjektibo kalifikatiboak soberan dituala onartzeko kapaz ez diranek sorrarazoten deustiena. Ez hori bakarrik: bildurra da VOXek Andaluzian 300.000 botu atara barri dituala jakinda, gure inguruko munduagaz ze demontre egiten gabizen bere buruari galdetu ez deutsonak hazten deustana. Bildurra da 1936ko diskurtso politikoa eta Pablo Casadok darabilena berberak ez dirala onartzeko gauza ez danak emoten deustana. Bildurra da Podemos zelako handigureagaz eta mundua konpontzeko gogoakaz hasi zan ikusi ostean, gaur egun besaulkietara edo poltronetara zeinen ondo akomodau diran beste barik onartzen dauenak bialtzen deustana.

Bildurra da ETAren amaiera-egunean, pertsianea behin betiko zarratu zan egunean edo, bestela esanda, euskaldunon historia garaikideko egunik esanguratsuenean gure lehendakari jaun Iñigo Urkullu egon behar zan lekuan ez zala egon asumidutea —eta, horren ordez, gure balizko ekonomiaren alde borrokan egoala sinistea—. Bildurra da herrietako udaletarako hauteskundeak aurrean daukaguzala, bizi osoan alderdi baten ibilitako alkategaiak bapatean bandoz aldatzea, bere postu ustelari zelan edo halan beste lau urtez eutsi ahal izateko. Bildurra da herriko pasealekuaren erdi-erdian, ustez pakearen alde eregitako eskultureak gudarien zein armen irudiak izatea —pakearen izenean, jakina—. Bildurra da jorrailaren 26an egiten dan zendutakoen omenaldi eta lora-eskaintzean, oraindino be Espainiar Estaduko gobernua ez agertzea, Gernikako bonbardaketean euki eban pisua nahiz erruduntasuna ez dabelako onartu gura.

Bildurra da 2010ean kontzertu bat emoteko asmo hutsez egozan musika-talde bateko partaideei 60 lagunen artean —benetan modu ausarta, bai…— upealako jipoia emotea. Bildurra da 2018an Baionako zubi baten Fermin Muguruza eta Kaleko Urdangak, nazien lagunak pintadea agertzea, inongo arrazoi barik. Bildurra da zemendiaren akabuan karrikak gabonetako argiakaz eta balio bako apaingarriakaz topera betetea eta, bien bitartean, munduko globalizazinoaren kontra protesta egitea. Bildurra da futbol-zale bat tiroz hil eta kartzela-zuloan urte ziztrin bana baino egin behar ez izatea ordainetan; bildurra da manada berbea hemendik aurrera kutsu zikinagaz erabili behar izatea; bildurra da ama batek ume jaiobarria eskuetan hartu eta seigarren pisutik botatea, bere senarraren ukabilen izuz; bildurra da aitaita-amamak gabon sasoian baino bisitetan ez dituanak transmitiduten deustana, hori munduko gauzarik normalena eta ohikoena dalakoan.

Horreek danak eta askozaz gehiago dira aurrerabidearen, justiziaren, normalidadearen edo pakearen alde egiten diranak. Horreek danak dira gizartean baimentzen diranak baina gure barrenean, gure zirkulurik intimoenetan edo barruak askatzeko ibilten dodan blog baten bildurra sortzen deustienak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu