24 urteko odisea
2018-11-28 11:57Senaduko euskal ordezkariak Florida aldean dabiz egunotan, Pablo Ibarri babesa emoten, hiru hilketa leporatuten deutsiezan kasuaren aurrean.
Rosa Vindel senatariak parlamentuko ordezkaritzea talde bitan banatu behar izan dala aitatu dau: Ibarrek bihotz-bihotzez eskertu dau bisitea eta, Vindelen berbetan, bilerea benetan hunkigarria izan da. Antza danez, ordu eta erdi inguru egon dira Ibarregaz alkartuta, Casimir Sucharski, Sharon Anderson eta Marie Rogers hiltea leporatzen deutson kasua berbagai hartuta.
Sucharski Pembroke Pines herriko (Floridan) pub entzutetsu bateko ugazabea ei zan eta beste bi emakumeak haren esanetara beharrean egozan jantzariak ziran. Hirurak hil zituen, ustez, behintzat, jaubearen Miramar inguruko (Florida hegoaldean) etxera sartutako lapur batzuek, 1994ko bagilean. Ibarrek, 46 urteko gizasemeak, 24 urte daroaz hilketa hareen ustezko egilea izatearren giltzapean (24 horreetako 16, ganera, heriotzearen korridorean).
Dana dala, 2016. urtean Floridako Gorte Gorenak heriotza-zigorra indarbakotu eban, Ibarren kontrako frogak oso urriak ziralako; horregaz batera, beste epaiketa bat egiteko agindua be igorri zan. Epaiketa hau, hain zuzen be, joan dan urriaren 1ean egin eben, Dennis Baileyk zuzenduta. Vindelen arabera, Ibar bigarren epaiketa haretako ahozko fasetik sensazino positiboakaz urten ei zan baina, seguru asko, fiskaltzeak atzera eskatuko dau zigor gorena ezartea. Horrezaz gan, Vindelen esanetan, oraingo hau da tunelaren akabua ikusi daitekeen lehen aldia.
Ibarrek, bere defentsan, urte honeek danak zelakoak izan diran azaldu deutsie parlamentariei eta bere talde juridikoaren estrategiak sendotzeko gomendioak eskatu. Hori bai, politikari espainiarrak epaitegian bertan be egon dira, epaiketearen hurrengo fasea ezagutzeko, Espainiara bueltau orduko. Ez hori bakarrik: Floridako uririk esanguratsuenetakoa dan Fort Lauderdale-n be izan dira, Ibarrek epaiketa justua merezidu dauela adierazoteko eta zigor gorenaren aurkako euren ikuspuntua argitara emoteko.
Joe Nascimentok, Pablo Ibarren abogadu-taldeko partaideak, ondokoa esan deutsie parlamentuko kideei, fiskaltzeak topau dauen froga barri bakarra hilketea jazo zan etxebizitzan topautako kamiseta bateko ADN lorratzak dirala. Fiskaltzearen ustetan, lorratzok Pablo Ibarren aztarrenakaz bat datoz baina defentseak dinoanaren arabera, froga horreek kutsatuta dagoz eta prest daukie euren fidagarritasun-eza argitzeko argumentazino guztia. Teorian, sikeran, Ibar atzera hiru hilketakaitik kondenadua izan daiten, 2000. urteko epaiketan aurkezturikoak baino froga sendoagoak nahiz adierazgarriagoak beharko dira. Gauzak holan dirala, orain arteko lehenengo argi-printzak ikusi ditu Pablo Ibarrek, bere kasuak laino baltzen mehatxu zuzena izaten jarraituagaitik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!