Ahanzturarako hiru disko

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-10-31 16:57
Disko batzuk madarikatuta dagoz, ez izan zalantzarik

Ez hareen kontrako vudurik egin dalako, ezta —batzuetan— bereziki txarrak diralako be, denporeak albo batera itxi ditualako baino, eta zaleek, taldeek edo diskoetxeek ukatu dituelako, hainbesteraino non batzuetan ez baitira berrargitaratu —Interneti eskerrak eskura daukaguz gehienak, egun—. Taldeen aldaketa-garaietako ondorio izan ohi dira, edo, bestela, desintegrazino-prozesuena; adibide klasikoa Velvet Undergrounden azkenengoa da, Squeeze (1973), Doug Yuleren lidergopean burutua Lou Reed zein taldeko gainontzeko jatorrizko partaide guztiak abiatu ostean: mitoak zera dino, ez dala benetan Velvet Undergrounden lana, Yulerena baizik; baina niri beti begitandu jat nahiko velvetianoa dala, opus oso minor bat bada bere.  Artikulu honetarako beste hiru aukeratu dodaz.

The Doors, Other Voices, Elektra, 1971.

Inoz fisikoki esku artean izan dodazan disko madarikatuen artean The Doorsen azken aurrekoa aukeratuko dot lehenengo eta behin, nahiz eta bardin hartu ahako neukeen azkenengoa, Full Circle (1972), bere azal dalinianoagaz. Baina Other Voices, seguru asko, hobetxuagoa da, eta musikearen ikuspuntutik ez neuke esango urte bereko L.A. Woman famatuaren azpitik dagoanik. Ados, bertan ez dago Riders in the storm bat, baina In the eye of the sun, Ships w/Sails edo Hang on to your life-k taldearen edozein bildumatan agertzeko merituak daukiez, nik uste; L.A. Woman, bere osotasunean hartuta, ez da taldearen lanik onena be —beti pentsau izan dot hareen lehenengoa, 1967ko homonimoa, izan zala gailurra, eta handik aurrerakoek, onak izan arren, maila bat beherago joten ebela beti—. Baina, ai ene, disko honetan Jim Morrisonek ez dau ezinbesteko arrazoiengaitik kantetan eta horrek, nik uste, kondenau dau ostrazismora. Ados, Robby Krieger, John Densmore zein Ray Manzareken ahotsak ez dira beste munduko ezer, baina noiztik behar izan da ahots on bat rocka abesteko? Aurrera egiten saiatu ziran Morrison bage, hona hemen probea, baina laster konturatu ziran legendea mimetea etekingarriagoa zala. Eta, ondorioz, Other Voices molestia bat izan ahal zala hareen kanonaren erreprodukzinorako…

The Clash, Cut The Crap, CBS 1985.

Gaurkoan hautatu dodazan diskoen artean hau da, ezbairik bage, niretzat txarrena; bera dogu, ostera, dendatan edo Spotifyn errez lortu ahalko dogun bakarra. Baina horrek ez deutso madarikakotasunik kentzen, inondik inora: clashzaleek apenas aitatzen dabe, eta gurago izaten dabe Combat rock (1982) jotea taldearen benetako azkenengo diskotzat. Ez jake arrazoirik falta: Topper Headon bateria-jolea ez egoan jada hareekaz —aurretik bota eben, heroina kontuak zirala medio—, eta Joe Strummer nahiz Mick Jonesen arteko tentsinoa handitzen joan zan denborearen poderioz, azkenekoa taldetik urten zan arte —Big Audio Dynamite sortzeko, zeinen lehenengo diskoak dezente interesgarriagoak subertau ziran Cut the Crap hau baino—. Gauzak holan, geratu ziranak, hiru mertzenario ahazgarri kontratau ostean, eta London CallingSandinista! eta Combat Rock LPetan zehar egindako garapenari bizkarra emonaz, lehenengo garaietako punk izpiritua berreskuratzen saiatu ziran disko barrian —operazino-mota hori beti izaten da susmagarria, musikearen businessean—. Alperrik: kantek ez eben arimarik, soinuaren gogortasuna ez zan sinesgarria, ezta azalak eukan pastitxe usaina be. Produkzinoa, guztiz ochenteroa —kanten atzean entzuten diran makinatxo eta bateria elektroniko horreek guztiak—, errematea izan zan. Bale, This is England hareen aurreko singleren bateko B alde onargarria izan ahalko zan, baina ez dago askozaz be gehiago. Berehala banatu ziran; eta, egia esateko, eskerrak.

Echo & The Bunnymen, Reverberation, Korova 1990.

Estimu berezia deutsiet, oro har, psikodelia ukituak dituen diskoei, eta horregaitik maite dot Untxitxogizonen hau. Orokortasunetik begiratu ezkero, Liverpoolekoen disko gehienek daukie psikodeliatik zeozer, baina honako honetan modu berezian azpimarratu eben, beharbada, Madchester mobidea puri-purian egoalako urte hareetan eta unean uneko modearen arrastoan jartzea aukera ona izaten dalako. Baina disko honen ezaugarri nagusia Ian McCulloch jatorrizko kantariaren absentzia da: edozein Amaia Montero lez, bakarkako karrerea egitera joana zan urte pare bat lehenago. Gainontzekoek, barriz, Noel Burke ezezaguna ipini eben haren lekuan eta disko hau grabau; ez eban arrakasta handiegirik izan —McCullochek atera zituan bi diskoakaz gertatu zan antzera, egia esan— eta taldea desegin zan. Kontua da McCullochek eta besteek taldea berregitea erabagi ebeela 1997an, eta, afterpunkaren nostalgikoon pozerako, taldearen bigarren bizitza sendo bati ekin deutsiela orduz geroztik —estudioko sei disko barri eta guzti: garai klasikokoak baino gehiago, daborduko—. Baina McCullochek ezin eban bere kideen irristada ha parkatu, eta, Stalinek Trotsky bezela, Reverberation taldearen historia ofizialetik desagerrarazi dau, nahiz eta diskoa, sinestu egidazue, ez dan inondik inora be txarra. Ni Burke gaixo ahaztuaz oroitzen naz, eta garagardo basokada on bat opatzen deutsat, bere diskoa etxean ipinten dodan bakotxean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu