Zifren aroa

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-11-26 23:27

Velon izeneko enpreseak txirrindularitzearen munduko sprinterik bizkorrenen datuak batu ditu, behin errepideko denporaldia amaitutzat emon ostean. 

Cycling Weekly agerkarian irakurri dot Velon erakunde entzutetsuak egungo sprinterren datuak aztertu eta pelotoiko esprinetan amaitu diran ailegaeratako indar- zein potentzia-zenbakirik adierazgarrienak batu dituala. Zenbaki gorena denporaldi hasikerean bertan heldu zan: Lotto-Soudal taldeko André Greipel alemaniar beteranoak lortu eban, Australiako Tour Down Under itzulian. Greipelek, hain zuzen be, 1.326 wattioko bataz bestekoa eta 76.8 kilometro orduko abiadurea atara zituan azken sprintean.

Bigarren potentzia-erreferentzia gorena Bora-Hansgrohe etxeko Sam Bennett irlandarrarena da. Velonek azterturiko sprintean 1.280 wattioko bataz bestekoa erakutsi eban; hau udabarri inguruan emon zan, Italiako Giroko etapa baten. Lasterketa horretan bertan, Italiako egungo txapelduna dan Elia Vivianik Bennett mendean hartu eban, hamahirugarren egunean. Dana dala, Vivianik 1.210 wattioko bataz bestekoa lortu eban hamasei segundu inguruko sprint klasikoan —hori bai, karrerea hasi zana aste bi ziran, ez da gauerdiko ahuntzaren eztula, hortaz— .

Hirugarren balorerik altuena topetako ez dago urrunegi joan beharrik, izan be, Vivianiren taldekidea dan Fernando Gaviria kolonbiarrak Frantziako Tourreko debut urtean upealako garaipena bereganatu eban, hirutan erreskadan munduko txapelduna izandako Peter Sagan maisuaren aurretik sailkatuaz. Sprint zoro harek iraun zituan hogeita bi segundutan 1.200 watioko bataz bestekoa jorratu eban Gaviria gazteak.

Behin Peter Sagan aitatuta, esan beharra dago bera be zerrenda horretan agiri dala, baina ez etaparen edo karreraren bateko irabazle lez. Suitzako Itzuliko datuak agiri dira, Sonny Colbrelli italiarra nagusitu zan partzialekoak. Bora-Hansgrohe taldeko txapeldunak 1.190 wattioko bataz bestekoa lortu eban, bai, baina ez zan etapea eskuratzeko nahikoa izan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu