Tuneleko John Lennon
2018-11-16 13:19Alarguna da, hiru seme-alaba ditu eta tuneleko John Lennon lez ezagutzen dabe urian.
Lehen aldia zan Ernesto tunel-zulo haretatik pasetan zana. Rock nazionala ekarri eben aurikularrek The Beatles haundien kanta bat filtrau eben udagoieneko arrasti kamuts haretan. Tunelaren akustikea hobetzea ezinezkoa zan patuak eskainitako kanta haregaz. Bella Vistatik etorren: lan bat entregau behar eban Villa Ballesterren; Buenos Aires-i buruz gabiz, jakina. Ernestok, bapatean, bere belarriak aurikularren zamatik libretea eta kalearen asmauezintasuna sentidutea erabagi eban. Haren interesek pentsau ezineko bueltea emon eben: ordutik, ondo ekien kalea bere habitat-a bihurtua zana. Gauza berbera egin eben, urte batzuk lehenago, beragaz eskolan ibilitako Sofiak eta Guillermok; adaxka beretik jo eben, lau kale beherago bizi zan Pablok edo uriaren beste muturrean noraezean ibilten zan Carlosek. Dan-danak musikari anonimo baina trebeak.
Kalean, hanken desfilea eta prisen kadentzia upelakoa da, dana hartzen dabe biak ala biek. Tunela, barriz, egunerokotasunean oasi txiker bat —baino ez— da: jentea joateko dator, baina ailegau ahala hanka egiten daben guztien artean, bada arretea deitzen dauen gizaseme bat, tartetxu baten geratzeko gogoa sarrarazoten dabena, errealidadearen nahiz denporearen aurrean geldialdi nimiño bat eskaintzen deutsuna, ordainetan deus eskatu bage. Noz edo noz, personen zurrunbiloaren barruko bateren bat geratzea lortzen dau. Ernesto Matarozzoz nabil, hau da, Villa Ballesterreko tunel-sarrerako John Lennon partikularraz.
Ernesto paisajearen parte da, daborduko, tuneleko ekosistemearen zati da. Metafora hutsa dogu bere bizia: ordu piloa emoten dau jentearentzat trantsizino-tokia dan honetan. Denporea aurrera doa, jentea be etorri dan bidetik doa, baina berak hantxe dirau. Hogei urte daroaz gehien maite dauena egiten eta, gaur egun, haren ausentziak tunelean hustutasun-sensazinoa sorrarazoten dau. Beste berba batez: Ernestoren akordeak belarrietan jarri ezkero eta begiak zarratzen badoguz, Liverpoolen gagozala dirudi. Musikearen misterioak.
1970ean, Billinghurst urian jaiotakoak Villa Ballester hartu eban bizilekutzat. Gogoan dauka, berbarako, bere lehen urteatan goizean goiz jagiten zala eskolara joateko eta bertara bidean Penny Lane entzuten ebala. Hori bai, autortzen dau bere etxean txiki-txikitatik John Lennon entzun izan dala eta artista britainiarrarena dala bera musikeaz maitemintzearen ardura nagusiena. 1998an, tunelera lehendabizikoz sartu zanean, lanpara txikitxu bat baino ez egoan: ez egoan hormarik margotuta eta jenteak lo egiten eban, tunel-sarrerea aterpetzat hartuz. Ernesto, heldu bezain pronto, ingelesez kantetan eta behar ha ogibide lez hartzen hasi zan. Emoitzea, baina, peso bi eta berrogeita hamar zentabo baino ez ziran izan.
Zeozer egitekotan, funtzino sozial bat beteten dau Ernesto Matarozzok: eguneroko dinamikearen zati da. Adibidez, tren-geltokiko begiralea dago, kupoiak saltzen dituana edo pareko jesarlekuan begira geratzen dan soldadu jubiladua, kanta bakotxaren amaieran grande, maestro esaten deutsona, alegia. Kontua da prisaz joan arren, hasarratuta pasauagaitik, triste igaroten baldin bazara be, entzule lez, Ernestoren musikea zeure egiten dozula eta, ondorioz, terapia baten pareko zeozer egiten deutsula bere akordeakaz. Berak esaten dauen moduan, han musikea egitea ez da derrigorrezkoa; beste edozer egiten ibiltea be baeukan, baina bere biziko hogei urten eskaini deutsoz leku hari eta, hain zuzen be, horrexek betetan dau gehien: lekuari, giroari eta, batez be, jenteari bizia emoteak.
Izenburuan aitatu legez, Ernesto alarguna da: emaztea 2010ean hil jakon, asma latz baten erruz. Haren galerea, bere hitzetan, ezerezera salto egitea lakoa izan zan: Nire Jaungoikoarengan piloa sinistu behar izan neban, baita handik igarokeran irribarretxu bat eskaintzen eustan jentearengan be. Alargun izaten ikasi behar izan neban, halabeharrez; horregaz batera, aita izatea, jente mordoaren burlen motiboa eta, zelan ez, kaleko musikaria izatea be tokau jatazan. Eta ezin harroago nago. Galera haregaz, danok batera hazi besterik ezin izan genduan egin eta aurrera egin. Jente piloak dinost ia zer dala-eta jarraitzen dodan tunelean joten. Nire erantzuna ondo argia da beti: nire jenteagaitik dana emoten dot eta nire jentea nire familia eta tunelean bizia emoten deustien ezezagun danak dira. Hortaz, nire denporea familia zan tunela jagoten igaroko dot. Ez daukat horreek ez diran beste ezertarako pasinorik.
Horixe da Ernesto Matarozzoren egunean-eguneangoa: bizikleta urdina, gitarra zaharkitua eta ahotsa. Beno, hori eta aitatasunaren pisua eguneko 250 pesogaz altzetea. Istorio hau metro karratu baten bere burua hilezkor egitea erabagi eban artista kaletar batena da; pasarte hau hara eta hona pasabidean dagozan danen subkontzienteetan kanta bat itsastea lortzen dauen egile anonimo batena da. Orain dala hogei bat urte, Ernestok bere aurikularrak partikeran sartzea deliberau eban eta metro-zuloko jente presatiaren artean entzuteari ekin eutson. Villa Ballesterreko John Lennon imagine all the people, living for today abesten egoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!