Ekitearen ordainsaria
2018-11-14 11:15Umetan erakutsi euskuen mutilek ezin dabela negarrik egin —zoritxarrez—, baina zer pasetan da txapeldunakaz?
Oraingo honetan, denporan nahiz lekuan atzera salto egin gura neuke, bai nabarmen egin be. Joan gaitezan Belgika aldera, hain zuzen be, Flandria ingurura; Europa erdialdeko eremu txiker hori zeozerk ospetsu egiten baldin badau, txirrindularitzeak bertan dauen indarra da. Ziklismoa ia-ia erlijino ikutuezin bat dala esan leiteke, futbolaren edo ganerako mass media globalizaduen pare edo ganetik. Halan da ze, urtero-urtero ospatzen dan Flandriako Itzuliak —euren hizkuntzan De Ronde van Vlaanderen— egun batez herrialdea zein eskualdea goitik behera geldiarazoten ditu: garagarrileko astegoien horretan ez dago De Ronde baino afera esanguratsuagorik bai Flandrian, bai Belgikan.
Egin daigun salto, beraz, 1989. urtera —ez da salto makala, ez—: Edwig van Hooydonck flandriarrak upealako erakustaldia eskaini eban eta bere jaioterriko zein mundu-mailako egutegiko klasikorik entzutetsuena modu bikainean eskuratu eban. Van Hooydonck-ek azken muino edo berg-ean ziklismoaren munduak ezagutu dauen erasoaldirik gogorrenetakoa jo eban, behe-behetik gailurrera arte dana emonaz edo full gas joten diran aizkorakada epiko horreetakoa. Hori helmugatik hamazazpi bat kilometrotara gertatu zan, Bosberg deituradun mendatetxuan.
Hamazazpi kilometro inguruko bidegurutze partikularra inprobisau ostean, Oudenaardeko helmuga-lerroa zeharkatu eta negar baten parau zan; negar-anpuluok ez ziran eten ondoren etorritako podium-ospakizunatan, izan be, irabazleak ezin izan eutson bere sorterrian profeta izatearen emozinoari eutsi eta zeremonia osoa negar-muzinka igaro eban. Arrazoia, garaipenaz gan, haragokoa ei zan: Van Hooydonck Bosberg azpiko etxalde baten bizi ei zan familia osoagaz eta udabarriko klasika honen aurreko negu oso-osoa muino horretan gora eta behera emon eban, antza.
Edurteak edurte, haizeteak haizete, euriteak eurite, ezerk ez eban galarazo txirrindulari belgikarrak bere lanabesa egunero hanka artean hartu eta aldatz horretan behin eta barriro serieak egitea. Sari-banaketearen ondoren, ondokoa adierazo eban komunikabideen aurrean: ez dakit zenbat gau emon dodazan karrera honegaz amesetan eta zenbat egun karrera honetarako prestetan. Mila eta bat alditan ikusi izan dot Bosberg azpiko kale-argi edo farola hori eta nire sprint-ak bertatik hasten nituan, tontorreraino topera eginaz. Lasterketan etxeko danen aurretik pasau eta farolearen parera ailegaukeran, entrenamendu-saioetan horrenbestetan egindakoa errepetidu behar nebana pentsau dot eta horixe izan da egin dodana. Inork be ezin izango deutso esan, hortaz, Edwig Van Hooydonck koitaduari lan gogorrak merezidu ez dauenik — kirolean zein gure biziko edozein alorretan—.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!