Denboran aurrera, pisuan gora
2018-11-07 11:23Obesidade edo gizentasun morbidoaren kontua gai indibiduala, norbanakoari jagokona dala buruan sarrarazoten saiatuagaitik, ezin leiteke ezelan be ahaztu afera guztiz soziala dala.
Bart ingeleseko apunte artean topau neban artikulu baten arabera, loditasun morbidoaren zenbakiak etenik bage gora eta gora egiten ari dira azken hamarkadotan Europa osoan barrena; bestela esanda, geroz eta lodiagoak, sedentarioagoak nahiz itxiagoak gara. Antza, Erresuma Batuan obesidadearen kontua ez zan aintzakotzat hartzen hasi 1988ra arte; izan be, ordura arte, ez zan gizarte-mailan hain esanguratsua begitantzen zan gai bat. AEBn, ostera, oraindino antzinakoagoa da pisu kontu hau: 1970 inguruan hasi zan mintzagai importante lez tratetan.
Horreek holan, zer dala-eta sortu zan data horreen ingurumarian —ustez, goizetik gauera— obesidadearen arazoa? Erantzuna, artikuluak dinoanez, benetan sinplea da: hamarkada hareek baino lehen, ez egoan gaur egun horren errotua dagoan konsumismoaren kultura zuztarturik. Bestela esanda, askozaz denda zein jatetxe gitxiago egozan eta, ganera, goiztarrago zarratzen eben. Hortaz, ordu jakin batetik aurrera denda itxita topau ezkero, ez egoan jan-edanik lortzeko biderik. Egun, barriz, ia-ia eguneko edozein ordu-tartetan dago, moduren baten edo bestean, jatekoa erdiesteko bideren bat. Ez hori bakarrik: jatekoa gauza preziatuagoa zan —jatea luxu kontua zan ia-ia— eta, ondorioz, elikagaien prezioak dezente garestiagoak ziran. Jatekoak, beraz, ez eukan egungo konnotazino sozial hutsala: ekintza berezia zan, preziatua eta oso eskertua.
Bestalde, gaur egun, lehen baino ariketa fisiko gitxiago —eta sinpleagoak— darabilgu: urrun geratu ziran ortuko edo soloko behar kantsagarriak, baserri-lan behartuak nahiz fabriketako egunerokotasun astuna. Gure egunotan, begibistakoa dan neurrian, hirugarren sektorea jaun eta jaube da eta, horrenbestez, bulegoko beharra gailendu da. Ulergarria dan heinean, pantaila baten aurrean burutzen dan beharrak gitxi samar dauka fisikotik. Baina, dana dala, ez dago zertan lan-alorrera mugatu: gaur egun, kotxea —edo parekoak— darabilguz, bizikletearen edo oinez egitearen ordez; internetak edozein eratako erosketak etxeko ateraino hurbildu deuskuz eta, halaber, etxetik bertatik lan egiteko hamaikatxu aukera daukaguz.
Gitxi mobitzen garela aitatu dogu eta, horregaz batera, jateko gehiago irunsten dogula, baina zer da hainbeste jaten dogun hori? Erantzuna, sarritan, erreza izan ohi da: txarrikeria hutsa. Guk berba egin barik, datueri itxiko deutsague hitz egiten: 2018a 1976agaz alderatu ezkero, gaur egun, orduan erosten genduan esne fresko erdia eskuratzen dogu baina, era berean, bost aldiz jogurt gehiago, hiru bider izozki gehiago eta —adi datu honetara— hogeita hemeretzi aldiz gozoki gehiago! Bidenabar, 1976an kontsumitzen ziran arrautzen erdia jaten dogu 2018an, baina hiru bider biderkatu da snack industrialen kontsumoa; pataten erdia erosten dogu, baina paketeetako patata frijiduen ahorakina hirukotxa da. Esan bezela, datuek eurek argiro berbetan dabe.
Horren danaren atzean, jakina, industria sofistikadu eta zehatz bat dago ostenduta. Enpresarik poteretsuenek euren potentzial ekonomikoa nahiz publizitarioa ibilten dabe gure apetitu-mekanismoak alteretan dituen azukredun produktuak kaleratzeko eta, modu horretan, kontsumitzaileok gehiago erostera bideratzeko. Berebat, ez da inondik inora be barria erakunde honeen mezu subliminalen zein marketing-estrategien ahalmena noraino heltzen dan; hori bai, askok jakingo ez dabeena zera da, psikologo- zein zienzialari-taldeak kontratetan dituela behar doguna baino gehiago jatera bidera gaitzaten, neurozientzia-teknika eraginkorrak baliatuaz.
Horregaitik —eta hau dana aintzat izanda—, seguru al gagoz obesidadearen arazoa afera indibuduala dana? Ez ete gabiz geure burua engainetan horren soziala nahiz gizartekoa dan korapilo bategaz? Eztabaidea beneten potoloa da, berbearen zentzu danatan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!