Mozorro musikaldun politikea

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-11-19 17:04

Musikea ez da —eta ezin leiteke inoz izan— komenidu danean erabilteko politika-estrategia edo kanpaina-baliabidea.

Kulturea, zeozelan esatearren, egunero-egunero jagon beharreko landarea da; jendartean modu normalean biziraun ahal izateko, bere espazio naturalak egoki jagon behar dira eta eskatzen dauen beste denpora eskaini, umiltasunez, pazientziaz, herrigintzeaz: egunkarietako titular antzuetatik harago. Nire herrian —Gernika-Lumoz nabil, baina Euskal Herria adibidetzat hartzea be baneukan— betidanik egon izan da mobimentu-kulturalen oparotasun aitagarria; are gehiago, mobimentu-kulturalen barrenean, musikeagazko upelako atxekimendua dagoala deritxot. Zeozer izatekotan, herri musikala da geurea: egunean-eguneangoan musikea edonon nahiz edonoz igarten da. Hori bai, gure herri-ikuspuntua doinuz blai egonagaitik, beti jo izan da kontrakulturaltzat edo, bestela esanda, zeozer underground lez.

Berbarako, urteatan zehar herriari —nahiz bertoko musikari eta musikazaleei— horrenbesterainoko aterpea, babesa eta esperantzea emon deutson Iparragirre Rock Alkartearen kasura jo gura neuke. Musika-egitasmoa honen funtzionamendu-sistemea oso argia da: herritik eta herrirako egiten da behar, bakotxak ahal dauena eskainiz, autokudeaketea eredu. Hasikeran, alkarteak egundoko lanak izan zituan entsegu-lokalak, aretoa eta instalazinoak barrubatzen zituan eraikinagaz joteko. Gernikako industria-eremuan erne zan, dana dala, arnasgune dan proiektu honen hasierako hazia. Garai haretan herriko udalak, hau da, kulturearen dominak eta alkarbizitzearen galoiak janzten dituan horrek, ez eban txakur txikirik ipini proiektuaren bideragarritasunari begira.

Egin dau euririk ordutik, jakina. Gaur egun, ostera, lokal zaharkitu harek historia hutsa dira, izan be, erdigunetik hurrago dagoan areto batek bereganatu dau herriko nahiz eskualdeko musika-eszenearen arretea. Iparragirre Rock Alkarteak kabia barria dauka orain dala urte batzutatik hona. Benetan aitagarria da, bidenabar, txoko barri honen mailea, eredu zaharraren haritik tiraka, zein modu bikainean antolatua dagoan; bertatik pasau diran eta kontzertuak eskaini dituen taldeek dinoe, txalogarria dala ezelako laguntzino publiko barik maila horretako instalazinoak ezerezetik lortzea. Eta halantxe da, bai; izan be, egungo bigarren aukera horretarako be, herriko udalak ez dau zentimo erdirik aportau, herri-egitasmo hau epe ertain nahiz luzerako bideragarria izan daiten. Istorioa errepetidu egiten da, antza.

Alkarteaz beraz harago, kontua honakoa da, udalari musikearen kontua beti begitandu izan jakola indiferentea, arrotza eta lau gazte asperturen denporapasea, Baina denporea bera izan da, hain zuzen be, personoi arrazoia emon deutsiena eta orain, aldiz, eretxi publikoaren aurrean arpegia garbitzeko ordua ei da. Hori dala-eta, herriko Kultur Etxeak banatu ohi dituan kultura egitarauei gordetako diru-laguntzetatik bost bertoko musika-taldeei emongo jakez. Irabazleak Backbone —euren azken diskoagaitik: Rebirth—, Tooth —Amaierarik ez deituradun azken lanagaitik—, Dientes de Luna —Utopista albumagaitik— eta Post Pose —izen berbera daukan azken lana dala-eta— dira diru-sarion irabazleak. Ez dakit, alabaina, kasualidade hutsala izango ete dan taldeok Iparragirre Rock Alkartearen magalean sortu, hazi eta errotu izana eta ez, ostera, inongo udalen baten laguntzeari esker. Baina, jakina, hizkuntza politikoan kulturea botoen sinonimo ei da sarri eta, herriko aniztasun nahiz mobimentu musikala bultzatzea —gezur galanta dana, jakina— estrategia politiko bikaina.

Jada parterik gatxena eta nekezena eginda dagoan honetan, neronek jakin gura neukena ondorengoa da: non ete egoan udala orain dala hamar-hamahiru bat urte, alkarteak lokal zaharretako hormak eregiteko gorriak ikusi behar izan zituanean? Non egoan ekipamendu duinena lortu ahal izateko edozelako ekimenak zelan edo halan aurrera atara behar ziranean? Non egoan areto barriko proiektua aurrera eroatea adostu ostean beharrean jarri behar zanean? Ez egoan han, zuzen-zuzenean.

Eta orain, barriz, sinistarazo gura izango deuskuena izango da ongintza-kontzertu batzuk antolatu eta diru-laguntza berantiar batzuk eskaini ezkero, orain arteko miseria edo estutasun danak ahaztu leitekezala. Nik uste berandu samar dala orain arteko bakotasun danak billeteakaz makillatzen hasteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu