Ez bata, ez bestea

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-11-02 18:07

Atzo, etxeko danakaz Domu Santu eguneko mezan nengoala, nire buru barruko sasi-pentsamendu antropologiko batek estali eban abadearen sermoi aspergarria.

Berez, egokiena bai bataren, bai bestearen jatorria aztertzea da. Halloween jaia urriaren 31n ospatzen da eta, gehienbat, bildurrezko izakiz mozorrotzean edo truco o trato formulea erabiltean datza. Euskal Herrian, Europako leku gehientsuenetan lez, komertzializazino-maila benetan esanguratsua hartu dauen ospaketea da hau, sektore batzutan ia-ia konnotazino erlijiosoak eskuratzeko punturaino. Baina, oinarri-oinarrian, ospakizun biren arteko jai hibrido edo mimetikoa da Halloween izenez ezagutzen dogun hau, izan be, erromatarren Feralia eta pagano zelten Samhain jaien arteko konbinazinotik erne zan. Samhain deritxona, hain zuzen be, Britainiar Irletan zuztarturiko jaialdia zala uste da; bere zutabeak ondokoak dira: etxeen atarietan jatekoa ixtea —espiritu onak erakarteko— eta katamaloak janztea —heriotzea bildurtuteko—.

Domu Santu, aldiz, Vatikanoan errotu eban Gregorio IV.a Aita Santuak, goian aitaturiko ospakizun paganoa sakralizetako asmoz, Santu Guztien eguna sortuz. Modu horretan, urriaren 31a Santu Guztien gaua edo Santu Guztien bezperea lez bataiotu eban eta zemendiaren 1a, ostera, Santu Guztien eguna bezela. Jai barri honek, ganera, bere aurrekariaren zenbait zantzu eukazan: kristinauak etxerik etxe joaten ziran jateko nahiz edateko eske, gero gosez egozanei karidadez emoteko eta, holan, espiritu onak erakarteko —hortaz, Samhaineko helburu berbera eukien, baina estilo ezbardinagaz—; tradizino paganoan jana zein edana etxeen atariatan ixten eben heinean, barriztapen honetan etxerik etxe eskean joaten ziran.

Garai honetan sortu zan truco o trato lez ezagutzen dogun usadioa, neronek trukoa edo tratua bezela itzuli dodana. Ohitura horren arabera, umeak gaueko izakiz mozorrotzen ziran etxez etxe joateko, hau da, gaur egun ezaguna dan moduan —edo oso modu antzekoan, sikiera—. Tradizino honen hasierea, bide batez, Frantzia iparraldean emon zaala dirudi, hau da, zeltek gehien iraun eben Europako lurralde baten. Ez dot uste kasualidade hutsa izango danik.

Dana dala, Halloween jaia nonbaiten ezagun bihurtu baldin bada, Estadu Batuetan izan da. Ustez, irlandar etorkinek eroan eben ohiturea Amerikara, bizimodu oparoago baten bila alde egin ebenean. Estaduetan, barriz, ospakizunak upelako komertzializazinoa jasan eban eta ohituren artean eskutitzak, pastelak, gozokiak, mozorro estrafalarioak, gehiegizko dekorazinoak nahiz kalabaza zulotuak sartu ziran. Ezaugarri komertzial horreek guztiek Europarako bidea egin eben atzera eta Mendebaldean sendo-sendo ezarri ziran: Ingalaterran, Frantzian zein Alemanian. Gitxi gorabehera, ezarpen gogor honegaz hasi zan gaur egun Halloween lez identifiketan dogun jai entzutetsua.

Honegaz danagaz batera, alabaina, Europako beste herrialde batzuetan —horreetako agirikoena, berbarako, Polonia da— jaialdi honek ez dakar horrenbesteko farandularik, handitasunik, apaindurarik eta zeresanik. Hori bai, Polonian Domu Santu eguna dezente inportantea da, tradizinoz herrialde benetan erlijiosoa —katolikoa— da-eta. Geurean egiten dogun modura, bertan be, mezatara joaten dira, familiakideak bisitetan ditue kanposantuetan, kandelak isiotzen ditue, lorak itxi, eta abar.

Zer da euskaldunagoa? Zer da herrikoiagoa eta geure-geureagoa? Erantzuna, nik neuk, behintzat, ez dakit. Batetik, argi dago Halloween kanpotik etorritako tradizinoa dala, oraindino be gure gizartean —uriburuak edo biztanleriaz potoloak ez diran herriguneetan, esate baterako— txertatzen dagoalako eta, berebat, ohituraz bertokoak ez diran usadioz josita dagoalako. Bestetik, ostera, horren euskalduntzat joten dogun Domu Santu eguna be, ezin leiteke guztiz bertokotzat jo, oinarriz atzerritik inportautako zeozer dalako —tradizino zeltea da, gerora erromatar kutsua jaso ebana—.

Gaurkotasunean, mundu osoko influentzia edo ekarpenak barruratu geinkez, sare sozialei, internet-sareari, komunikabideei nahiz mass media globalizaduari esker; horregaitik, eta euskaldunok be munduko biztanleak garela behin eta barriro aldarrikatzen dogunez, Halloween ospakizun global baina euskalduntzat jo behar geunke. Baina euskal usadioetako asko eta asko jatorri zeltako zehetasunez osotuak dagozanez eta erromatarrek gure lur txiker honetan eduki eben eragina zinez itzela izan zanez, Domu Santu egun ustez euskaldun eta sanoa ezin geinke bene-benetan bertokotzat jo. Ondorioz, euskalduna bietako bat bere ez dala baieztauko neuke baina, aldi berean, biek ala biek jaso dabela euskalduntzat joteko baiezko borobila biztanleriaren —normala danez, edade-tarte desbardinetakoen— partetik. Gaur, beraz, ez dago erantzun zehatzik; abadearenak kenduta, jakina.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu