Zirkua elitearentzat, ogia herriarentzat

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-11-05 23:36
Kulturearen leihoak biztanleriari edegitea beharrezkotzat joten dogun honetan, ez ete doguz derrigorrezkoak diran ateak zarratzen sarritan?

Beste testu frankotan adierazo edo aditzera emon dodan lez, astean zehar, denpora piloa igaroten dot metroan; hain zuzen bere, metroak daukan gauzarik berezienetakoa zera da, bizimolde benetan ezbardinak dituen pertsonak ikusteko paradea eskaintzen deutsula, alegia, danatariko jentea ikusi leikela.

Gaurkoan, baina, herriko ezagun bat topau dot; berez, Madrilen bizi baldin bada be, denpora-tarte luze samarrak egiten ditu Bilbon. Berak kontau deustanaren arabera, Guggenheim museotik bueltan etorri da, benetan hasarre. Izan be, neskatila hau betidanik izan da museo horretako bazkidea  —urte osoko bonoa partikeratik atereaz azaldu deust azken hori—, ume-umetatik izan ei dau kulturearekiko nahiz artearekiko sua isiotuta eta zinez minduta agertu jat, arinagoko egunean pasau jakon zeozer dala-eta.

Antza danez, orain aste batzuk, izugarri maite dauen margolan bati urrunetik erretratu bat egitea eskatu eban, baina, jakina, Guggenheim ahalguztidunean hori ezinezkoa da. Neskatoak, behintzat, bere saiakerea egin eban. Dana dala, hasarrazo dauana ez da hori izan; benetan sumindu dauana zera izan da, orain egun gitxi, Dua Lipa abeslari, modelo eta ekoizle britainiarra bizkaitarron uriburuko museo gorenean  egon omen dala eta, zelan ez, nire lagunak aitaturiko margolanari argazki batzuk ataraten itxi eutsiela. Guggenheim ahalguztiduna baldin bada, Dua Lipa are gehiago, noski.

Ba, ahotan daukadan neska honek museora jo eta erreklamazino bat ipintea erabagi dau: kulturea danontzat hedatu eta promozionau gura badogu, dan-danok baldintza berberen pean egon behar gara. Horrexek izan dira bere iradokizun-orriko berbak. Ez hori bakarrik: kulturea ospearen zein diruaren menpeko morroitzatik librau beharra dagoala adierazo ei dau, afera honekiko atxekidura soziala bide guztiatatik bilatu gura dan garaiotan.

Eta, azken baten, hori holan dala pentsau dot, sarritan, handiguraz jokatzen dogula kanpoko argi-fokuak geureganatu nahian, bertokoak gitxietsiz edo baztertuz. Bien bitartean, MTV Awards dalako sari honeri jagokon kritika bakarra Rosalia izeneko horren —parkatu, beharbada, ni izango naz ezagutzen ez daben kokolo bakarra…— performance bikaina edo Berri Txarraken ustezko traizino nazionala baino ez dira. Hori bai, oraindino be, kulturearen, transzendentaltasunaren, artearen nahiz trendyaren epizentroa garelakoan ibiliko gara… inozook.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu