Komunikabideetatik ate
2018-11-09 16:31Euskaraldiak, prentsak, hedabideek edo sare sozialek dan-dana okupetan dabela dirudien honetan, badira euskereanganako militantzia edo borondatea modu isilean erakusten daben heroi gitxi batzuk.
Horreetako bat, nik uste, Hervé Tienou da. Mali aldetik etorritako gizasemea dogu Hervé, Euskal Herrira orain dala hiru urte bizimodu hobe baten bila hurreratu jakuna eta, zorionez, euskerearenganako bestelako ikuspuntu bat daukala erakutsi dauena. Hervék, hain zuzen bere, euskal lurretara heldu eta berehala ekin eutson gure hizkuntzea ikasteari; euskereagaz batera, ganera, atoan ulertu eban hizkuntzearen magalean ostenduta dagoan kuturea ezagutzea nahiz ulertzea guztiz nahitaezkoa dala. Hori dala-eta, eskutan hartu eban herriko abadeagaz —Pakogaz— hartu-emonetan ipini eta Alegiara joan zan bizitera, hau da, Tolosa eta Beasain artean kokatutakio herri txikitxu batera, ia-ia euskera hutsean zuztartuta dagoana. Ez zan inondik inora apostu makala izango.
Bide batez, Hervék lehenengo egunetik itxi eutson argi Pakori fede kristinaua zalako errotuta eukan eta fede horren zein euskerearen praktikante aktiboa izateko amesa be agirian itxi eutson eskualdeko abadeari. Modu horretan, apurka-apurka, euskerea ikasten joan zan —puntu honetara helduta, argitu behar da Biblia, ustezko liburu sagradua izateaz gan, hizkuntza-baliabide benetan naroa nahiz erabilgarria be badala— eta, gaur egun, Alegiako nahiz inguruetako beste herri zein auzune batzuetako abadea da. Hau be ez da inondik inora apostu makala.
Hervéren berbetan, Euskal Herrian biziteko derrigorrezkoa da euskerea eta lotuta daroan kulturea modu borondatetsuan lantzea. Osterantzean, hemen egongo gara, baina ez gara hemen biziko. Zalantza barik, orain arteko bidea ez zan erraza izango, baina, nire ustetan, Hervék gaur egungo biztanle euskaldun kontzientziadunak izan beharko leukiena erakusten dau, hau da, benetan gura dabenagaitik borrokatzen daben norbanako ilusinodunak. Testu sagraduak esku baten eta euskal hiztegia bestean, domeka bakotxa borroka txikitxu bat da Hervérentzat, baina, era berean, seguru nago borroka latzagoak pasau dituala orain arte. Bejondeizula, Hervé, eredu zara.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!