Rosaren itzulerea
2018-11-23 11:00Akzino garaiak jada urrun geratu jakuz, orain ekintza horreen guztien ganeko hausnarketeak hartu behar dau erdigunea.
Asteon plazaratu da Pako Aristiren azken elaberria, Rosa itzuli da izenekoa. Hori euskal literaturea apurtxu bat jarraitzen daben edonork jakingo dau, seguru asko. Inork jakingo ez dauena, baina, zera da, nobelako protagonistea dan Rosak Maria izena eukala Urrestillako idazlearen apunte personaletan eta azken orduan aldatu ebala personaia nagusia deituraz. Era berean, danek jakingo dabe hogei urte igaro dirala gipuzkoarrak bere azken elaberria argitara emon ebanetik (Urregilearen orduak, 1998), baina inork ez dau igarriko nobela barri honetako pertsonaiak ganoraz atontzeko eta antolatzeko 100 bat orrialdeko biblia edo deskribapena atondu behar izan ebala, argitaletxeari bialtzeko. Ez hori bakarrik, ez dot uste inork planteu izan dauenik nobela hau, Aristiz eta bere editoreez gan, beste nonork ikutu eta editau dauenik.
Ba, hori be holan da; izan be, Pako Aristi Bergarako Idazle Eskolako maisuetako bat dogu eta eskoletara ekarten deuskuzan hamaikatxu muetatako jardueren artean, dimensino errealekoak be badagoz. Dimensino errealeko ariketak zer diran ez dakienarentzat, benetan publikauko diran testuakaz behar egitea da. Pakok, berbarako, dezentetan ekarri izan deuskuz Berrian edo bestelako egunkariren baten argitaratu behar dituan eretxi-artikuluen aleak. Gure egitekoa, orduan, originaltasuna, mezuen argitasuna, testuaren indarra, idazkerea… epaitzea da. Bai, bai, Pako Aristi epaitzen dogu, inongo lotsa edo aurreiritxi bage. Kontua da klasera ekarri euskun azken produktu pertsonala argitaratzeke egoan lan horren parteak edo zatiak zirala: gauza bat esateko modu ezbardinak proposatu geuntsozan, berben arteko sinonimia edo bestelako estrategiak gomendatu… danetarik, egia esan.
Ikasleok plazer hutsez eta ordainetan ezer eskatu barik egiten dogu behar-mueta hori, jakina; ondo dakigu ikasketa-prozesu baten barruan gagozala, hau da, eredu horreetatik ikasi baino ezin dogula egin. Bidenabar, danok gara jakitun esker onen zerrendan (seguruenik) atarako ez gaituena edo gure ekarpen pertsonalek inongo argi propiorik ikusiko ez dabena; Baina, hori bai, Rosaren borrokak, kezkak, pasadizoak eta, oro har, itzulerea irakurriko dogunean, guk danok be elaberri horren barruan ikusiko dogu gure burua eta ondo jakingo dogu, modu baten edo bestean, Rosak ikasleoi zor deuskula bere etxerako itzulerearen zati nabarmen bat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!