Idaztea: galzorizko ogibidea
2018-11-12 13:21Ez dakit zergaitik, baina guztiz normaltzat joten dogu norbanako bat medikuarenera joatea, gorputzean gatxen bat daukanean...
Baina, era berean, psikologoarenera edo psikiatrearengana jotea arrarotzat eta larritzat daukagu. Seguru asko, ni ez naz berbagai dodan depresinoaz berbetako hiztunik onena; izan be, zeozertaz idazteak benetan merezidu dauela uste dodan bakotxean, horri ekin bezain pronto, zeozelako ansiedade- edo estres-prozesu baten sartuten naz eta, zelan ez, horrek aspektu personalean nahiz barruko ikuspuntu psikologikoan upealako eragina sorrarazoten deust.
Hori guztiori izan da azken olerki-moltsoko azken poemako azken bertsolerroa eskribitu dodanean pentsau dodana; eta ordenadorearen pantailea zarratuteagaz batera, ondokoa otu jat, niretzat erreferente esanguratsuenetakoak diran idazleetako asko eta asko depresinoak jota bizi izan zirala. Buruari bueltak emoten hasi eta niretzat erromesarentzat Codex Calistinus-a lako beharrezkoa dan La conjura de los necios liburuaz gogoratu naz, baita Ignatius Reilly protagonista koitaduaz be; era berean, liburu hori bikain idatzi eban John Kennedy Tool gizajoa be etorri jat burura, landetako loreez mintzo zan gizon ha, mapa zaharren ertzetan galduten zana, logelako ilunpean isilik nahiz mugigatx egotea miresten eban ha, kokainea, alkohola, opioa eta orfidalak nahastetan zituana eta goiz gorri baten bere bizia zaborraren poltsa baten botako ebala aurreratu euskuna. Nire ereduetako bat, hain zuzen be. Bere buruaz beste egin ostean ikusi eban bizi zan artean ezagutu bako ospe berehalakoa: La conjura de los necios mundu-mailako best-seller bihurtu zan.
Zientzialariek ondokoa dinoe: depresinoak drogamenpekotasuna, alkoholerako jokerea, jarrera antisozialak eta horreek muturrera eroanda, suizidioa sortu leikela. Jakin badakite zeri buruz dabizen. Nik neuk hauxe dinot: depresinoak iluntasuna, isilean galdutako burrukak, isolamendua, errepide estuetan egindako kotxe ordu luzeak, hipokondriakotasuna, benetako maitasuna, tabernatako argiak, liburu bustiak eta idazkirik onenak dakarz. Jakin badakit zeren ganean nabilen.
Buruari eragiten jarraituta, Leo Tolstoy, Ernest Hemingway edo Philip K. Dick gaixoez gogoratu naz: lehenengoak, Guerra y paz nahiz Ana Karenina lako lanakaz mundu osoan famea lortu ebanean, haren depresinoa tintearen bidez konfesino bihurtutea bilatu eban —arrakasta barik— eta haren ondasunak opari egin zituan, bere buruaz beste egiteko adorerik izan ez izanaren penitentzia modura. Bigarrenak, aldiz, bere bipolartasuna, psikosia, personalidade-aztoramenduak eta narzisismoa Nobel Sari batez ostendu zituan, baina ezin izan eban horreek guztiek sortutako higadurea ezkutau, eskopetea bat eskutan hartuta agur esan euskularik, 1961ean. Hirugarrena, barriz, joan zan mendeko —edo milurteko— idazlerik bisionarioena izan zala deritxot, baina gauez ikusten ebazan koloredun lerroek —gatx bisualak eta auditiboak eukazan— edo eskizofrenia-zantzuek hemendik oso urrun eroan eben.
Pentsetan segidu ezkero, Franz Kafka izen-deiturako mutiko bakarti, original eta idea existentzialdun ha gogoratu dot: genio ha. Ez naz luzaroan burua zukututen egon Virginia Woolf akordura etorri arte: urduritasunak bustita ibilten ei zan neska gazte ha, Bigarren Mundu Gerraren ostean, urez bustitea erabagi arte —partikerak harriz bete eta erreka baten hondora bialdu eban bere burua. Erreskadan etorri jataz miresten dodazan beste egile batzuen gomutak: bere burua labara botata suizidautako Sylvia Plath, gaizkile dementeen espetxean sarrarazo eben Ezra Pound edo drogen zein alkoholaren aurrekari penalak zirala-eta ospitale ilun baten hil zan Edgar Allan Poe. Dan-danak nire iruditegi bitalean erreferente.
Eta behin honeetaz guztietaz hausnartu dodala, déjà vu literario guztiak etorri jataz burura. Memoriak ekarri deustaz blog honetan kontau beharko ez nituan danak: testuen zirriborro zikin baina distiratsuak, izarren tapaki azpian goizaldez eginiko ibilaldi bakartiak, hileta-eleizkizunetako melodiak, eguerdiko kanpai-hotsak, ezkatzeko ezkerraldeko apalaren atzean ezkutautako orfidal paketea, nire begiak kanpotik ikustea galazoten daben anteojo baltzak, txanoaz burua estalita norbere lotsaz burumakur igarotako kaleak… eta merezidu dauen zeozer idazteko pasau behar izan diran danak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!