Telefonotik zoroetxera
2018-11-21 13:06Picasso maisuak gbe egiten eban: ez eutsien margozten ixten eta, horrenbestez, garbitu barri egozan izarak barriro pintetan zituan.
Jenteak esandakoaren kontrara, ez zan zoroa edo malapartadua. Sortzaile gazte zein zahar piloa izan da holakoa: antz-aztureak hobiraino. Horrexek izan ziran Alda Merini idazleak Pablo Picassoz eta bestelako egile frankoz La vida fácil obra semi-perfektuan eskribidutakoak. Merinik, Agenda teléfonica izeneko kapituluan, jeniotasunaz eta arrarotasunez dihardu eta, horretarako, bere mania propioak ipinten ditu eredutzat: etxean egoanean, hormetan apuntetan ei zituan telelono zenbakiak; antza danez, etxeko egunerokotasunaren anabaseak ez eutson ahalbidetzen istant beharrezkoenean boligrafo bategaz jotea. Bere liburua amaitu eta denpora batera otu nintzen, alabaina, telefono berbaldi luze-luzeak izan zituala persona benetan bereziakaz, egunean 80 bat zigarro erretan zituala eta barriketaldiotatik sortzen ziran irudietatik ernetzen jakozala bere olerki ederrenak. Era berean, ez eban bere lanetan egundo aitatu poemok bere editoreari telefonoz berbaz berba zenbatetan diktau eutsozan eta, zelan ez, ez eban erakutsi bere aparientzia dekadentea eta estutasun ekonomikoak agerikoak izanagaitik, beti perladun lepokoa eroaten ebala soinean.
Aditzera emon ez eban beste zeozer bere asaldura mentalen kontua da, hau da, hamarkada bitan zoroetxeetan sartu eta urten ibiltera behartu eutson arazoa —edo subertea–. Ume-umetatik erreferente izan dot Merini, irakurri neutson lehenengo lerrotik: escribí mi primer verso con tiza en una pizarra verde; llamó la atención de todo el mundo. Incluso a mí me cogió por sorpresa. Empezé a creerme poeta. Ezinezkoa da zorokeria, erokeria edo gatx mentala lako terminoak haren idazkera-estiloan topatea: las sombras de mi mente lez bataiotzen zituan bere episodio psikotikoak edo, zeozelan esateko, pasarte mental nahasienak. Bizitzan zehar, hareetako dezente jasan behar izan zituan, egia esan. Harrigarria begitantzen jat el manicomio fue la única vida realmente social que conocí moduko testigantzak zelako baretasunez idatzi zituan, berbon pisuaz konturatu ez balitz lez —jakina konturatu zana, ondo konturatu be—.
Salir de los centros con vida fueron realmente milagros; allí se entraba a morir: ese fue mi verdadero Premio Nobel. Aro haretan, hain zuzen be, ospitale batetik bestera emoten zituan egunak, koadernoak nahiz noten kaierak eskutan. Bitartean, haren seme-alabak beste familia batzuekaz hezi ziran eta, ganera, egoera ekonomikoa ez zan inondik inora ona —ia-ia kalean hil zan—. Bizi osoko senarragaz loturea eten ondoren, harreman barri bati ekin eutson telefonoz —Merini eta telefonoa sinonimotzat jo leitekez— eta etapa haretan lortu zituan bere garaipen literario gorenak: La Terra Santan (1984) zoroetxeetako esperientziak kontau zituan eta goian aitaturiko La vida fácil obreagaz (1996) XX. mendeko idazle azpimarragarrien klubean ate nagusitik sartzea lortu eban. Literaturea, dana dala, zinez ondo dakigu diru aldetik negozio txarra dala eta, horregaitik, ia eskale lez egin eban alde mundu honetatik. Gero, ostera, haren poemek upealako dirutzak itxi deutsoz argitaletxe nahiz erakunde piloari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!