Belaunaldi arteko oztopoak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-11-30 14:32

Literaturea gazte jentearengana hurreratu gura badogu, guztiz beharrezkoa da eurei horretarako erreztasunak eskeintzea, mundu hori eskuragarria, interesekoa eta benetan edarra dala ikustarazoteko.

Beti aldarrikatu izan dot literatura-lehiaketetan izena emoten daben eta euren produktu literario amateurrak aurkezten dituen gazteen jomugea ez dala sariketa literario horreek irabaztea —irabaztea, errealismoa handiagoaz nahiz txikerragoaz, danon amesa izan arren—, ez dala best seller bihurtzea eta ez dala, inondik inora, egunen baten mundu horretatik bizi ahal izatea. Idazle gazteon helmugea gure barruan daukaguzan ideak, ikuspuntuak, ilusinoak edo gatazkak argitara emoteko balizko plaza bat topetea da, hau da, barrenean daukagun potentzial hori dana zukutu ahal izateko agerleku bat izatea.

Sarri esan ohi da literaturea gazteei hurreratu ahal izateko bideak urratu behar dirala; zidor horreetako bat, beharbada, kulturea zein literaturea halabeharrez sartzea litzake. Bestela esanda, eskoletan literatur lanak irunstera derrigortzea, nahitaez kontsumitzeko. Baina literaturea zeozer baldin bada, mundu fantastiko, zirraragarri eta, batez be, ludikoa da; beste berba batez: gauero hartzen dozun amorantearen parekoa behar dau izan. Osterantzean, ez dauka inongo zentzurik. Nik neuk, sikiera, ez deutsat aurkitzen.

Hain nerabeak ez diranen kasuetara ekarrita, zera ekari gura neuke berbara, sariketatan idazle erreputaduei edo ia-ia profesionalei parte hartzen iztea upealako hanka-sartzea dala. Berbarako, gaur bertan banatuko dira Lauaxeta Olerki Lehiaketako sariak eta irabazleak Gotzon Plaza eta Jon Barberena izango dira: biak ala biak alor horretan antzina sartuak, biak ala biak jada zeharo eskarmentatuak, biak ala biak letren munduan beharrean dabizanak eta biek ala biek itxi eutsen gazte izateari, bai aspaldi itxi be. Ez dago argitu beharrik bai bataren, bai bestearen kontra ez daukadala ezer, baina ez jat begitantzen zilegia eta bidezkoa danik sortzaile gazteenentzat lorbidea edo tranpolina izan leitekeen lehiaketean eurei, hots, idazle heldu eta esanguratsuei esku hartzea ahalbidetzea.

Ostean, ganera, argitaletxeek zeozelako gitxieneko izena, produkzinoa nahiz lorpena exijiduten deutsiez euren atea joten daben idazle gazteei: publikau ahal izateko, zeozer irabazi behar; egindakoaren saritik zeozer irabazi ahal izateko, materialak publikauta eduki behar. Inkoherentea lako ilogikoa iruditzen jat, bene-benetan. Argitalpenen mundura salto egiteko bermeak behar badira, sortzaile gazteei lehiaketetako —zein parekoetako— ateak zabal-zabalik itxi beharko jakez. Irabazi beharrekoak honezkero ondo irabazita dituen egileei ekuazino horretan esku hartzen laga ezkero, akabo gazteen —gazteon— aukerak, proiektuak eta, zelan ez, ilusinoak.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu